Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Goi Ikuskaritzako Organoaren zuzendaria

Gizarte zerbitzuen oraina eta geroa

Lide Amilibia Bergaretxe
2025eko urriaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskadiko Gizarte Zerbitzuen Sistemaren prestazio eta zerbitzuen Zorroari buruzko dekretuak eraldaketa sakona eragin du gizarte eskubideen bermean. Berau onartu zenetik hamar urte igaro dira, eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak dekretuaren ezarpenari buruzko ebaluazio zorrotza egin du, egindako aurrerapenak eta mantentzen diren erronkak ondo aztertuz.

Arau-esparru horrek zehaztasunez definitu ditu Euskadiko herritarrek eskura ditzaketen prestazioak eta zerbitzuak, Gizarte Zerbitzuen Legearen katalogoan jasota daudenak. Helburu nagusia: gizarte-arretako sistema unibertsal, zuzen eta kalitatezkoa finkatzea, askotariko eta etengabeko bilakaeran dagoen gizarte baten beharretara egokitua.

Ebaluazio-prozesu horretan, profesionalek, erabiltzaileek, administrazio publikoek, gizarte-erakundeek eta funtsezko eragileek hartu dute parte, hausnarketa-ariketa kolektibo batean. Balantze orokorra positiboa da: dekretuak gizarte-zerbitzuetarako eskubide subjektiboaren aitorpena indartu du, irizpideak zein baliabideak bateratuz eta sistemari egonkortasuna eta ikusgarritasuna ematen dion amankomuneko hizkuntza ezarriz. Eskumenen banaketa ere argitu du, erakundeen arteko koordinazioa erraztuz eta zerbitzuak ematean erabaki diskrezionalak murriztuz.

Hala ere, diagnostikoak hobetu beharreko arloak daudela erakusten du. Besteak beste, honako hauek dira muga nagusiak: zerbitzuen lurralde-ezarpenaren eta udal-ezarpenaren arteko desberdintasunak, udalerri txikietan lehen mailako arreta hedatzeko zailtasunak, eskumen-kontuengatik arreta ematen jarraitzeko arazo batzuk, sarbidea zailtzen duen burokratizazio handiegia, finantzaketa handitzeko beharra, eta gero eta agerikoagoak diren egoera konplexuei arreta emateak planteatzen dituen erronkak.

Hausnarketa kolektiboak hainbat gomendio eman ditu Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema sendotzeko bidean aurrera egiteko. Horien artean, Zorroari buruzko Dekretua malgutzeko beharra nabarmentzen da, genero ikuspegia, komunitarioa eta intersekzionala txertatuz; udalen eta foru aldundien arteko integrazioa eta zerbitzuak batera ematea sustatzea; zerbitzuetarako sarbide malgua eta pertsonalizatua erraztea, erabakiak hartzerakoan erabiltzaileen protagonismoa sustatuz; tokiko zerbitzuen bidez prebentzioaren ikuspegia indartzea, eta ebaluazioa, kalitatea eta berrikuntza bultzatzea. Lehentasunezkoa da, halaber, legeak eta dekretuak aitortutako eskubideei buruzko informazioa herritarrei helaraztea. Biztanleriaren sektore handi batek ez ditu eskubide horiek asko ezagutzen.

Era berean, ezin ditugu sistema tenkatzen duten eta erantzun arin eta koordinatuak behar dituzten erronka estrukturalak ahaztu: zahartze demografikoa, iraupen luzeko zainketen eskaera areagotzea eragiten duena; irisgarritasun unibertsalaren beharra ingurune komunikatibo eta fisikoetan, bizi-eredu independentea bultzatuz desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea; familia-ereduen dibertsifikazioa zaintzarako, kontziliaziorako edo haurren arretarako laguntza-premiak areagotuz eta etorkinen biztanleriaren hazkundea, behar bezala integratzeko baliabideak behar dituena.

Gizarte Zerbitzuen Sistemaren erronkei aurre egiteko, finantzaketa hobetu behar da. 2019an, zorroaren gastu korronte publikoa 1.131,3 milioi eurokoa izan zen. 2030erako gastu hori 1.694,2 milioi eurora iristea aurreikusten da, Gizarte Zerbitzuen II. plan estrategikoaren datuen arabera.

Horrela, Zorroari buruzko dekretuaren hamargarren urteurrena lortutako aurrerapenak ospatzeko eta, aldi berean, gure gizartean pertsona guztien ongizatea eta gizarteratzea bermatuko duen berrikuntza sakona bultzatzeko aukera bihurtu da, eta, horretarako, ezinbestekoa da egungo errealitatera hobeto egokitutako esparru juridiko berri batez hornitzea. Anbizio handiko erronka da, eta urteetako lana eta inplikatutako eragile guztien lankidetza estua eskatuko ditu, baina aukera paregabea da Euskadiko gizarte-zerbitzuen sistema indartzeko eta eguneratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.