Duela ia berrogei urte, Iruñeko haur eskolak martxan jarri ziren. Ia hasieratik, bizitzaren lehen urteetan hezkuntzak duen garrantzia sumatuta, profesional batzuek apustu ausarta egin zuten hezkuntza tarte horren alde. Kolektibo horren nortasun ezaugarri nagusietako bat, langileek ikasgeletan haurrak ahalik eta hobekien artatu ahal izateko formatzeko duten prestutasuna izan ohi da.
Denbora horretan guztian, gure lanari buruz etengabe hausnartu dugu; egiteko modu berriak ikertuz; haurren bidelagun izateko moduak bilatuz; beste esperientzia batzuk aztertuz; inspirazio iturri anitzak arakatuz; haurtzaroko bideak miatu ditugu. Etengabe, ikasgeletan profesional gisa dugun zeregina zalantzan jarri dugu eta beste egiteko era batzuk aztertu ere, aztertu ditugu, haurrak ikuspegi ezberdin batetik begiratzen saiatuz, betiere ume bakoitzaren gaitasun eta ahalmenak erdigunean jarriz, holistikoki garatzeko ingurune optimoak eskaini ahal izateko.
Beti ukatu bazaigu ere, bizitzako lehen urte hauetan gure lana hezkuntza dela (letra larriz) aldarrikatu behar izan dugu. Haur hezkuntzan inbertitzearen aldeko argudioak bilatzen aritu izanak, pertsonalki eta profesionalki haztera eraman gaitu. Horrela, ikerketa-prestakuntzan gehien inplikatutako kolektiboetako bat bihurtu gara.
Gure ibilbidean, aurrera egiteko, urteetan bizitakoaren balorazioa egitea ezinbestekoa dela ikasi dugu; galtzeko bidezidor anitzak aurkitzea beharrezkoa dela; ausardiaz, eta pozarren, ustekabeko lekuetara iristeko bide ezberdinak irekitzea komeni dela. Gertaera horri hezkuntza prozesuaren ebaluazioa dei geniezaioke.
Hezkuntzako ebaluazioaren garrantziaz jabetuta, eta etapa honi benetako hezkuntza izaera aitortu nahian, urte hauetan guztietan, ebaluatzeko modu ezberdinak probatu ditugu: adin jakinetan haurrek lortu behar zituzten item desberdinak baloratuz; adinaren arabera hartzen zituzten jokamolde egokiak kontuan hartuz, denbora jakin batean ahoskatzeko gai ziren hitz kopurua zenbatuz, une bakoitzerako ezarritako mugarriak lortzen zituzten balioetsiz...
Hala ere, berehala ohartu ginen ebaluatzeko era hori ez zetorrela bat haurrei begiratzeko genuen moduarekin. Izar ere, gure begirada irekiak, ahalmen handiko izaki trebeak, aberatsak, alaiak, indartsuak, askeak, kolore askotakoak eta hauen prozesuak behatu nahi ditu. Oraindik ez dakien umea eta aurretik markatutako irizpideak lortzen ez dituen haurtzaroko irudi ezgai, pobre, triste eta grisa azpimarratzen zuen ebaluatzeko era hura, atzean aspaldi utzi genuen arren, Hezkuntza Departamentuak horretara itzularazi nahi gaitu orain.
Urteetan, gure ebaluatzeko moduaren inguruko gogoeta egitean, argi ikusi duguna zera izan da: ez dugula haurtzaroaren balorazio negatiboan oinarritzen den ebaluazioa onartzen, ez epaitzen duena, etiketak jarri eta umeak deskalifikatu eta izango diren porrota aurreratzen duen ebaluazioa.
Hezkuntza ziklo honek nortasun propioa du; izan ere, balio handia du, askotan kontuan hartzen ez dena eta, ondorioz, gutxietsi egiten dena.
Haurrek igarotzen dituzten prozesuak jasotzearen garrantziaz oso jabetuta, informazio hori biltzeko beste era batzuk aztertzen joan gara. Gure behaketak eta ikuspuntuak ebaluatzeko eta erregistratzeko moduetan eboluzionatu dugu. Formakuntza sakona egin eta gero, narrazio ikerketaren bidez, haur bakoitzari nola begiratzen diogun adieraz dezakegula ikasi dugu, baita familia bakoitzari bere alaba edo semea gure eskolatik igaro izanari buruzko kontakizun bat eskaintzeko era ere. Gurasoekin egindako banakako bileretan, zehatz-mehatz, pasioz eta gure ikuspuntua partekatuz, haur bakoitzaren eboluzio prozesuak azaltzen dizkiegu. Bide hori arakatzen jarraitzen dugu, ikasten, hausnartzen, partekatzen... jarraitzen dugu.
Esan bezala, ibilbide historiko honetan, ziklo hau hezkuntzakotzat hartzeko aldarrikapen ugari egin dira, eta harritzekoa da orain, Hezkuntza Departamentutik, hogei urte lehenago bidean atzera egiteko urrats bat den eskakizun hau jasotzea. Haurrak epaitzen, kalifikatzen, etiketatzen eta estutzen dituzten ebaluazioetara itzultzeko agindua eman digute; modu honetan, gabeziei sendotasunei baino gehiago erreparatzen diete. Hori guztia, objektibotasunaren eta ekintza berdintasunaren mesedetan... Loris Malaguzzi handiak bere hitzekin esango lukeen moduan, «haurrek 100 hizkuntza dituzte, baina 99 lapurtzen dizkiegu».
Ironikoa bada ere, Hezkuntza Departamentuko gainerako profesionalekin berdindu ahal izateko hainbeste gai izanik, hala nola soldata, maila profesionala, oporrak eta abar, zertan ote, eta ebaluatzeko moduan berdintzea aukeratu dute, eta izapide burokratiko hutsa betetzera behartu. Agindua beteko dugu (ez digute beste aukerarik uzten, diru-laguntza kentzeko mehatxupean). Educaren buletin zentzugabeak beteko ditugu, horretan inongo inplikazio eta energiarik jarri gabe. Bai, ebaluazio hori beteko dugu. Gero, gainerako lan denbora gutxiarekin eta inplikazio pertsonal handiarekin, benetan garrantzitsua denari ekingo diogu: kontakizun partekatuak eta familiekiko elkarrizketak xehetasunez prestatzeari. Hezitzaileok, seme-alabek benetan bizitako prozesuei buruz hitz eginen diegu.
Azkenik, Educa bezalako plataforma bat (bertan parte hartzera derrigortu behar bagaituzte) 0-3 ziklora egokitu beharko luketela aldarrikatu nahiko genuke... Haur eskolei ezin zaie plataformara egokitzeko eskatu... Zentzugabekeria da! Educak, langileoi lana errazteko existitu beharko luke, ez burokrazia petralarekin gainkargatzeko. Adibide gisa, gure eskoletako haurrak bigarren hezkuntzakoak ez direnez, egiten ez ditugun klaustro, ebaluazio saioak, ikasgai bakoitzeko saio eta errekreo orduen plantillak betetzera behartzen gaituzte. Gure ikasleak 0 eta 3 urte tarteko haurrak dira!
Jaun-andreok, andereño eta jauntxook, Hezkuntza Departamentuko burukideok, gure lana ondo egiten saiatzen ari garen profesionalekin bat egin beharrean, berriro ere, kontrako norabidean zabiltzate, gure aurka talka eginez. Beste behin ere lanbide kategoriak, soldatak, oporrak, ordutegiak eta abarretan berdindu beharrean, soilik interesatzen zaizkizuen neurrietan, estutu nahi gaituzue. Azken finean, kaskarkerietan baino ez gaituzue berdindu nahi.
Gero, eskola porrotaren zenbakiekin harrituko zarete... utziguzue sekretu bat kontatzen: haurrek ez dute porrotik egiten. Sistemak egiten du porrot, baina zuek hori, jadanik, jakin beharko zenukete (ebaluaziozale amorratuak zarete-eta), haurtzaroari begiratzeko moduaren inguruko hausnarketa ebaluaziorik txikiena ere egin izan bazenute.
Oharra. Artikulua Iruñeko haur eskoletako honako zuzendariek ere sinatzen dute: Aintzane Buldain Azanza, Cecilia Horta Aguado, Leire Campos Arteche, Idoia Erro Moreno, Garikoitz Torregrosa Armendariz, Lorea Macias Garaioa, Zuriñe Perez Gonzalez eta Oihana Elizalde Echarri.