Nafarroan, hizkuntza aniztasuna ez da mehatxu bat, aukera bat baizik. Zubiak eraikitzeko, balioak partekatzeko eta komunitate gisa lotzen gaituen gizarte ehuna sendotzeko aukera bat. Euskara eta gaztelania elkarrekin bizi diren lurralde batean —eta gero eta ahots eta hizkuntza gehiago entzuten diren honetan—, hezkuntza da bizikidetza hori egiazko bihur daitekeen tokia.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Aprender-Ikasi Katedrak eta I-Communitas Institutuak berriki antolatutako topaketan, Hizkuntza eta kulturarteko erronkak Nafarroan: harrera hizkuntzak eta bigarren hizkuntzak izenburupean, funtsezko galdera bat jarri zen mahai gainean: nola bermatu daiteke gizarte gisa definitzen gaituzten hizkuntzak harrera hizkuntzak ere izaten jarraitzea, batzen gaituzten hizkuntzak izaten jarraitzea?
Gurea bezalako gizarte elebidun batean, hizkuntza bat ikastea ez da komunikazio tresna bat eskuratzea bakarrik, munduan egoteko modu bat ulertzea ere bada. Ikasitako hitz bakoitza gure identitate kolektiboa osatzen duten balio, tradizio eta istorioei irekitako ate bat da. Horregatik, euskaraz heztea ez da soilik hizkuntza bat irakastea: Nafarroako bizitza kulturalean, oroimenean eta etorkizunean parte hartzeko gonbidapen bat da.
Nafarroako ikasle migratzaileen eta errefuxiatuen igoera errealitate global baten isla da. Fenomeno hori ez da gainditu beharreko erronka bat, hezkuntza inklusiboarekin dugun konpromisoa berresteko aukera bat baizik. Hizkuntza bidezko integrazioa ezinbesteko urratsa da gizarteratzeko, eta hezkuntza sistemak funtsezko erantzukizuna du horretan.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren esanetan, ikasle etorkinen arrakasta, neurri handi batean, eskolako bizitzan duten parte hartze aktiboaren eta ikaskideekin eta irakasleekin komunikatzeko duten nahiaren araberakoa da. Hizkuntza, beraz, hezkuntza helburua ez ezik, gizarteratzeko eta elkarbizitzarako tresna ere bada.
Ildo horretan, 2021-2026 aldirako Nafarroako Kultura arteko Bizikidetza Estrategiak proposatzen du hizkuntza ofizialak ikasteko sistemak indartzea eta harrera prozesuetarako laguntzak bermatzea. Hala ere, urrats erabakigarri bat egiteko dago: familia etorkinak aktiboki animatzea euskarazko hezkuntza eredua aukeratzera. Eredu horrek, erabat inklusiboa izateaz gain, gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna bultzatzen ditu.
Ikastolek hamarkadak daramatzate erakusten norberarena zaindu daitekeela, bestearenari atea itxi gabe. Berauen proiektu pedagogikoa ideia indartsu batean oinarritzen da: euskara eta beste hizkuntza batzuk ikasteak ez ditu zatitzen, baizik eta biderkatu egiten ditu komunikatzeko eta bestea ulertzeko moduak. Ikastoletako ikasgeletan jatorri desberdinetako haurrak bizi dira, hizkuntzak ez ezik, enpatia, errespetua eta lankidetza ere elkarrekin ikasiz.
Ikastolek ez dute euskara lubaki gisa defendatzen, topaleku gisa baizik. Hizkuntza hori irakastea kide izateko modu berri bat eskaintzea da, hizkuntza hori hitz egiten duen komunitatera eta hura sostengatzen duten elkartasun, elkarlan eta irekitasun balioetara sarbide zuzena izatea. Nafarroan euskara ikasten duenak hizkuntza bat gehiago menperatuko du, eta, gainera, gizarte proiektu bateratu baten parte ere izango da.
Horregatik guztiagatik, funtsezkoa da Nafarroako Gobernuak familia etorkinen artean euskarazko eredua sustatzeko politika aktiboak ezartzea. Kontua ez da aukeraketa bat inposatzea, baizik eta gure komunitatera iristen direnek elkarbizitza eta benetako integrazioa bultzatzen duen hezkuntza eredu baten onurak izan ditzaten informatzea, laguntzea eta erraztea.
Euskarazko eskolatzea bultzatzeak ez du esan nahi beste hizkuntza batzuk baztertzea, baizik eta eleaniztasuna aberastasun bat dela onartzea. Euskara, gaztelania eta ingelesa ikasiz —eta, aldi berean, jatorrizko hizkuntzari eutsiz— hazten diren haurrak herritar irekiagoak, enpatikoagoak eta gizarte global batean bizitzeko gaitasun handiagoak dituztenak dira.
Gainera, bigarren hizkuntzen didaktikan egin berri diren azterlanek erakusten dute hainbat hizkuntza aldi berean ikastea ez dela oztopo bat, baizik eta estimulu kognitibo bat, komunikatzeko gaitasuna eta errendimendu akademikoa hobetzen dituena. Nazioarteko esperientziek eta EHU eta NUP bezalako unibertsitateen ikerketek baieztapen hori bermatzen dute: hezkuntza programa eleaniztunek ikasle etorkinen integrazioa, autoestimua eta pertenentzia sentimendua bultzatzen dituzte.
Euskara bezalako hizkuntza gutxitu bat defendatzea ez da hormak eraikitzea, leihoak irekitzea baizik. Nafarroa barrutik begiratzera gonbidatzea da, begi berriekin. Euskarazko hezkuntza kohesio sozialerako tresna bat izan daiteke, eta izan behar du, haur bakoitzak —jaiotzen den lekuan jaiotzen dela— zerbait eman eta ikasi behar duela sentitzeko gunea.
Hizkuntza uniformetasunak aurrera egiten duen mundu honetan, aniztasunaren alde egitea itxaropen ekintza bat da. Familia etorkin batek euskarazko eredua aukeratzen duen bakoitzean, bere seme-alaben etorkizunari ez ezik, Nafarroa osoaren etorkizunari ere laguntzen dio: komunitate justuago, pluralago eta batuago bati.
Hizkuntzak dira elkar ezagutzea ahalbidetzen diguten zubi ikusezinak: hartzen dituzten hizkuntzak batzen dituzten hizkuntzak dira. Eta Nafarroak bere eskuetan du hori frogatzeko aukera —eta erantzukizuna—.
