Ibon Artola. Euskal Herria Sozialistako kidea

Greba orokorra eta borrokaren jarraipena

2011ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Burgesia krisiaren luzapena erabiltzen ari da langile klasearen konkista sozial guztiak suntsitzeko. Gizarteko gehiengoaren bizi baldintzak izugarri kolpatzearen kontura bakarrik ase daitezke kapital finantzarioaren interesak. Ez dago erdibiderik. Azken hilabeteetan izandako gertakari politiko guztiak oinarrizko dinamika horrekin lotuta daude eta gainerakoaren bidea eta erritmoa markatzen ditu.

Uztailaren 29an, PSOEren Gobernuak hauteskundeen aurrerapena azaroaren 20rako iragarri zuen. Ezin izan zuen jasan burgesia espainiarraren eta internazionalaren presio bikoitza. Abuztuaren 26an, ministroen kontseiluak lan erreforma berri bat onartu zuen: aldi baterako kontratuak kateatzearen muga deuseztatzen du, eta formakuntzako kontratuen aplikazioaren adina luzatzen du, 30 urtera arte. Horren ondoren, PSOEren Gobernuak erreforma konstituzionalari buruzko akordio bat egin zuen PPrekin. Erreforma horri esker, bankari ordaindu beharreko zorrak «erabateko lehentasuna» du aurrekontu publikoetako beste edozein partidaren gainetik.

Sindikatuetako zuzendaritzak erreforma konstituzionalaren aurka agertu ziren, komunikatuen eta prentsaurrekoen bitartez. Baina egoerak neurri askoz eraginkorragoak eskatzen ditu, eta sindikatuen estrategian benetako aldaketa erradikala. Erasoak geratzeko indarra ez dago parlamentuan eta demokrazia instituzional burgesaren mekanismoetan. Gune hau erosoagoa eta maneiagarriagoa da boteretsuentzat. Indarra kalean dago, langile klasearen antolakuntzan, borrokaren, parte hartzearen eta kapitalismoaren aurkako alternatibaren defentsan. Beharrezkoa da gehiagora joango den eta jarraipena izango duen langile klasearen mobilizazio plan bat, oinarrizko puntu gisa greba orokor berri baten deialdia izango duena.

Enpresak ixtearen eta kaleratzeen aurka

Azkenaldiko eraso hauei guztiei enpresa itxierak eta kaleratzeak gehitzen zaizkie. Eta jarraitu egingo du. Mehatxu hauen aurrean ere, beharrezkoa da sindikalismo borrokalaria. Enpresak kaleratzeetara edo enpresa ixtera jotzen badu bideragarritasun arazoak argudiatuz, kontu liburuak irekitzeko exijitu behar da. Enpresak esaten duena egia bada, hau da, enpresa bideragarria ez bada, beharrezkoa da administrazioei langileen kontrolpeko enpresaren nazionalizazioa exijitzea. Bankuak salbatzeko izan duten diru publikoa lanpostuak salbatzeko erabili behar da. Hori da alternatiba bakarra enpresa itxierei eta kaleratze masiboei aurre egiteko. Baina hau borrokarekin soilik lor daiteke.

Oinarrizkoa da zuzendaritza sindikalek borroka egutegiak antolatzea eta poligonoetan, herrietan eta auzoetan propaganda egitea, egoeraren berri emateko eta mobilizazioak antolatzeko. Horretaz gain, kaleratzeei eta enpresa itxierei aurre egiteko modu onena, gatazkan dauden edo arazoak dituzten enpresetako borrokak koordinatzea eta bateratzea da. Oso zaila da lanpostuak enpresaz enpresa defendatzea. Arazo berdinen aurrean, langileen indarra biderkatu egiten da mobilizazio bateratu eta koordinatuekin. Hori da bidea, langile klasearen borroka antolatu eta koordinatua.

Alde horretatik ere, lanpostuak defendatzea enpresaz enpresa borrokatuta zailagoa den bezala, hitzarmenen aurkako erasoak sektorez sektore geldiaraztea ere zailagoa da. Horregatik, beharrezkoa da agintari sindikalek sektore guztietako borrokak elkartzea: metala, arte grafikoak, eraikuntza, osasuna, hezkuntza, garraioak, zerbitzuak, sektore publikoa…

Langile klasearen eta gazteriaren zeregina

Eraso guztiak geldiarazteko, beharrezkoa da borroka errebolta sozialerantz eramatea eta bertan langile klaseak eta gazteriak paper protagonista jokatzea. Horretarako, beharrezkoak dira estrategia politiko iraultzailea eta eztabaidarako benetako metodo demokratiko eta adiskidea, iritziak emateko eta kritikak egiteko erabateko askatasuna duena. Ekintza batasuna oinarrizkoa da. Klaseko sindikatuek, ezker abertza-leak, M-15 mugimenduak, ezkerreko erakundeek, langabeek, langile etorkinek eta gazteriak fronte bakar zabal bat bultzatu behar dute kapitalisten eraso planak atzera botatzeko borrokan. Greba orokorra ezin da izan bukaera, mobilizazio gehiago eta zabalagoak ekarri eta erasoak geratuko lituzkeen prozesu baten hasiera baizik.

Borroka hau greba orokor europarrera bideratu behar da, langile klasearen erabateko batasun internazionalera, beren ezberdintasun nazional, linguistiko edo kulturalen gainetik.

Modu bat dago krisia eta berak sortutako arazoak amaitzeko eta, gainera, gizarteko gehiengoari mesede eginez: finantza sistema osoa eta enpresa estrategikoak langileen kontrolpean nazionalizatu eta gehiengoaren zerbitzura legokeen inbertsio eta ekoizpen plan bat martxan jarri, gastu soziala masiboki handitu eta banku handiei eta espekulatzaileei egin beharreko zor publikoaren interesen ordainketa indargabetu. Horrela bakarrik izango da posible gehiengoaren zerbitzurako benetako demokrazia ezartzea eta bankariak jaun eta jabe diren gaur egun-go fartsa demokratikoa amaitzea.

Badaude baldintzak borrokarako eta alternatiba iraultzaile eta sozialista eraikitzeko kapitalismoaren gainbeheraren eta injustizien aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.