Heriotza eta babesa

Agurtzane Gomez
2025eko abenduaren 16a
11:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oharra: Artikulu hau Agurtzane Gomez Gaztezulo-ko zuzendari izandakoak idatzi zuen hil baino lehen, Gaztezulo aldizkarian argitaratzeko. BERRIAk aldizkariaren eta Gomezen senideen baimena jaso du egunkarian artikulu hau zabaltzeko. 

Osasun aldetik primeran egotetik hilzorian egotera pasatu naiz. Apendizitisa-edo izan zitekeena epe laburreko biziraun diagnosi bihurtu da. Eta hor nago, maite ditudanekin batera albiste hori asimilatu nahian. Denbora gutxi, pendiente asko eta mentalki asimilatzen arratsaldean etxetik normal atera naizela eta ez naizela gehiago itzuliko.

Emozio eta larritasun zurrunbilo horretan, non egun hori bizirauteko borrokan nabilen eta aldi berean pendiente horiek guztiak itxi nahian, kontziente naiz albistea ematen joan behar dudala eta gertukoenen zerrenda erabaki dut: lehenengo hauei esango diet, gero beste hauei... Mezua garbia izan da: diskrezioa, argi eta garbi azpimarratuz unea iritsita emango diedala baimena nire egoeraren berri hirugarrenei emateko edo nik neuk aurrerago egiteko asmoa dudala. Momentuz, ez dudala beraiengatik ezer behar, eta mezuaren helburua besterik gabe jakinaren gainean egotea dela, «hiltzen ari naiz», «Agurtzane hil egin da» baino samurragoa izango dela pentsatu dudalako. Gauzak ondo egin nahi ditut.

Formula bat erabaki dut: eguna biziraun + pendienteen zerrenda murriztu + gertukoekin azken momentuak aprobetxatu + jakinarazpen zerrenda jarraitu. Formulak gutxi iraun du, ordea, eta egoeraren berri eman ez diedanen mezuak eta deiak jasotzen hasi naiz.

Badakit haien helburua berez zintzoa dela eta ez dutela asmo txarrik, babesa adierazi nahi dutela, baina mezu eta deien pilota handitzen ari da ordutik ordura. Nire nahia denek jakitea balitz, nik neuk Whatsappeko taldean idatziko nuke: «Kaixo, talde! Hiltzen ari naiz. Agurtzane naiz», Vanesaren Whatsapp mezu ospetsuaren moduan.

«Eta bihar arratsaldean pasatzen banaiz?» edo «Deika nabil, baina ez didazu hartzen»,  «En linea zaudela ikusten dut. Zer moduz zaude?». Azken egunak nire alboan egoteko aukeratu ditudanek badakite ez nagoela ospitaleko ohean lasai orduak pasatzen uzten, eguna biziraun nahian nabilela. Ez dakit bihar arratsaldean ebakuntza-gelan egongo naizen, ZIUan edo sikiera bizirik jarraituko dudan.

—Orduan, etzi hobeto? Eske etzi, adibidez goizez, hobeto datorkit.

Orain nire formulari babesa erakutsi nahi didatenen agenda kudeatzea gehitu behar diot eta gertukoei eskaintzeko denbora murriztu. Bere kabuz bisitara etortzen direnak ere badaude, goiza alferrik ospitalean igarota ni ebakuntza-gelan nagoelako. 13:50ean igo naute gelara, baina babeserako tarte gutxi dute, izan ere alboko jatetxean 14:00etan mahaia erreserbatu dute. Berdin du nire senarrak azken sei egunetan makinako sandwich eta kafetegiko bokata eskasak bazkaldu eta afaldu baditu. Babesa erakutsi bai, baina jatordua ganoraz egitea sakratua dela ohartu naiz. Tripa ondo beteta, bi ordu geroago itzultzen dira agurtzera, izan ere goizeko 10:00etatik daude hor.

Osasun egoera larritzen ari da, bost ordu pasatu ditut hil ala biziko mediku-arreta jasotzen. Gelara itzuli, mugikorra hartu eta 40 Whatsapp eta 7 dei galdu... Senarraren eguneko mezu eta dei kopurua ezin da zenbatu, bere zenbakia buklean zabaltzen ari da. Hemen ez dago datu babes legerik.

Istorioak bere morboa du: hilzorian egoteko gaztea naiz, bat-batean gertatu da, eta ondo egotetik 15 egunen bueltan hilko naiz.

Herrian eta inguruan zabaltzen hasi da. 2022tik Whatsappik bidali ez didatenen mezuak jasotzen ari naiz. Eta nahi ez nuena gertatu da: aurrerago nik neuk kontatu nahi nien pertsonak kanpotik enteratu dira. Akabo erabakita nuen jakinarazpen orden zerrenda.

Berriro diot badakidala asmoa ez dela txarra, eta babesa adierazi nahi digutela, baina nire bizitzako azken egunen formula biziraun + agendak kudeatu + mezuak erantzun bihurtu da, eta ez nuen hori nahi.

Aaaaaa!! Justu ze egunetan eta zein ordutan, gutxi gorabehera, hilko naizen jakin nahi dutenak ere badaude... badakizu, umeak, lana eta gauzak antolatzen joateko, baina behar dudan guztirako daude...

Enpatia ariketa bat eginda, nola pasatu nahiko zenituzke zure azken 72 orduak?

Azkenik, Donostia ospitaleko langile guztien lana goraipatu nahiko nuke, guztiz ezezagunak izanda, benetako babesa, enpatia, laguntza eta gertutasuna adierazi digutelako: zeladoreak, garbitzaileak, erizain laguntzaileak, erizainak eta medikuak. Guztiek egin dute ahal zuten guztia eta gehiago senarra eta ni ahalik eta ondoen eta erosoen egoteko. Osakidetza pikutara joan dela mila bider entzuna dut, baina langileen maila izugarria da, profesionalki zein maila humanoan.

Hau irakurtzean ni jada ez naiz egongo, baina jakin baietz, zure babesa jaso dudala.

PD, senarraren partetik: beti elkarrekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.