Irakasle jubilatua

Gure memoriaren historiarako kantaldia

Jose Ramon Etxebarria Bilbao
2026ko maiatzaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Artikulu hau Anaitasuna hamaboskarian argitaratu zen 1976ko maiatzaren 15ean, Bilbon, Santutxuko Berriotxoa ikastetxeko jolaslekuan maiatzaren 8an antolatutako jaialdiaren kronika modura. 

Santutxuko kultura-hamabostaldiko ekitaldien artean, euskal kanten jaialdi bat zegoen antolaturik, auzoko Berriotxoa ikastetxeko jolaslekuan, egurats pean, hots, aire zabalean. Iragarritako kantariak, hauexek: Pantxoa eta Peio, Antton Valverde, Gontzal Mendibil, Mikel Laboa, Xabier Lete eta Lurdes Iriondo. Bezperan, Gontzal Mendibilek urgentziazko ebakuntza izan zuen ospitalean, eta ez zen agertu kantaldian.

Euskal kanten jaialdia Santutxun
1976ko maiatzaren 8a —hauxe izan baitzen horretarako aukeraturik zegoen eguna— kolore grisez jantzirik agertu zen Santutxun. Goizean zerua ilun, euria noiz hasiko zain. Baina, zorionez, ez zuen euririk egin. Eta arratsaldeko zazpi eta erdietatik aurrera, jendeak eurrez bete zituen Berriotxoa ikastetxerantz zeramaten kalexka estu, aldapatsu eta bihurriak. Zazpi edo zortzi mila lagun futbol-zelai bateko zoruan eseririk: lasai, alai, kantari.

Bat-batean, alboko orubean eraikiriko garabi batean ikurrin bat jarri zuten. Jendeak oso ongi hartu zuen, egintza hura biziki eta bihozkiro txalotuz.

Eta jaialdia hasi zen. Parte hartu zuten lehenak Pantxoa eta Peio izan ziren. Jendea ordena handi batean zegoen eta ez zen inor bere tokitik higitzen. Noizean behin, «Askatasuna!» eta antzeko oihuak entzuten ziren, eta erritmikoki kanta talde saiatu bat balitz bezala, jendeak bere ahotsa eta iritzia kanporatzen eta entzunarazten zuen.

Ilunduz zihoan eguna, eguzkia —egun osoan ez agertua— aspaldi sartua zatekeen. Ez zen ia ikurrina ikusten ahal, eta jendea kantaldiari atxikirik zegoen, adimen osoz hari jarraikiz.

Pantxoa eta Peioren agerraldia bukatzera zihoala, zenbait polizia agertu zen garabi inguruan, buru oskol eta guzti, ikurrina kentzeko asmoz. Esan beharra dago ezen horretarako aurretik eginiko zenbait saiok porrot egin zutela. Baina, azkenean, jendearen txistu soinuen artean, haietariko batek bere helburua lortu zuen.

Ordurako, Mikel Laboa hasteko zegoen. Gauaren iluna, gauaren gris iluna, gauaren arre iluna heldua zen. Fokuak pizturik zeuden eta kantariak ez zuen haiez beste aldean ezer ikusten. Baina atzeko aldean poliziak sartu eta erasotzen hasiak ziren. Jendea aurrerantz zetorren, zurezko aulkien gainetik hesi-lasterketa dantesko batean, zaharrek, gazteek, ezkonduek, ezkongaiek, emakumeek, gizonezkoek, haurdunek, haurgabeek, haurrek eta bestek parte hartzen zutela.

Jolaslekuko irteera guztiz txikia zen eta jendea ezin zen irten. Hura estura!

Dena dela, pozik egon gaitezke, zoritxar handiagorik gertatu ez zenean. Lurrean botila-zatiak —beira zorrotzak, beraz—; batzuek zapatak galdu zituzten —ortozik zihoazen, hortaz—; izuaren mamua gainean zegoen... Jendeak, neurri handi batean, zibilki eta jatorki jokatu zuen. Zorionak eta eskerrak berari!

Horrelako gertakarien aurren erreflexionatu egin behar dugula uste dut. Noren edo zeren erruz gertatzen dira? Zer kalte egiten zuen han zegoen ikurrinak? Espainiako Estatu barneko beste nazionalitateek beren bandera publikoki agertzeko eskubidea zuten, Katalunia, Galizia eta Andaluziaren kasuak lekuko.

Eta guk?... Edo eta gu bigarren mailako herritarrak gara? Eta hau diodanean, Juan Carlosek Kataluniara eginiko bidaia datorkit burura batez ere: katalan bandera toki guztietan agertzen zen, Espainiako Estatuaren banderarekin batera.

Besterik behar al da esaterik?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA