Txema Ramirez de la Psicina
Kazetaria eta ikertzailea

Gurasoen etxea

2026ko uztailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken asteotan euskara eta euskal musika eztabaidagai ditugu. Alde batetik, USaP unibertsitatera sartzeko proban Euskara eta Literatura II ikasgaian lortutako emaitzak hizpide izan dira. Bestetik, euskal erakundeek ETS eta Zetak taldeei emandako dirulaguntzak jopuntuan dira. Eztabaida arras desberdinak dira. Biak ala biak, ezinbestekoak.

«Urteten jakena»

«Ez dakitela euskaraz ostirik be ez, pagatzen dabe, eta bueno ba… urteten jake urteten jakena». Birala bihurtu da ateraldia. Proban Euskara eta Literatura II ikasgaiaren inguruan piztutako ika-mika dela eta, ikasle batek modu ezin espontaneoagoan laburtu zuen eztabaida: A ereduko ikastetxe pribatuetara joaten diren ikasle askok daukaten euskara maila penagarria da. Jon Muñoz Parrazar irakasleak berripaper honetan aipatu duen bezala, zeroak ez dira arazo. Zeroak sintoma baino ez dira. Ereduen sisteman dago gakoa.

Honezkero, informazio guztia mahai gainean dago. Datu guztiak argitaratuta daude. Manipulazioa begi bistakoa da. Aste honetan bertan EHUk berak plazaratu ditu emaitzak xehe-mehe. Ikusi nahi izan duenak ikusi du. Galdera: nolatan sartu da Jaurlaritza nahaspila honetan?

Eztabaidaren markoa Espainiako zenbait komunikabidek aurreratu zuten: «anomaliak» zirela, «azterketen anonimotasuna urratu» dela… Epaileek segituan erosi zuten argudioa. Denok ezagutzen dugun erabakia hartu zuten: zerodun ikasleen nota hori salbuestea. Egia esanda, horraino sorpresa handiegirik ez. Baina, Jaurlaritzak? Nola esan ditzake Hezkuntza Saileko sailburu Begoña Pedrosak honakoak: «Emaitzak anomaloak izan dira eta epaimahaiei gardentasuna eskatu behar zaie»? Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Perez Iglesias denboraz kanpo ibili da. Asteartean hitz egin du soilik esateko berak EHUn eta justizian sinesten duela eta zerbait zuzendu behar bada, ba zuzenduko dela. Sinestezina. Berak ederki asko ezagutzen du EHU. Errektorea izan zen 2004-2009ko aldian. Primeran daki epaimahaiak nola osatzen diren eta nola egiten duten lan. Zergatik isildu da? Datuak datu, damurik inon ez, ordea. Barka: bada salbuespenik. EAJko Eusko Legebiltzarreko eledun Joseba Diez Antxustegik EHUko errektoreari barkamena eskatu dio. Bakarra izan da. «Hanka sartu nuen», esan du publikoki. Eskertzekoa.

Jaurlaritzak, kosta ahala kosta, EHUko talde berriaren zilegitasuna higatu nahi izan du. Gogorarazi behar zaio Joxerramon Bengoetxearen taldeak hauteskundeak aise irabazi zituela 2024an, botoen %64 eskuratuta. Eta ez zen hautagai bakarra izan. Onartzeko garaia da.

Baina, gatozen orain euskararekin eta sormenarekin zerikusirik duen bigarren hizpidera, euskal erakundeek musikariei ematen dizkieten dirulaguntzei dagokiena.

Akelarretan

Masa-kulturak ia erabateko boterea du. Nonahi dago. Komunikabide erraldoietan, sare sozialetan, autobusetan, gure solasaldietan… Masa-kulturak gure bizitza definitu eta mugatu egiten du. Gure iruditeria moldatu, gure ametsak hornitu… Masa-kulturak, kontzeptu gisa, bertigoa eman digu beti. Boterearen nagusikeriarekin eta komunikabide hegemonikoen ideologia burgesarekin lotu dugu. Kapitalismoarekin. Zapaltzaile eta zapalduen dikotomiarekin. Zer gertatzen da masa-kultura gure alde dagoenean?

