Medikuak

Greban egon gara

Isabel Canales Arrasate eta Virginia Canales Arrasate
2025eko abenduaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Medikuok greban egon gara ezin dugulako gehiago, poliki-poliki normalizatuz joan garelako onartezina zena, onartezina dena.

Onartezina da 24 orduz jarraian lan egitea. Orain dela urte batzuk 24 ordu gehi hurrengo eguneko zazpi lanorduak ziren, honako argudio hauek zirela medio: «Horrela izan da beti», «ikasi behar duzue», «alferrak zarete etxera joaten bazarete», «zuen lankideek gainkarga izango dute zuek lotara joanez gero»... Horrela hasi ginen, horrela hazi gara, horrela hezi gintuzten; baina beti izan dugu argi ez zela normala. Eta ez dugu honek guztiak horrela jarraitzea nahi. Onartezina da 70 eta 80 ordu arteko lan asteak izatea, guardietako orduak ez kotizatzea, edota guardietako orduengatik lanaldi normaleko orduengatik baino gutxiago kobratzea.

Onartezina da Lehen Arretak merezi duen arreta ez jasotzea, urtetik urtera gure lan-baldintzek okerrera egitea. Ordezkorik ez izatea gaixotzen garenean, oporretan gaudenean edota edozein baimen hartzen dugunean. Murrizketak ez ordezkatzea, lan berbera egitea denbora laburragoan eta gutxiago kobratzea lanaldi murriztuan zaudelako. Ohiko bihurtu da askotan bi medikuk egin behar duten lana bakar batek egitea, inoiz lau medikuk egin behar dutena bakar batek egitea. Akatsak, segurtasunik eza, neke kronikoa normaltzat jotzea onartezina da, asistentziak ikerketa eta dozentzia zapaltzea. Eta hori ere normalizatu egin dugu. Ez dugu onartuko zaintzeagatik gu gaixotzen hastea.

Bokazioa erdigunean zegoela hazi ginen. Baina bokazioa ez da esplotazioa. Bizitza, zaintza, arnasa, atsedena, disfrutea ez dituen bokazioa ez da bokazioa, beste gauza bat da. Tratu txar egiturazko eta kroniko honetan, jakin beharko genuke ze arrazoi kontzientek eta inkontzientek mugitu izan gaituzten geure buruaz ahaztera, geure burua ez zaintzera. Gehiegi ematen duena erre egingo da. Egoera anker baten aurrean defendatzen ez garenean, hein batean geure buruari egiten diogu eraso. Ikasitako indefentsioa da. Paperean hau jartzea, greba hau egitea, gizarteari azaltzea zelan sentitzen garen, armairutik irtete bat ere bada. Beti nekaezin, boteretsu, heroitzat hartu izan diren medikuak hauskorrak dira. Eta ezin dugu gehiago.

Greba honen bitartez geure burua zaintzen, pazienteen kalitatezko arreta borrokatzen eta ezinbestekoa den osasun sistema publiko eta unibertsalaren alde egin dugu. Hurrengo urteetan, hamaika aldaketa sakon datozen denbora honetan, ondo baino hobeto pentsatu beharko da zelan egingo diogun aurre medikalizatuta eta zahartzen ari den gizarteak daukan erronkari. Osasunaren gainean %90eko eragina duten determinatzaileak bultzatu egin behar dira, sozialak barne, besteak beste desberdinkeria gutxituz. Osasun sistemak osasunaren gainean %10eko eragina baino ez dauka, baina beharrezkoa denean ezinbestekoa da. Pazientea ezagutzeko eta kalitatez laguntzeko denbora duen Lehen Arreta, lehenik eta behin. Frogatuta dago hamabost urtez familia mediku berbera izateak Larrialdietako zerbitzua %30, ospitaleratzeak %28 eta heriotza tasa %25 jaisten dituela. Lehen Arreta indartsu bat duen gizarte batek gutxiago beharko du ospitalekoa, eta hau beharrezkoa denean eta, bada, ezinbestekoa izango da ospitaleko langileak zaintzea. Medikuak zaindu egin behar dira.

Pertsona guztiak, langile guztiak, osasun langile guztiak, zaindu egin behar ditugu. Medikuok ditugun berezitasunak kontuan hartu behar dira. Gugatik eta belaunaldi berriengatik da borroka hau. Medikuongatik eta geu ere izango garen pazienteengatik. Gugatik eta gizartearengatik. Belaunaldi berriek ez ikusteko beren burua derrigortuta pribatura joatera, atzerrira alde egitera edota medikuntza uztera, gehiago ezin dutelako.

Zaindu dezagun geure burua besteak zaintzeko.

Honela dio Robek: «Todos sabemos que una utopĂ­a es algo imposible, pero es imposible en ese momento. Cuanto mĂ¡s dificil sea el plan, mĂ¡s orgullosa estarĂ¡s de Ă©l. Y si es imposible, mejor aĂºn. Porque en el fracaso tendrĂ¡s tambiĂ©n la gloria» (Guztiok dakigu utopia bat ezinezkoa den zerbait dela, baina une horretan soilik da ezinezkoa. Plana zenbat eta zailagoa izan, orduan eta harroago egongo zara horretaz. Eta ezinezkoa bada hobe, huts egitean aurkituko baituzu arrakasta). 

Eta eskatzen ari garen hau ez da utopia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.