Hobe egia ez balitz. Gure lankideek, gure lagunek, gurekin herri mugimenduetan ibilitako kideek, Espainiako Estatuan medikuentzat deituriko grebetan parte hartzen dute. Haien eskubideen defentsan ari omen dira, Osasun Ministerioak medikuentzat lan estatutu propio bat gara dezan. Espainiako Estatuko politikagintzan sartu digute burua. Sumarreko Osasun ministroak gauza ugari ditu kritikatzeko eta mila arrazoi daude mobilizatzeko, ministerio zein gure osasun sailen aurrean planto egiteko: besteak beste, 24 orduko guardiak eta ordu gehigarriak, lan baldintza eta karga gogorrak, kontratu laburrak, pribatizazioak, oposizio ustelak zein ustelkeria orokorra (ate birakariak), botere harremanen gehiegikeriak. Esan bezala, greba egiteko, sobran.
Norekin, ordea? Bada, Medicos Unidos por sus Derechos (MUD), medikuen (sasi) sindikatu ezberdinak eta elkargoak tarteko, estatutu mediko eta fakultatiboaren aldeko elkartearekin (APEMyF). Sekula ez dira gure lan eskubide edota nazio eskubideengatik arduratu, are gutxiago mobilizatu. Kasualitatez, lan publiko eta pribatuan lan egiteko bateraezintasuna eta bestelakoak planteatu direnean hasi dira mugitzen. Ez ei dakite Voxek zuzenean babestu dituela deialdiak, eta PPko Ayusok ere goretsi izan dituela. Kataluniako printzerriko parlamentuan Voxen eskutik izan dute hitzartzea, edota Madrilen ere alderdiaren jardunaldietan izan dute tokia.
Galdera garrantzitsuena hauxe da: zertarako? Eskakizun legitimo batzuen atzean ezkutatu dira: pribatizazioak, pribatuan lan egiten duten zuzendari eta langileak, zerbitzuetako hierarkiak, pribilegioen defentsan lan harreman eta negoziazio mahaietako lagunkeria eta losintxak. Mahai sektorialetako modus operandi-a monopolizatu nahi dute. Azken 50 urteetan eliteen defentsan jardun duten horiek ardi larrua jantzi, eta gure ehizan etorri dira.
Haien hitzetan, hizkuntza eskakizunak eta espezializazio azterketak erkidegoen eskuduntza izatea «espainiarren arteko berdintasunaren aurka» doazen neurriak dira. Oldarraldiaren alde mobilizatzen dira euskal medikuak, gero Miribillara Kontseiluarentzako argazkirako joateko. Dantzan jarri gaituzte, zigorturik baina langile klase kontzientziarik gabe bizi diren kolektiboko kideak manipulatuta, agenda neoliberal eta zentralistan murgildu gaituzte. Engainatu gaituzte ederki.
Medikuen sindikatuak Madrilen ministerioarekin zuzeneko negoziazio mahai partikular bat edukitzeak ez ditu gure eskubideak hobetuko. Aldiz, Euskal Herriko langileek lorturiko eskubideak estatukoekin uniformizatu (jaitsi) eta egungo egiturazko botere harremanak indartu baino ez ditu egingo, osasun pribatua elikatzen jarraituz.
Medikuak badira mobilizatu den sektore pribilegiatua, nola azaldu osasun teknikariei begirako greba deialdi espezifikoak? Horiek ere klase sindikatuetatik kanpo kokatu dira, eta inguruko eragileetako afiliatu, militante, kideak ere bertan murgildu dira. Faxistak dira parte hartu duten horiek guztiak? Salduak, akaso? Berekoiak? Ala, ohi bezala, komunikabideen eta alderdien mezuekiko kontrapisu faltak, borroka zelai ideologikoa hustu izanak, eraman gaitu porrotera?
Mobilizazio hauek sektore abertzale eta ezkertiarretan arrakasta izatea sintoma bat besterik ez da: ez da egituraketa eta lanketa ideologiko nahikorik egin. Lankide batek irratian mobilizazio hauek konbentzimenduz defendatzean lotsa eta amorrua sentitu beharko genituzke herri eragileok.
Alderdiak, sindikatuak, herri mugimendua ez dira nahikoa inplikatu antolakuntza eta konfrontazio ideologikoaren lanketan. Immobilismoak eta konformismoak eraman gaitu egoera honetara. Faxismoaren etorrerarekin mehatxatzen gaituzte egunero, baina gero ez dugu deus egiten berau erbesteratzeko.
Egituraturik dauden espazioak probestu eta eragileen aktibazioa bilatu beharko ditugu denon artean. Ustez faxismoaren aurkako txertoak zuen herria espainiartu (edo frantsestu) eta kapitalak irentsi aurretik. Martxoaren 17rako gordeko dugu aukera. Lankideen klase perspektiba marjinala eta gutxietsia bihurtu nahi duten honetan, goazen lanera.