Denok ditugu buruan ETS eta Zetak taldeek emandako azken kontzertu erraldoiak eta euskal erakundeek haiei emandako dirulaguntzak (300.000 eta milioi bat euro, hurrenez hurren). Azpiegitura erraldoiak eta baliabide tekniko zein humano ikaragarriak mobilizatu dituzten kontzertuak dira. Mitoaroa III ikuskizuna San Mamesen bertatik bertara ikusi zuten 80.000 arima horietako bat nauzue. Pistan izan nintzen, esertzeko aukerarik gabe. Bi ordu eta erdi pasatxo. Ez naiz inoiz pop elektronikoa eta sintetizadoreak nahasten dituen musikazalea izan. Baina, Mitoaroa III beste zerbait da: antzerkia, ikuskizuna, dantza, emozioak… eta musika, jakina. Pello Reparazek euskararen unibertsoa beste dimentsio batean jarri du. Adin guztietako ikusleak ginen: umeak, nerabeak, gazteak, helduak eta zaharrak. Eztanda emozional txundigarria. Lehen segundotik. Mezu politiko esplizituekin hornituta: euskararen alde, zapalduekin bat, kontrol sozialaren aurka. Ikuskizuna amaitzean, gehienon bisaian irudi bat nagusi: orgasmo onenen ondoren loratzen zaigun irriño konplizea: «Akelarretan elkartuko gara/ galdutako denboraren seme-alabak/ tentaldirik luzeena piztuko da azkenean/ odol-beroen erreinuan».

Masa-kulturak, kontzeptu gisa, bertigoa eman digu beti. Boterearen nagusikeriarekin eta komunikabide hegemonikoen ideologia burgesarekin lotu dugu. Kapitalismoarekin. Zapaltzaile eta zapalduen dikotomiarekin. Zer gertatzen da masa-kultura gure alde dagoenean?

Honezkero kexa heldu zait: «Ederto, Txema, baina 50 eurotik gora ordaindu behar zen!». Halaxe da. bai. Denok Gara Kultura plataformaren adierazpena aipatu beharra dago. Manifestuak 126 sinatzaile ditu, guztiak ere musikaren eta kulturaren arloko sortzaile edo eragileak. Bertan diru publikoaren banaketan gardentasun handiagoa, irizpide publikoak eta aukera-berdintasuna eskatzen dira. Fermin Muguruzak ahotsa ipini du eta adibide hau jarri: aurreko urtean nazioarteko biretarako programa batean 47 proiektuk 175.000 euro banatu zituzten (bera tartean, 12.500 euro jasota), eta, aldiz, ETSk 300.000 euroko laguntza zuzena jaso du Bartzelona eta Madrilgo kontzertuetarako. Zentzuzkoa oso esaten dena, inolako zalantzarik gabe. Denak dira beharrezkoak: kontzertu mikroak, ertainak eta makroak. Baina, ez dezagun ahaztu: ehunka mikro horiek gabe ez dago makro egiterik.

Asteotako bi polemika horiek euskara izan dute ardatz. Oso desberdinak izan dira. Baiki. Hala ere, beharrezkoak oso. Lehenean, USaPeko emaitzak aitzakia izan dira euskara eta EHU bera —instituzio bezala— kuestionatzeko. Bigarrenean errespetua sumatu dut. Euskararen eraikina ezin da soilik makrokontzertu distiratsu eta megagarestietan oinarritu. Euskararen unibertsoa eremu berriak konkistatzen ari da, eta hori zoragarria da. Baina, goiko kupulak duen distirak ezin gaitzake itsutu. Eraikina eusten duten zimenduak sendoak eta irmoak behar dira.

Gabriel Aresti gogoan: «Nire gurasoen etxea (*zilegi bekit moldaketa)/ defendituko dut/ otsoen kontra/ sikatearen kontra/ lukurreriaren kontra/ justiziaren kontra».

Defendituko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA