Gorria eta feminista

'Guk ez dugu politikarik egiten'

Iraia de la Torre Landera
2026ko abuztuaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Leioako Campuseko eraikin sobietarrak utzi nituen orain dela urte bat, baita Mendebaldeko maitale eta —militante— guztiak ere. Bost urte geroago etxera bueltatu nintzen eta, nahi gabe, herriko identitatetik bainoago herritik pentsatzen hasi nintzen, berriro, horrek zenbat kontraesan sortuko zizkidan konturatu gabe. Azken finean, gure herrietan ez da —eta ez dugu— politikarik egiten, gutxienez, orain dela 90 urtetik, eta, nik, politika egiten baino askoz gehiago ez dut ikasi azken urteotan.

Pandemia garaian heldu ginen unibertsitatera, guztiz galduak, guztiz zoroak, etorkizuneko espektatibarik gabe, egunerokotasuna baino gehiago ezin genuelako bizi. Hala hasi genuen militantzia unibertsitatean: lehenengo bilerak, lehenengo pegadak, lehenengo eztabaidak, lehenengo pankartak, eta lehenengo ekintzak eta mozkorrak ere bai. Baita erdia ulertzea, beste erdia ulertzen saiatzea, eta zelako lotsa nire iritzia azaldu behar izatea, ze lotsa gazteleraz hitz egitea. Baina nik euskaraz ez jakitea ez zen gure erabakia izan, UPNrena baizik.

Benetako euskaldunak taldean militatzen hasten zirenean ez zuten ulertzen. Normala, nola ulertuko duzu 2021ean 19 urteko zure kide batek gazteleraz egitea, zuri gazteleraz egitea kostatzen bazaizu? Gero nire bizitzaren azalpena zetorren, zonifikazioaren alaba nintzela, baita AEKrena ere. Eta eskerrak AEKri, baita benetako zein gezurrezko euskaldun militanteei —eta maitaleei— euskara hain ongi irakasteagatik.

Politika egitea gure errutinaren zati bat zen, egunero egiten genuelako eta hala militantziatik gure identitatea eraiki zen. Pixka bat aurrerago talde feministan sartu ginen eta guztiok bezala ni ere eraldatu ninduen. Hor bai, politika egunero egiten nuen ekintza multzoa izatetik egunerokotasuna izatera pasatu zen, pertsonala politikoa dela ulertu genuelako. Militantzia feministak zein karrerako irakasle feministek mundua ulertzeko tresnak eman zizkiguten. Ni Miesek asko lagundu ninduen generoaren eraikuntza ulertzen. Feminitatea eta maskulinitatea prozesu historikoak direlako, eredu produktiboarekin zein lurrarekin dugun harremanarekin lotuta daudenak. Hala, eredu kapitalistak emakume desjabetuak sortzen ditu, denbora librerik ez dutenak, asko kexatzen ez direnak eta, ondorioz, politikarik egiten ez dutenak, baizik eta neska finak direnak.

Batzuen istorioak ezagutzen ditugu, Maravillas Lambertorena bezala, gaur 90 urte betetzen dituena; nire herriko emakume batzuena, ez, Erriberako sarraskiaren ostean gorrien aldean isiltasuna baino ez zelako geratu, eta horren herentzia guk jaso genuelako

Feminitatea politika eginez apurtzeak baditu bere ondorioak, eta hala erakusten digute etengabe herrietako diskurtsoak okupatzen dituzten gizonek. Gurekin konfrontazio diskurtsiborik ez dutelako bilatzen, gutaz barre egitea baizik. Politikaz jakingo ez bagenu bezala, eta erantzuteko ausartak ez bagina bezala. Azkenean, emakumeoi, gatazkak saihestea eta lasaitzea tokatzen zaigu, ez?

Politika egiten dugun emakumeak umiliatzea klasiko bat da. Adibidez, orain dela 90 urte ere emakume gorriez barre egin zuten. Jakinda, noski, batzuk kontzienteki gorriak zirela, eta beste batzuk fusilatu zituzten gorrien senideak zirelako. Herriko lur jabeek eta haien matoiek zein Lizarratik etorritako gizon falangistek, erreketeek, fraideek eta apaizek oso argi zeukaten emakume gorriak isilarazteko modua zela emakumeon gorputzak campo de batalla bihurtzea, gudu zelaia. Batzuk bortxatu zituzten, kasu batzuetan hil arte; beste batzuek etengabeko seinalamenduak eta umiliazioak jasan zituzten; eta, beste batzuei ilea moztu, eta herriko kaleetatik biluzik paseatzera derrigortu zituzten, orain dela 500 urte sorginekin egin zuten bezala.

Batzuen istorioak ezagutzen ditugu, Maravillas Lambertorena bezala, gaur 90 urte betetzen dituena; beste batzuena, nire herriko emakume puska hauena bezala, ez: Milagros Gainza, María Navarro, Can Moreno, Julia La rojilla, Inma Roldan, Irotida Cordona, Mercedes Pajares, beste batzuen artean. Urtarrilean ezagutu nituen, baina oraindik ezin dizkizuet haien istorioak kontatu, Erriberako sarraskiaren ostean gorrien aldean isiltasuna baino ez zelako geratu, eta horren herentzia guk jaso genuelako. Horregatik gure herrietan ez dugu politikarik egiten, baizik eta kartelak pegatu, pankartak egin, bilerak izan, gure genealogia idatzi eta euskara irakatsi eta ikasi.

Hau dena politikoa izango ez balitz bezala. Erriberan ezer gertatzen ari ez balitz bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA