Astelehen honetan hasi da Espainiako Auzitegi Nazionalean herri ongietorria antolatzeagatik hamasei euskal herritarren kontra abiatutako epaiketa.
Auzitegi Nazionalak Euskal Herrian duen itzal luzeak dardara bat sorrarazten dio edozein euskal herritarri. Hamaika dira salbuespen epaitegi hori protagonista duten pasadizo errepresiboak; guk ere aukera izan dugu zuzenean ezagutzeko bertako kalabozoetako paretetan hala moduz idatzi edo tailatutako «lasai, dena bukatu da, epailearen aurrean dena ukatu» esaldi babesgarri bezain gordina; aztnugal; poltsa; bainuontzia; makrosumarioak...
Auzitegi Nazionala esan eta Euskal Herriko kultura politikoan oraindik ere txertatuta dagoen astelehen gauetako loezina datorkio askori burura, edo astearte goizetako albisteak irratian (atxilotua ez izateko zoria izan ez zuenarentzat).
Zapaldutako herri baten memorian jositako errealitate txatalak.
Denbora horretan guztian zerbait ikasi badugu da, ezin dugula espero epaiketa justurik Auzitegi Nazionalean. Oro har sistema judizialaren gainean izan ditzakegun iritziak iritzi, Auzitegi Nazionalak dituen osagarriek egiten dute epaitegi hura salbuespenezko, tartean hamarkadetan zehar Euskal Herriaren kontrako errepresioaren bandera-ontzia izatea.
Abokatutzan aritzen garenok ondo ezagutzen dugu halako gaien defentsan aritzea zer den, edozein epaitegitan. Militantzia politiko edota herri borrokekin lotutako gaien defentsan aritzeak aurreiritziek aurretik juzgatuak izatera daramatza defendatzen ditugun horiek, eta epaiketa galtzailearen posiziotik hastea dakar horrek. Hori da sistema judizialak ezartzen duen botere harremana.
Tarte txikia dute, izatekotan, herri borroken baitan garatzen diren harreman kodeek eta etikak. Elkar zaintzak, talde elkartasunak, lan militanteak, bestelako autoritate bati onartutako zilegitasunak eta harekiko diziplinak... ez dute tokirik legea jainkotzat duten epaitegietan.
Ez dugu ukatuko hainbatentzat mingarria, deserosoa edo politikoki desegokia dela, argi dugu. Baina ez da delitu
Hemen sinatzen dugunok argi dugu legea ez dela neutroa; testuinguru soziopolitikotik gaindi, onaren eta txarraren muga zurruna zehazten duen zera. Horregatik iruditzen zaigu arriskutsua dela, legea argudio bakartzat hartuta, edozelako eztabaida politiko edo sozial ebaztea nork, nondik, nola, zergatik eta zertarako gertatzen den ezagutu gabe.
Hori bera areagotu egiten da Auzitegi Nazionalean. Aipatu errepresio bandera-ontzi izateaz gain, edo horrexegatik beragatik hain zuzen ere, defendatzen ditugun lagunen jarduerarekiko jarrera susmatzailea baita. Euskal kultura politikoan erro-errotuta dauden dinamiken kriminalizatzea ikusi ahal izan dugu bertan: txosnak, zozketak, kamixetetako aldarriak, zapalduekiko elkartasun dinamikak, kontzertuak, mobilizazioak, espetxean daudenekiko maitasun adierazpenak, hizkuntzaren defentsa...
Horiek guztiak izan dira nahikoa zantzu milaka euskal herritar bere erraietara eraman, epaitu eta zigortzeko. Finean, Euskal Herriak bere duen dinamika politiko propioaren baitako adierazpenak kriminalizatu eta zigortu egin ditu Auzitegi Nazionalak.
Eta horrelaxe goaz oraingoan ere. Eremu horretan galtzailearen posiziotik, baina beste behin ere halakoak delitu ez direla argi eta garbi izanda, defendatzen ditugun horiei merezitako defentsa ematera. Epaiketa honek bere baitan duen kontraesana agerian uztera, Euskal Herriak bere dinamika politikoa propioa duela aldarrikatu eta kanpoko injerentziarik gabe garatzeko beharra eta eskubidea duela defendatzera. Horregatik argi dugu epai hau ez dela benetan Auzitegi Nazionalean ebatziko, Euskal Herrian baizik.
Bertan bizi den edonork argi du espetxetik atera diren lagun eta kideei harrera egitea ekimen politikoa dela; hamarkadetan gertatutako zerbait da. Euskal Herriko sektore zabal baten tradizio politiko eta militantean txertatutako dinamika. Ez dugu ukatuko hainbatentzat mingarria, deserosoa edo politikoki desegokia dela, argi dugu. Baina ez da delitu.
Fidel Castrok, kriminal gisa zigortuko zuen epaitegian, aldarrikatu zuen historiak absolbituko zuela, historiak eta Kubako herriak arrazoia eman zioten.
Epaiketa honek gure kontzientziak eragin behar ditu eta ozen aldarrikatu egun hauetan Auzitegi Nazionalean akusatu gisa eserita dauden 16 lagunak ez direla ezeren errudun. Ezin dugu isilik geratu, herriak hitz egin dezala.
Idatzi hau honako abokatu hauek sinatzen dute:
Diego Catriel Herchhoren Alcolea (Defentsako abokatua), Santiago González Arias (Defentsako abokatua), Miguel Castells Artetxe, Ainhoa Altzuguren Mitxelena, Nora Morales Cardador, Miguel Ángel Gatón Revilla, Aretx García Gallastegui, Tareq Khalaf Alonso, Iker Etxeberria Amondarain, Irati Agirre Egia, Julio Sánchez González, Saioa Vera Ranea, Laura Díaz de Tejada Sasiain, Iker Gómez Sáez, Alvaro Reizabal Arruabarrena, Zigor Reizabal Larrañaga eta Gorka Itxaso Arriola.