Azaroaren 15ean, Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko partidaren egunean, nazio bat erakutsi genion munduari: nazio solidario bat, kirol munduan ez ezik esparru guztietan ere bere burua ordezkatu nahi duena; herritar eta herri librez osaturiko mundu bat aldarrikatzen duena. Baina, horrez gain, komunitate bat ere marraztu genuen denon artean: hizkuntza bat eta kultura bat, bizipenak eta sentimenduak, eta balio jakin batzuk partekatzen dituena; iragana konpartituta, gaur egungo erronketarako erantzun egokiak bilatu eta ondorengo belaunaldientzat etorkizun hobea eraiki nahi duena. Euskal Herria. Euskal komunitatea.
Komunitate hori etengabe agertzen zaigu. Bizia eta dinamikoa delako. Egunotan Durangon ikusiko dugu. Eta berriro ere ikusiko dugu AEKren Korrikan, Euskalgintzaren Kontseiluak bultzatutako Pizkundean, bertso txapelketetan, musika kontzertuetan, hamaika kultur eta kirol ekimenetan, herritarren ongizatearen alde lanean ari diren elkarte eta mugimendu ugarietan… Eta, nola ez, bada, gure herrietako jaietan. Ekainaren 7an Bilbon Gure Eskuk sustatutako Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki mobilizazio jendetsuan ere ikusi genuen komunitate hori. Ondo begiratuz gero, une oro agertzen zaigu euskal komunitatea: solasaldi batean, kanta batean, begirada batean, kolore batzuetan...
Begien bistakoa da, bestalde, joera erreakzionario eta autoritario bat astintzen ari dela mundu osoa eta, uniformizazioa bultzatzeaz gain, eskubideak murriztu eta, areago, ukatu nahi dituela. Horren aurrean, Gure Eskuk argi du Euskal Herrian autogobernu tresnak baliatu behar direla gure hizkuntza eta kultura zaindu eta suspertzeko, gure erabakitze guneak blindatu eta sendotzeko, eta herritar guztien eskubide guztiak bermatu eta zabaltzeko. Ez hori bakarrik: burujabetza osoaren bidean funtsezko jauzi bat egin behar dela uste dugu.
Baina, horrez gain, komunitatearen zutoinak biziberritu behar ditugula sinetsita gaude. Ñabardurak ñabardura eta diferentziak diferentzia, euskal komunitateak baditu adostasun oso zabalak biltzen dituzten oinarriak: Euskal Herria nazio bat dela, zazpi lurraldez osatutakoa, eta euskara duela berezko hizkuntza; euskal herritarrok gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dugula; XXI. mendeko erronkei heltzeko burujabetza tresna gehiago behar ditugula; herritar guztien eskubide guztiak bermatu beharra dagoela… Konbentzimendu osoa dugu «garai ilun honetan» —askok definitu duten bezala— komunitate anitz horren ehuna trinkotu eta haren balioak berretsi behar ditugula: elkartasuna, auzolana, gizarte zibil aktibo bat, eskubideen bermea… Frankismoaren gau ilunean babesleku izan zen bezala, eskubideen murrizketari aurre egiteko tresna izango da oraingoan ere komunitatea.
Komunitatea ez da estatikoa, ordea; etengabeko bilakaera du oinarrizko ezaugarri, eta bilakaera horretan, aurrera edo atzera egin dezake. Horregatik, komunitateari eutsi nahi badiogu, sen komunitarioa zabaldu nahi badugu, elikatu besterik ez dago. Elikagairik gabe komunitatea hil egiten delako.
Zorionez, Euskal Herrian baditugu komunitatea elikatzen duten hamaika une, gertaera, ekimen… Lehen aipatu ditugu horietako batzuk, harro sentiarazten gaituztenak. Dena dela, esan bezala, gaur egungo testuinguru globalean, elikadura hori indartu behar dela uste dugu. Eta Gure Eskun gure aletxoa jartzeko prest gaude. Horrexegatik sortu dugu Herritu.
Herritu norberaren euskal herritartasuna adierazteko euskarri sorta bat da. Baina hori baino gehiago ere bada. Izan ere, Herritu-ren bitartez, euskal herritarrok autobaieztapen ariketa bat egingo dugu, gure oinarriak berretsiko ditugu eta oinarri horiek munduko edozein lekutan kontuan har daitezen eskatuko dugu. Eta Herritu-ren inguruan bultzatuko dugun dinamika sozial zabalaren bidez, euskal komunitate hori eraikitzen jarraituko dugu, etxean, auzoan, herrian, lantokian… Auzolanean egingo dugulako, ohi bezala. Herritu-rekin bat egiteko gonbita egin nahi dizuegu euskal herritar guztioi: Durangoko Azokan izango dugu denok lehen aukera, eta, ondoren, Euskal Herriko herri guztietan.
Komunitate sendo bat, zein pilare duen argi duena, altxorra da garai honetan. Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko partida gure komunitateak ere jokatu zuen. Eta garaile irten zen, arduraz eta kontzientziaz jokatu eta bere onena eman zuelako. Garaile irten ginen, indartuta atera ginelako egun zoragarri eta hunkigarri hartatik. Altxor bat dugu. Beraz, zaindu, elikatu eta maita dezagun. Herritu gaitezen!