Militante feminista

(H)arma, tiro, pum

Naia Torrealdai Mandaluniz
2026ko uztailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi aste pasa ikasturtea amaitu dela. Arbelak garbi geratu dira udarako, eta hori da arbel batek daukan gauzarik ederrena eta krudelena: idatzitakoa ezaba daiteke. Idatzi, hautatu eta ezabatu. Esku batek erabakitzen du zer idazten den bertan. Zer geratzen den letra larriz eta zer desagertzen den hautsetan. Kurtso amaierak, baina, hautsak harrotu ditu: La Revuelta saioan entzun dugu Miguel Angel Blancoren memoria ahanzturara zuzendua dagoela. Bestetik, irakurri dugu Sestaoko udaleku batek haurrak Guardia Zibilaren kuartelera eraman dituela txangoan. Hau guztia oraindik selektibitateko euskararen notak utzitako hauts hodeia garbitu gabe dagoela gertatu da.

Ez ditut gertaera solte gisa ikusten. Norbaitek, nonbait, arbel batean idatzi du zer den zilegia eta zer susmagarria, eta idazkera hori hain da zaharra, ezen letra bakoitzak sortutakoa bainoago, naturala ematen baitu. Zentzu komuna deitu zion Gramscik. Nik ofentsiba deituko nioke. Ezabatutako hauts larregi erratzarekin biltzeko, oldarraldi ekaiztsu baten erdigunean. Ekaitzik handiena, ordea, ez dugu lurrazalean bizi: euskararen kontrako auziak erdigunea hartu duen bitartean Espainiako Historiaren azterketan lehen aldiz berunezko urteen garaiaz galdetu dute. Lehen aldiz izan da, lehenengoz selektibitateko gaitegian epigrafe oso bat hartzen duelako. Kontrara, euskal nazionalismoaren sorrera zein borroka antifrankistak Euskal Herrian hartutako formak Espainiako testuinguru orokorrean diluituak geratu dira. Horrela, historiako irakasleoi ez digute gezurrik irakasteko eskatu, ez; testuingurua hutsunez betetzeko baizik.

Eta hutsune horiek bete nahi dituzte bestelako arbel batzuetatik. Oraintsu estreinatu da Jon Sistiaga kazetariak Miguel Angel Blancoren inguruan egindako dokumentala, Espainiako Erregearen lekukotzarekin. Dokumentalak 1997ko uztailaren 10etik 12rako tartea hartzen du, Blanco 13an hil bazen ere. Kazetariak La Revuelta saioan «amnesia» soziala izendatu du, gazteek ez omen dakitelako nor izan zen hura, ezta ETA zer izan zen ere. Bitartean, Guardia Zibilaren kuartelean, armen erakustaldi batean jolasean ibili dira Sestoako udaleku batzuetako umeak. Batzuek amnesia izendatzen dute; guk ahanztura bizi. Familia batzuek kexa jarri dute, baina auzia ez da hedabide gutxi batzuetatik harago handitu; inork ez dio «doktrinamendu» esan, inork ez du erasotzat jo. Ezabatu beharrekoak izanda ere, batzuetan zaila da mundua dikotomietan ez ikustea. Bi uda, bi udaleku: bakarra mehatxu. Gogora dezagun iaz, euskarazko udaleku baten inguruan zer zirku mediatiko piztu zuten, egunak titularretan, euskararen eta feminismoaren kontra. Horrela, Estatuaren fusilak oharkabean igarotzen diren bitartean, euskara eta feministak tribunaletan eta ahanzturaren izenean, berun trinkoa ikasgeletan. Errealitatea da ahanzturara kondenatutako bakarrak gure historiako pasarteak, Estatuaren gerra zikina eta euskara izan direla.

Herri batek bere historia propioaren kontrola ez duenean, iraganaren eta etorkizunaren arteko hari hori mehetu egiten da. (H)arma, tiro, pum!: berunezko urteak dira ikasle batzuek jasoko duten historiaren atala. Hamaika dira testuingururik gabeko kontakizunek sortzen dituzten hutsuneak

Stuart Hallek beldur morala deitzen dio gorputz batzuk seinalatzeari eta beste batzuk normaltasunean ezkutatzeari. Nork erabakitzen duen zer den onargarria eta zer den arriskua: hor datza boterea. Jakina da eskuinak etsai garaitu baten inguruan eraikitzen duela maiz beldurra, oraina kudeatzeko; jakina da, halaber, iragana kontrolatzen duenak oraina menderatu dezakeela. Euskaldunok gure historia propioa begirada kritikoz ikasi eta irakasteko burujabetzarik ezaren kondenan bizi gara. Mundu zaharra hiltzen ari da, baina ez da hil. Hori da, agian, gure garaiaren paradoxarik latzena, krisian dagoen ordena bat ez dela bat-batean erortzen, baizik eta luzaroan irauten duela, bere hezurdurak eta barne giharrak erakutsiz, arnasestuka. Baina herri batek bere historia norberaren eskuetan ez duenean, mundu zahar horren ofentsiba memoriaren beraren suntsipenean ere badago. Herri batek bere historia propioaren kontrola ez duenean, iraganaren eta etorkizunaren arteko hari hori mehetu egiten da. (H)arma, tiro, pum!: berunezko urteak dira ikasle batzuek jasoko duten historiaren atala. Hamaika dira testuingururik gabeko kontakizunek sortzen dituzten hutsuneak. Uztailaren hamabia, hutsune hori betetzeko erabili nahi duten eguna. Ez dok (h)amairu: malefizioa bukatu behar da.

Irakasleen lana ez da arbel horretan diktaketa ariketa bat egitea, idatzitako esaldi horien atzean dagoen ukabila erakustea baizik —zeinek idazten duen, zer ezabatzen den, eta zergatik—

Irailean, irakasleon lana izango da gaitegi berria irakastea, letra larri eta ezabaketa guztiekin. Baina gure lana ez da arbel horretan diktaketa ariketa bat egitea, idatzitako esaldi horien atzean dagoen ukabila erakustea baizik —zeinek idazten duen, zer ezabatzen den, eta zergatik—; eta, ikasleekin batera, ezabatu nahi zaigunaren gainean beste errelato bat idaztea, erraustutako hautsek eraman ez dutena. Zeren oroimena eta historia kolektiboa ez baitira datu bilketa bat, epikak baizik: herri bati subjektu izaten irakasten dion kontakizuna, iragana eta etorkizuna lotzen dituen haria. Arduratik eta kritikotasunetik egiten dena, baina, betiere, burujabea dena. Mundu zaharrak hari hori moztu nahi du; guri dagokigu, egunero, berriz jostea. Ez da nostalgia, ez da atzera bueltatzea: aurrera nola egin jakiteko, oinak non ditugun jakin behar da. Historia norberaren eskuetan hartzea da, azken batean, burujabetzarik intimoena —eta, agian, iraunkorrena—.

Eta irailean berriz aurkituko dugu geure burua arbel baten aurrean bezain xume eta bezain zail. Klariona hartu, eta idatzi: idatzi kontatzen ez zaiguna, ezabatzen zaiguna, ahatzarazi nahi zaiguna. (H)arma, tiro, pum deskontestualizatu bat ikasiko dute batzuek, besterik entzun ez dutelako. Baina aski da ahots bat, gero beste bat, gero gela oso bat, malefizioa hausteko: ez dok (h)amairu, ez baita hamahiru madarikaturik guk onartu ezean. Eta orduan, beste zerbait kontatuko dute gure ikasleek —kondena hautsi dela, eta hautsak, azkenean, geuk harrotu ditugula.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA