Gu ere joango gara Anahitasunara

Alizia Iribarren Helios del Santo
2015eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Euskaltegien aldeko manifestazioak, Korrika bi urtean behin, itxialdiak, murrizketak salatzeko ekintzak, Hezkuntza Sailean kateatu, gose-grebak, besta giroko hamaika ekitaldi... Oso oparoa izan da helduen euskalduntzearen aitortzaren aldeko ibilbidea azken hamarkadetan: etengabea, gogorra. XXI. mendean gaude, 2015eko apirilean; baina oraindik ere, Nafarroako Gobernuak ez du inolako harremanik Nafarroa osoan aritze garen herri-ekimeneko euskaltegiokin, sustapenik ez, diru-laguntzarik ez. Plangintzarik ere ez duela gehitu behar genuen, baina kale eginen genuke. Ziurrenik, oso plangintza zehatza eta argia dute gobernukoek: IKA eta AEKren euskaltegiak ekonomikoki ito, sozialki baztertu eta gure desagerpena eragin, euskararen normalizazioari, beste behin, kontrako norabidea hartzera behartuta.

«...galduko ditut aziendak, soroak, pinudiak; galduko ditut korrituak, errentak, interesak... armak eta eskuak kenduko dizkidate...»

Hala eta guztiz ere, inor baino aberatsagoak gara. Gure kontu korronteak hutsik daude, baina zoriontsu baino zoriontsuago bizi gara ongi egindako lanak sekulako poza ematen baitigu. Inor baino harroago sentitzen gara gaur egun Nafarroan euskal hiztun asko eta asko euskaltegietan bizi-esperientzia gurekin konpartitu duten pertsonak direlako. Gure zeregina hauxe da: herritar helduak euskalduntzea, alegia. Euskalduna izan nahi duenari gure laguntza osoa ematea. Gainera, uste osoa daukagu hizkuntzaren esparru guztiak euskaraz behar ditugula, zer esanik ez, helduona. Hori da gure erronka eta ahalegina. Nafarroa osoko 75 auzo eta herritan eskaintzen ari gara zerbitzua, eta urtero mila helduk baino gehiagok ematen dituzte euskaraz bizitzeko urratsak .

«...besorik gabe, sorbaldarik gabe, bularrik gabe utziko naute, eta arimarekin defendituko dut... nire arima galduko da, nire askazia galduko da, baina iraunen du zutik».

Beraz, une historiko hau aprobetxatu behar dugu. Euskararen normalizazioa gauzatzea ahalbidetuko duen aldaketa ezagutu nahi dugu:

1. Belaunaldi berriak euskaldunduko dituen Hezkuntza-sistema abian jarri. Garaia da hamasei urte betetzean gazte guztiek Nafarroak berezko duen euskara ere ezagutzeko.

2. Helduen Euskalduntzeari izaera estrategikoa aitortu, euskaltegien aldeko sustapena eta planifikazioa eginda. Era berean,euskara doan ikasteko herritarren aukera bermatu behar da.

3. Espazioei prestigioa eman eta euskaldundu egin behar ditugu: euskara errotulaziotik eta errealitatetik desager dadin aurrera eramaten duten politika zitala gainditu, eta Nafarroako hizkuntzari merezi duen tokia eman. Ezinbestekoa da helduen eremuak euskalduntzeko politikak finkatzea: hedabideak, helduen aisialdia, lan mundua, arlo sozioekonomikoa, kultura, Administrazioa...

Euskara normalizatuko badugu, helduen euskalduntzetik hiru arlo horiek lehentasunezkotzat ditugu. Ezinbestekoa da hirurak jasoko dituen Hizkuntza-Politika egokia abiatzea: epe eta helburu zehatzak dituen hizkuntza-politika, baliabidez hornituta, hizkuntza-eskubideak bermatu nahi dituena, eta euskalgintzako eragileekin elkarlan iraunkorra duena.

Guztiok hunkitu gaituen Korrikaren lekukoa amaierara iritsi zen, eta Lorea Agirreren ahotik ezagutu genuen barnean zeraman mezua. Euskara ikasi duten helduek, banan-banan, erakutsi diguten bezala, kontua ekitea da, euskara ikastea hautatu eta plazan sartzea, lekua hartzea. Inoren zain egon gabe, euskara ikastea herritarren ahalduntzerik esanguratsuenetako da. Eskua altxa eta hitza hartu.

Beraz, aldaketak aintzat hartu behar du euskararen plaza, eta, horrekin batera, gure inguruko euskaltzale erdaldunak ahalduntzera animatu behar ditugu, azken hamarkadetan milaka herritarrek egindako bideari jarraiki. Hasteko, orain eta gero, haiekin ere,euskaraz bizi nahi dugula adierazi, eta euskara ikasiz hasi gero, biziki eskertuko diegula jakinaraziko diegu. Zer gehiago egin dezakegu gure ingurukoak plazan sar daitezen? Pentsa dezagun horretan...

Aldaketa-garaia da. Ziklo ilun bat itxi, eta ordua da euskaraz bizitzeko eskubidea errealitate bihurtzeko bultzada handia emateko. Euskara plaza publikoan jokatzen da, menpeko izateari utzita. Nafarroako demokrazia demokratizatzeko balio behar du euskarak. Gu ere Anaitasuna Kiroldegian izanen garaapirilaren 25ean.

«...euskaldun gisa ahalduntzea, herritar gisa ahalduntzeko. Jabetzea. Boteretzea... Plazan tokia hartuta... Euskara plaza publikoan jokatzen da, euskarari plazan tokia eginda...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.