Gogora, eta Memoria Historiko eta Demokratikoaren lege-proiektua

Amagoia Arrieta
2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Memoria Historiko eta Demokratikoaren Lege-proiektu berriak bere ibilbideari ekiten dion bitartean, artikulu honetan Gogora fundazioak Gerra Zibileko biktimei buruz egindako lanari buruz hausnartu eta galdetzen da.

Gerra Zibilean Euskadin izandako hilen datu-basearen web bertsioak 20.000 hildakoren baino gehiagoren fitxak ditu. Datu base «aitzindaria» dela azpimarratu ostean, Gogora institutuak «memoria partekatua, irekia, inklusiboa, kritikoa eta etikoa» eraikitzea sustatuko duela esan du Artolazabalek. Horri heldu nahi nioke, errespetu osoz egingo ditudan galdera batzuekin.

1. Navarra 1936. De la esperanza al terror liburuaren egilea den Altaffaylla elkarteari galderak:

Bidezkoa al da, adibidez, Gogoraren zerrendan EAJko militante Fortunato Agirre, Lizarrako alkate maitatu eta errespetatua sartzea? Edo Nafarroan jaio eta hiltzeagatik bakarrik, automatikoki azterketa honetatik kanpo geratzen da, zortzi hamarkada geroago?

2. Eva Ferreirari galderak, EHUko errektore gisa:

Eva Ferreira EHUko errektore berriak bere kargua hartu zuenean, unibertsitatearen papera eta egungo «garai gorabeheratsuetan» oinarri zientifiko sendoa izatearen garrantzia azpimarratu zuen.

Gogorak egindako lanak biktimen zerrenda guztiak (21.152 izen), emakumeak (984 izen) eta gizonak (20.136 izen) izenekin bateratuak erakusten dituenez, hauek dira Eva Ferreirari EHUko errektore gisa egindako galderak:

Gogora institutuaren webguneak bilatzaile oso on bat duenez, adibide gisa, Leitza izena bilatuta hamabi izen ateratzen zaizkigu.

Zerrenda honetatik, frankisten aldeko hiru hildako aukeratzen dizkizut: Cristobal Echave Labayen (Gipuzkoan hila), Juan Zabaleta Cetan (Araban hila) eta Jose Sagastibelza Irastorza (Bizkaian hila). Hauek gaur egun Leitzako San Migel elizaren sarreran bere oroimenez dagoen plakan ere irakurriko dituzu.

Gogoraren zerrendan ez da sartzen Lizarrako alkate Fortunato Agirreren izena, Nafarroako lurretan jaio eta hil zelako, eta bai, ordea, frankisten alde baskongadetako gerran hil ziren jatorrizko nafarrak.

Ba al dago aurrekaririk mundu akademikoan?

Bidezkoa al litzateke Stalingradoko guduan hildakoen zerrenda berean inbaditzaile alemanak eta defendatzaile errusiarrak sartzea?

Pearl Harbour-eko erasoan hildakoen zerrendan japoniarrak eta amerikarrak sartzea komeni al da?

Edo beste adibide berriago bat: norbaitek egoki ikusiko luke Dorre Bikien aurkako erasoaren ondoriozko biktimen zerrendan sartzea, erasoaren ondorioz sortutako eta hegazkinetan zihoazen bahituekin bat, eraso suizidak egin zituzten bahitzaileak?

3. Elkarte feministei egindako galderak:

Eztabaida honetara gonbidatzeko asmoz, gertatzen den horretan ere inplikatuta baitzaudete. Galdera hauek EITBko atzerriko berriemaile diren emakumeei ere zuzentzen dizkiet, jakin nahian: ezagutzen dituzue antzeko kasuak lan egiten duzuen atzerrietan?

Zuzena al da gerra zibilean biktima izan ziren emakume guztiak (984 izen) zerrenda bateratuan sartzea?

Iruditzen zait errepresio frankistaren biktima diren emakume horiek zerrenda bateratuetan sartuta berriro ere umiliatu egiten ditugula, nahiz eta ziur nagoen zerrenda bateratuan sartu dituztenek ez dutela asmo horrekin egin.

4. Galderak tokiko memoria historikoaren elkarte guztiei:

Dakizuenez, frankismoak bere aldean hildako guztiak goraipatu zituen, beste aldekoez ahaztuta.

Halaber, gauza bat da herri baten historian herriko bi bandoetako jendea aipatzea, eta bestea, Gogorak egin duena: tropa inbaditzaileko pertsonak ere sartzea.

Zerrenda bateratuena biktimekin kontsultatu dute? Zuekin?

Zertarako balio du gorpuak Erorien Haranetik atera eta Euskadira ekartzeak frankistengandik bereiziz, gero haien izenak Gogoraren zerrendetan falangista horien ondoan jarriz gero?

5. Ibarretxe jaunari galdera:

Hasteko, begirunea zuri ere. Jakina denez, erakundeen utzikeria luzearen ondoren, zu izan zinen Eusko Jaurlaritzan Memoria Historikoa bultzatu zenuen pertsona; beraz, galdera nahitaezkoa da.

Gogoraren zerrendaren barruan baskongadetan hildako dozenaka faxista italiarren izenak daude, kolpe militarra babestera etorri zirenak, jakina.

Zer egiten dute faxista italiar horiek frankismoak errepresaliatutako pertsonen zerrenda batean, non aldarrikatzen baita Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren biktimen memoria, aitortza eta erreparazioa sustatzea eta printzipio eta balio etiko eta demokratikoak sustatzea?

Nik badaukat etxeko bat frankistek fusilatu zutena Gogorako zerrendan, eta ez zait txukuna iruditzen bere izena ateratzea zerrenda batean kanpotik etorritako falangista eta Mussoliniren faxista italiarrekin. Auzo-lotsa ere sentitzen dut!

80 urteren ondoren hau!

Datu horiek baieztatu ondoren, eta banan-banan zerrendako fitxa guztiak irakurri ondoren, Gogoraren zerrenda bateratuaren aurkezpenari buruzko azken bi galderak Mikel Aizpuru, Josu Txueka, Xabier Irujo eta Emilio Majuelo historialari errespetatuentzat ere derrigorrak dira:

1. Benetan, lan ona al da Gogoraren zerrenda bateratuena?

2. Edo, aitzitik, erakunde-ikuspegitik eta Memoria Historikoari dagokionez, Bigarren Mundu Gerraz geroztik Europan egin den txapuzarik handienetako bat da?

Are gehiago, Gogoraren zerrenda bateratuan arlo zibilaren eta militarraren arteko hesia suntsitu egiten da eta, egiazki, italiar faxistak aipatuz, seguru asko ez lukete onartuko ezta italiar demokratek ere beren herrialdean.

Bestalde, zer titulu akademiko dute Gogoraren lan honen egileek?

Hori diot, halaber, uste baitut Gogoraren aurkezpen-lana ez dela historialari konpetenteen lana, eta argi dagoela Memoria Historikoa berreskuratzeko irizpide historikoak desagertu egin direla, beste batzuk sortzeko.

Artikulu honetan aipatutakoa eta galdetutakoa pertsona guztiekiko errespetuz idatzi dut.

Adeitasunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.