Gogoan dut umea nintzenean, 8 urte inguru nituela, Ingalaterrara bidaiatu nuela gurasoekin, autoz. Ongi gogoratzen dut amak behin eta berriz begiratzen zuela ea guztion pasaporteak hartu ote zituen. Polita iruditzen zitzaidan pasaportea, irudi ezberdinak zituen liburuxka bat, nire izen-abizen eta argazki eta guzti. Usain berezia zuten gainera, liburu berri bat oparitzen dizutenean sudur zuloetatik sartzen zaizun usainaren antzekoa. Liburuxka barruan distirak zituen irudiren batek ere deitzen zidan atentzioa. Baina atzo balitz bezala bizi dut bidaia horretan ikusten nuela liburuxkan handi-handi idatzita ‘España’. Horrek, ordea, ez ninduen ordezkatzen, identifikatzen ez banuen ere zein zen arrazoia, nik jakin banekielako euskalduna nintzela.
Burura datozkit kotxean entzuten nituen elkarrizketak ere, ulertzen ez nituenak, baina banekien Tuteratik pasatzean ikusten genuen zezen handi horrek ez lukeela hor egon beharko. Banekien nongoak ginen galdetzen zigutenean, eta «¿Pais Vasco? O sea, ¿España?» entzutean, espainiarrak ez ginela erantzuteko beharra sentitzen zutela, eta genuela. Ulertzen ez zuten arren, edo ulertu nahi ez zuten arren, euskaldunak garela azaltzeko beharra sentitzen genuela, eta baita hori arrazoitzekoa ere. Finean, banekien euskaldunak ginela. Sentimendu irrazional soil bat izan zitekeen, haur batek hautematen dituen elementu ezberdinetatik eraikitzen den sentimendu bat. Baina hori baino gehiago zen, eta hori baino gehiago da. Zerk egiten gaitu herri, ordea?
Herri egiten gaitu inguruko beste errealitate nazionaletik bereizten gaituen hizkuntza eta kultura propio bat izateak. Gainera, urteetan zehar berezko bihurtutako ezaugarri sozial, kultural eta politiko propioak ditugu, nazioak urteetako prozesuen emaitzak baitira.
Euskal Herria nazio bat da eta hala aitortua izan behar da, badagoelako lurralde honetan bere burua politikoki subirano irudikatzen duen komunitate bat, badago komunitate bat bere burua autodeterminatu nahi duena.
Beraz, herri honek, Euskal Herriak, independentzia behar du. Ez da ideia identitario bat. Nazio bat gara, bai; euskal herritarrak gara. Eta independentzia behar dugu herri honetan eman beharreko aldaketa sozial, politiko eta ekonomikoak emateko posizioan kokatzen gaituelako. Independentzia behar dugu Euskal Herriaren erreprodukzioa eta biziraupena bermatzeko, zeharkatzen gaituzten eta gure bizi baldintzak kaskartzen dituzten krisiei herri gisa erantzun ahal izateko. Behar dugu, irudikatzen dugun eta gure bizitzak bizigarriak egingo dituen zapalkuntza guztietatik gaindiko herri bat eraiki ahal izateko.
Hala eta guztiz ere, 78ko erregimena lotuta eta ondo lotuta utzi zuten. Historikoki isilarazi dituzte gure herriaren alde borroka abiatu duten kideen ahotsak. Historikoki blokeatu dituzte Euskal Herriaren nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea. Noski, egungo egoera ez da honetatik urrun kokatzen, ez ditugu bermatua Euskal Herriaren biziraupen eta erreprodukzioa.
Horrenbestez, egoerari 180 graduko buelta emateko ordua iritsi da. Urte luzez hamaika izan gara txikitatik hauteman ditugun elementu horietatik eraiki dugun sentimendu abertzale hori ulertu, indartu eta aldarrikatu dugunak. Gure herriak duen beharra identifikatu eta kalera atera garenak. Hamaika haur izango gara aldarri independentista kaleetara aterako dugunak. Jarrai dezagun gure bizitzako esparru guztiak bustitzen. Igo gaitezen guztiok herri honen aldeko olatura, eta sor ditzagun olatu berriak. Jarrai dezagun indarrak metatzen, eta urte luzez metatutako hori guztia askatzen. Haur, gazte eta helduok, kaleak, plazak, tabernak eta lanpostuak hartuko ditugu, aldarri independentistaz beteko ditugu, dagokigunagatik borrokatuz eta herri honen etorkizunaren alde. Egin dezagun bultza, ez izateko Euskal Herrian txikitatik ulertu eta azaldu ezin ditugun baina azaltzera behartutako sentimenduak.
Irailaren 14an har ditzagun Donostiako kaleak, herri honen askatasunaren alde. Gure etorkizunaren alde. Ekin eta bultza askatasunera!