Alternatibako kidea

Herri altxamenduak

2025eko irailaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oso interesgarria iruditu zait Udaberri Arabiarren inguruan BERRIAk argitaratutako udako seriea; batez ere atarikoa, zeinean azpimarratzen den: «Herritarrek munduko edozein tokitan eskatzen duten gauza bera eskatzen zen: askatasuna, duintasuna, justizia soziala... Finean, statu quo-aren aldaketa bat zen helburua, nahiz eta ez zen halakorik gertatu».

Altxamendu horiek eta munduko beste tokietan (Madril, Paris, Kiev) gertatutakoak harridura ez ezik aztoramena eta nahasmena sortu zuten (zenbait gaitan bezala) nazioarteko arloan geroz eta zatikatuago dagoen Europako ezker tradizionalean.

Alde batetik, herri protestak, altxamenduak eta antzeko eztandak modu batean hasten dira eta aldez aurretik antzeman ezin zaizkien norabideak hartzen dituzte, askotan gure gustukoa ez den norabidean. Alde horretatik, kasu horietan normala da aztoramena sortzea. Baina, bestetik, arazo izan litezke gure itsumena eta ulermen eskasia fenomeno berri horiek ulertzeko orduan. Zer ez genuen entzun ezkerreko sektore batzuen aldetik M15eko El Sol plazaren egitasmoa gauzatu zenean? Mesfidantza eta erdeinua mugimendu berriari, beren parametroetan sartzen ez zelako: politikoki inozoak omen, noraezeko eztabaidetan indarrak xahutuz, nahaste-borraste ideologikoa eta antzeko kritikak leporatzen zitzaizkien plazetako panoramei. Beren buruari ez zioten galdetzen, ordea, zergatik gertatzen ari zen hori guztia eta, agian, arazoa izan zitekeen eurak egotea lekuz kanpo, fenomeno berriak ulertu ezinik.

Kezkagarriagoak izan ziren Sirian Baxar al-Assaden erregimenaren aurka matxinatu zen herri mugimenduaz ezkerreko zenbait sektorek esan zituztenak. Mobilizazio horiek CIAk sortuak omen ziren aurrerakoitzat kalifikatzen zuten erregimena botatzeko, haren defentsa antiinperialistatzat (ergela) joz, herri altxamenduak kritikatuz. Ikuspuntu hain dogmatikotik abiatuta, ez zuten onartzen matxinada hura diktadura eta ustelkeriaren aurka burutu zela, eta errepresioarekin zatikatu eta sakabanatu ondoren, adar islamikoek muturra sartu zuten borroka armatu sektarioak herri matxinada ordezkatuz (herrialde kurduetan izan ezik; hala ere, haiei ere kritikak egin zitzaizkien ISIS borrokatzeko estatubatuarren laguntza militarra izan zutelako).

Herri altxamendua gerra zibilaz ordezkatu izanak ez dio legitimitaterik kentzen herri altxamenduari, ezta arrazoia ematen ere zanpatzen saiatu zen erregimenari, zeinak errusiarren laguntzarik gabe aspaldian galdua baitzuen borroka. Eta azkenean, sagar ustela bezala erori zen Errusia eta Iran aliatuek lagundu ezin ziotenean.

Gauza bera esango nuke Hosni Mubaraken ustelkeriaren aurkako Tahir plazaren altxamendu legitimotik Anaia Musulmanek hauteskundeetan etekina atera izanaz. Haien deriba autoritarioa militarki zapuztu zuten, Abdel Fattah al-Sisi diktadore berriaren mesedetan. Horrek guztiak deslegitimatzen al du herri matxinada, demokrazia handiagoa ekarri beharrean, diktadore batek bestea ordezkatuz antzeko-parezido geratu direlako?

Zer esan Libiari buruz. Gogoratzen dut zelako kritika jasan genuen Gaddafiren errepresioaren aurka manifestatzegatik, NATOren konplize bihurtzen omen zigulakoan. Baina Gaddafiren aurka agertzeak inoiz ez gintuen eraman NATOren alde egotera. Nahasketa sektario hori askotan erabiltzen da, antiinperialismoaren (ergelaren) izenean Gaddafi, Baxar al-Assad edo Putin defendatzeko. Tunisia izan zen salbuespena, baina oraindik ez du lortu herri demokrazia ezartzea.

Matxinada horiek herri altxamendu gisa jaio ziren; horregatik, ongi etorriak izan behar ziren ezkerraren aldetik. Bestelako kontua da zer norabide hartu zuten eta nola amaitu diren. Baina hori beste kupel bateko sagardoa dugu eta badu zer ikusterik munduko egoerarekin eta, batez ere, egungo ezkerraren ahalmen estrategiko eta politiko gabeziekin.

Eta Europan izandakoak? M15-Madrilen; Nuit Debut eta Jaka Horien mugimendua, Frantzian; Ukrainako Maidan… Bakoitza bere norabidean, baina arrazoi beretsuetan oinarrituak; alegia, gobernarien ustelkeriaren aurkako mobilizazioak. Alabaina, herri mugimendu guztiek, espontaneoek ere bai, modu batez edo bestez lorturiko indar politikoen eragina izaten dute eta, haien indarraren arabera, norabide bat edo bestea hartzen dute. Esate baterako, Frantzian Jaka Horiek ekidin zuten faxisten sarrera mugimenduan. Espainian ez ziren azaldu ere egin. Ukrainan, berriz, ezkerra ahulagoa zen nazionalismo desberdinen arteko talkaren erdian. Dena den, faxisten presentziak ez zuen Maidan mugimendu faxista bilakatu. Hori Putinen eta haren aldekoen bertsio interesatua bezain faltsua da.

Gauza bera esango nuke borroka militarraz edo herri altxamenduen bidez sortutako gobernu aldaketez. Zilegi deritzogu talde militar ezkertiarrek gobernua irabazteari (azkenak sandinistak izan ziren, El Salvadorren erdipurdi bukatu baitzen), baina alderantziz gertatzen denean? Haustura bideak berez dira kaltegarriak ala bidean gauzaturikoek indar harremanen araberakoek baldintzatzen dute emaitza? Hala, batzuen gabeziek eta besteen indarrek zehazten dute borrokaren bilakaera norabide batera edo bestera. Zoritxarrez, Ukrainan indar paramilitar faxistek herrialdearen independentziaren alde indartsu jokatu dutelako lortu dute armadan gaur egun duten lekua. Aldiz, Moskuk 2014an Krimea anexionatu zuenean, Ukrainako Alderdi Komunistaren babesarekin egin zuen. Alderdi hori ez da oso aurrerakoia (kontserbadurismo soziala eta estalinismoaren eta sobietar inperioaren nostalgia uztartzen ditu), baina bere jarrerak kalte handia egin zion oro har Ukrainako ezkerrari, ospe txarra eman zion (delako ezkerrak inbasioa laudatzen badu, logikoa da bere gainbehera) ukrainar identitatea bere egiten duen populazioaren aurrean.

Beraz, mundu honetan hipotesi asko irekita daude. Bata da eskuin muturraren garaipenarena; bestea, indar eraldatzaileek aurrera egitea. Ziur nago, iraganean bezala, mundu mailan mugimendu indartsuak agertuko direla —egon ere badaude—. Seguruenik, Europa ez da izango erresistentzia horren muina. Baina ziur nago Europak mugimendu horietan parte hartuko duela

Nik ere uste dut galdera ez dela etorkizunean mobilizazio masibo batzuk egongo ote diren, baizik eta noiz eta nolakoak izango diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.