Osakidetzako LABen komunikazio arduraduna

Harrapaketa korporatiboa: aurrekontu gehikuntza odoljarioa bizkortzeko

Jesus Oñate
2025eko abenduaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal osasun sistema publikoa, Osakidetza, ahultasun egoera kronikoan dago. Sintomak nabariak dira, eta herritarrek argi hautematen dituzte: itxaron-zerrendak, lan prekaritatea, Lehen Mailako Arretaren deskapitalizazioa, Osasun Mentaleko Sarea alde batera uzteko eta eraisteko estrategia, eta abar.

Duela hilabete batzuk, Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformakoek diagnostiko zehatza egin genuen: gure sistema publikoaren harrapaketa korporatiboa da, hain zuzen ere, herritarrek horren modu sendo eta orokorrean hautematen duten narriaduraren arrazoi nagusietako bat.

Ezin dugu osasuna gaixotasunik eza bezala soilik ulertu, ingurumeneko eta arlo fisiko, psikiko eta sozialeko erabateko ongizate egoera bezala baizik. Kontzeptu integral hori ulertzen badugu, arreta hori ematen duen osasun sistemari ere aplikatu behar diogu.

Osasun sistema publikoaren osasuna ez dago soilik osasun langileen esku, baizik eta engranaje osoaren sinergian, garbitegiko langileetatik hasi eta ebakuntza gelako pertsonaleraino, mantentze lanetatik eta informatikakoetatik igarota. Kudeatzaileen jarduna eta haiek erakundearen izaera publikoarekin bat egitea ere erabakigarria da.

Hala ere, historikoki, EAJk zerbitzu horien azpikontratazioa edo kanporatzea defendatu du, bere posizionamendu politikoetan zerbitzu osagarri edo ez-nuklear gisa etiketatuta. Bereizketa hori gezur politiko bat da, alderdiaren eliteekin lotutako enpresa pribatuei kontratu handiak ematea justifikatzeko diseinatua. Gainera, sistema ahuldu egiten du, eta komunitatearenak ez diren interesen gero eta dependentzia handiagora eramaten du.

Sistemaren etenik gabeko funtzionamendurako eta kalitaterako funtsezkoa bada, zerbitzu batek titulartasuna, kontrola eta kudeaketa %100 publikoak izan behar ditu. Zerbitzuren bat bere gain hartzea erronka bat bada, planifikazioz eta epe ertainera egin behar da, baina inola ere ez zaio horri uko egin behar etengabeko azpikontratazioen bidez.

Aipatu dugun eraso korporatiboaren tamaina milaka milioikoa da. Osakidetzak, lau urteko epean, bestelako eragileekin egindako zerbitzu kontratuetara (asistentzia hitzarmenak eta asistentzialak ez diren kanporatzeak) 3.000 milioi eurotik gora bideratu ditu. Kapital pribatura bideratutako funts publikoen odoljario hori da krisiaren muina, eta Osakidetza autosufizientziaren bidean jartzeko premiazko estrategien beharra azpimarratzen du.

Osasun Sailaren aurrekontuak zifra historikoak ditu urtez urte. Hala ere, profil neoliberal nabarmena duten eta sistemaren jarduera enpresarialari eta izaera bizkarroiari irekiak diren kudeatzaileen eskuetan, igoera horrek odoljarioa bizkortzen du, eta ez da herritarrentzako irtenbide bat. Horrekin lotuta, osasun publikoa da herritarrak gehien kezkatzen dituzten arazoetako bat.

Egungo eredua ezin hobeto egokitzen zaio aurretik dauden negozio nitxoen merkantilizazioari lehentasuna ematen dion logikari, eta argi dago osasuna oso nitxo garrantzitsua dela. Beraz, sisteman sartzen den euro gehigarri oro soilik enpresa pribatuentzako irabazi bihurtzeko arriskua dago.

Herritarrak, onuradun nagusiak izan beharko luketenak, bigarren mailara baztertzen dira, eta korporazioen irabazi marjinek ordezkatzen dituzte. Sistema askatzea, beraz, ezinbesteko baldintza da aurrekontu igoera inbertsio soziala bihur dadin eta ez diru laguntza korporatiboa.

Aurrekontuen negoziazioaren datozen asteetan, osasunean biztanleko egindako gastuak errekorrak gainditzen dituela errepikatuko digute. Esango ez digutena da gure zergen bizkarroiak diren korporazioen sare horretara doan diru kopuruak ere errekorrak hausten dituela. Kanporatzeak baliabide publikoak kudeatzeko duten ezintasuna ezkutatzeko modu bat dira kudeatzaile batzuentzat. Eta azken horiek irteera profesional bat lortzen dute Osakidetzan hain ohikoak diren ate birakarien bidez.

Biztanleko osasunera bideratutako kopuruaren %20 inguruk Osakidetzari zerbitzuak ematen dizkieten enpresen eskuetan amaitzen du, hala nola,mantentze lanak, sukaldeak, garbiketa, garbitegiak eta informatika, hitzarmen eta deribazioez gain... Eta %22 erosketara bideratzen da.

Kanporatzen edo deribatzen ari diren lanen gehiengoa sistemak berak har dezake bere gain, kontratazio zerrenda ospetsuetan zeregin horiek guztiak egiteko gai diren profesionalak baititu, baina logika neoliberalak eta erakundearen harrapaketa korporatiboa sustatzen duten kudeatzaileek kapital publikoa kanpoko enpresetara desbideratzea eta autosufizientziari uko egitea hautatzen dute.

Erosketei dagokienez, premiazkoa da, lehenik eta behin, Palestinako genozidioarekin lankidetzan ez aritzea eta estatu israeldarra finantzatzen duten TEVA pharmaceutics bezalako enpresekin harreman komertzialak haustea eta merkataritza alternatibak bilatzea. Harrapaketa korporatiboaren barruan nukleo gogor bat dago: lobby farmazeutikoa. Sistemaren autosufizientzia lortzeko bide horretan, premiazkoa da enpresa farmazeutiko publiko bat sortzea, OMEk argitaratutako zerrendako funtsezko sendagaien parterik handiena ekoitziko duena, funtsezko 361 sendagai pediatrikoei lehentasuna emanez.

Kontu anbiziotsu eta beharrezkoak dira hamarkadetako deskapitalizazioaren eta osasun sistema ahultzeko estrategien ondoren. Osasun sistemaren izaera publikoarekin bat egingo balu, Sailak berak sustatu beharko lituzkeen neurriak izango lirateke, baina, gaur egun, osasun sistema %100 publikoa eta autosufizientea izatea defendatzen duten aktibisten egitekoa izaten jarraituko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.