Heziketa digitala

Heziketa digitalaren inguruan arazo handi bat dugu

Julen Linazasoro
2024ko martxoaren 15a
05:00
Entzun

Familia gehienek uste dute ikasgelan zenbat eta ordu gehiago gaia landu, orduan eta lehenago baretuko dela adingabeek, sare sozialek eta smartphoneek osatzen duten ekaitz perfektu hau. Baina oker daude.

Hezkuntza digital eraginkorra eskaintzea ez da ikasleei prestakuntza-ordu asko ematea. Ikasgeletako saioek ikastetxeetatik kanpo jarraitutasuna eta koherentzia behar dute eragin iraunkorra eta positiboa izan dezaten. Gelan lantzen dugunak ez du ezertarako balio, saioak bukatutakoan, ikastetxean edo etxean landu dugunaren kontrakoa ikusten badute.

Oso deigarria egiten zait familiek gaia lantzeko ikasleentzako prestakuntza asko eskatzea, baina ikastetxeetatik familientzako prestakuntzak eskaintzen dituztenean, inor ez joatea, edo oso familia gutxi agertzea. Kosta egiten da saioak egiteko 10-12ko talde minimoak ateratzea, eta gehienetan ez dira ateratzen. Ikastetxea txikia bada, agian egoera hori ulertu daiteke, baina 500, 1.000, 2.000 ikasle dituen ikastetxe batean 10-12ko talde minimoa ez ateratzea beste gauza bat da.

Adingabeek mundu digitala modu seguru eta kontzientean erabiltzen ikas dezaten, funtsezkoa da etxean jasotzen duten hezkuntza eta batez ere eredua. Oinarrizko erabilera-arauak behar dira haurrak edozein motatako pantailekin kontaktua dutenetik: adina ezartzea ikusi edo erabili daitekeena zehazteko, erabilera-denbora zehaztea eta erabilera-lekuak edo erabilera-momentuak argi uztea. Paradoxikoa dirudi familiak proposatzen zaizkien prestakuntzetara ez joatea, haiek baitira konponbideak eskatzen ari direnak.

Familiak ez dira jabetzen mundu digitalak adingabeei dakarkien benetako arriskuez, ezta adingabeek etxean ikusten dutenak mundu digitalean dituzten jarreren eta teknologia erabiltzeko moduan duen eraginaz ere.

Familia askok prestakuntzetara joateko ez dutela denborarik diote. Ez dut ukatzen, denok oso lanpetuta gaude, baina prestakuntzak grabatzen ditugunean eta ikastetxeetatik familiei bidaltzen dizkietenean bi asteko epean ikus ditzaten, grabazioak hartzen dituen webguneak ia ez du bisitarik. Ezta ikastetxe handietan ere. Heziketa digitala ez da familientzako benetako lehentasuna.

Nire ustez, familiek arrisku kolektibo handia ikusten duten arren, uste dute beren seme-alabei ez diela eragingo. «Besteen seme-alabak arriskuan daude, baina nireak ez». Hori zerbait larria gertatzen den arte, eta orduan haiei ere eragiten diela konturatu arte. Familia bakoitzak gaia ondo eramaten duela uste du, haiek ez dutela behar heziketa digitala, beste familiek behar dutela. Smartphonean guraso-kontrolak jartzen badituzte, dena konponduta dagoela pentsatzen dute, baina guraso kontrolek ez dute ezertarako balio haur eta nerabeei sare sozialak erabiltzen uzten badiegu. Baita ere, askok pentsatzen dute haurrak lehen hezkuntzako 6. mailatik DBHko 1. mailara pasatzen badira jada ez dagoela hainbesteko arazorik, baina guztiz kontrakoa da, kasu gehienetan arriskua handitzen da.

Familiei eskaintzen zaizkien saioetara ez joateko beste arrazoi bat da hezkuntza digitalak helduok teknologiaz egiten dugun erabilerari buruzko hausnarketa sakon bat eskatzen duela. Oso jende gutxi dago hori egiteko prest. Heldu gehienek gehiegi erabiltzen dituzte pantailak, eta askok benetako adikzio-arazoak dituzte. Pantailekiko mendekotasuna funtzionala denez (normaltasunez bizitzeko aukera ematen du), eta oso zabalduta dagoenez, normalizatu egin dugu, baina ezinezkoa da haur eta nerabeei hezkuntza digital egokia eskaintzea familiek pantailen gehiegizko erabilera egiten badute eta familia askok pantailekiko mendekotasuna badute.

Ikastetxe batzuek ere hezkuntza digitaleko lana kanpoko eragileei bakarrik bideratzen diete. Kanpoko talde horiek ikastetxeetara joaten dira eta ikasleekin gaia lantzen dute. Ikastetxeek lan handia dute, familiek eta gizarteak presio handia egiten diete sortzen diren gai guztiak lantzeko. Eta, gainera, hori guztia lan-baldintzak aldatu gabe, errekonozimendurik gabe eta askotan familien errespeturik gabe. Baina hezkuntza digitala eraginkorra izan dadin, ikastetxeetan ere koherentzia behar da, adibidez, gailu digitalen erabilerari buruzko araudiekin, irakasleek lan-ordutegian smartphoneaz egiten duten erabilerarekin, ikastetxeek sare sozialetako kontuak erabiltzeko moduarekin, horietan jartzen dituzten edukiekin...

Hezkuntza digitala eraginkorra izan dadin, adingabeek mundu digitala modu kontzientean erabiltzen ikas dezaten, ikasleei zuzendutako prestakuntzez gain, oinarrizko erabilera eta jarrera-arauak etxean zein ikastetxeetan behar dira. Halaber, etxean eta ikastetxean erabilera eredu zuzenak eta familien eta irakasleen arteko ahalegin koordinatuak behar dira. Familiek gidatu behar dute ahalegin hori. Hasteko, ausartak izan behar dute, eta pantailekin duten harremanaren inguruan hausnarketa sakon bat egin behar dute, beldurrik gabe. Soilik familiek hori landu eta pantailekin harreman osasuntsuagoa dutenean, adingabeak pantailen erabilera kontzientean eta osasungarrian hezteko aukera erreala izango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.