Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak

Hezkuntza lege ona izan zitekeen

Miren Gorrotxategi eta Isa Gonzalez
2024ko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun

Joan berria zaigun 2023. urteak berekin eraman du geure herriaren neurriko hezkuntza lege on bat erditzeko aukera. Berritik gutxi duen albistea da, edo, zuzenago esanda, berritik ezer ez duen albistea, gure legebiltzar taldean hezkuntza akordioa adostu eta ia biharamunean jakin baikenuen jeltzaleek eta sozialistek partekatutako gobernuak erraz eta erruz hautsiko zituela hartan jasotakoak.

Gaur, legea osatzeko jendaurreko prozesuari ekin zitzaionetik bi urte pasatxo betetzen diren honetan, urrun sentitzen dugu hezkuntza eremuko 90etik gora sindikatu, gizarte eragile eta aditu entzuteko baliatu genuen ponentzia. Alabaina, gogoan dugu ponentzia amaitutakoan presidente jeltzaleak —entzute prozesu hura erabat faltsututa— adituen ikuspuntuak laburtzeko idatzi zuen txostena, gerora legebiltzar taldeen arteko akordioa izan behar zuena. Orokortasunetan oinarritutako testua zen, konpromiso zehatzik gabea, hotsandiko hitzez josia, eskola publikoari buruzko aipamen gutxi jasotzen zituena, guztiak ere lausoak; hain testu zabala, ezen edonork bere egin baitzezakeen.

Elkarrekin Podemos-IUn, balizko akordioaren partaide izateak zeukan garrantziaz jakitun, negoziazio lanei ekin genien eta behin betiko testuan hezkuntza publikoaren aldeko zenbait neurri txertatzea lortu genuen, hala nola Euskal Eskola Publikoarentzako Plan Estrategikoa, bere perimetroaren handitzea, Haurreskolak Partzuergoa indartzea eta titulartasun publikoko ikastetxeetan behar adina ikasposturen eskaintza. Itunpeko ikastetxeen eremuan ere zenbait neurri adostu genituen, ituntze unibertsala eta neurrigabeko eskaintza amaitzeko.

Jakin badakigu akordio hura hobe zitekeela. Nolanahi den ere, aintzat hartu behar dugu gure taldeak daukala ordezkaritzarik txikiena akordioaren sinatzaileen artean, eta, horrenbestez, bazeukala nahikoa merezimendu akordioan islatzeak negoziazioen funtsa: hezkuntza publikoaren aldeko zenbait neurri zehatz, programatikoak eta ebaluagarriak.

Akordioa adostuta, Hezkuntza Sailari zegokion hura ezartzea, eta orduan —enegarrenez salatu behar—, konpromiso eta adostasun guztiak zapuztu zituen. Lege aurreproiektua aurkeztu orduko eraikia zuen hari eusteko arau hezurdura guztia: alde batetik, ikastetxeak planifikatzeko dekretu proiektuaren bitartez, ikastetxe publikoak eta itunduak parekatzen dituen «Euskal Hezkuntzaren Zerbitzu Publikoa» termino okerra eman zuen estreinakoz; eta, bestalde, itunak berritzeko aginduaz baliatuta, itunpeko ikasgelen ikasle/irakasle ratioak jaitsi zituen, ituntze maila berari eusteko xede bakarrarekin, nahiz eta jaitsiera demografikoak ikaspostuen eskaintza egokitzea eskatu. Eta, gainera, azken arau horrek bi urteko haurren ikasgelak ituntzeko bidea ireki zuen, nahiz eta legediak aukera hori jasotzen ez duen eta hezkuntza akordioa osatzeko negoziazioetan asmo hura ez zen aipatu. Areago, akordioan Haurreskolak Partzuergoa indartzeko konpromisoa jasotzen da; paradoxa galanta.

Ordudanik, denborak aurrera egin du eta Hezkuntza Saila kosta ahala kosta aritu da epeak ziztuan agortu nahian legea ahal bezain pronto onartzeko, nahiz eta bidean lagun asko eta askotarikoak galdu dituen, horietan ia guztiak euskal eskola publikoa lehenestearen aldekoak.

Gure taldean, bien bitartean, Eusko Legebiltzarreko araudiak irekitzen dizkigun bideetan barrena ibili gara gure hezkuntza sistema publikoa defendatzen. Iragan berri den urtean, adibidez, gobernuari zuzenduriko hamalau galdera egin ditugu, kontroleko bilkuretan sailburuak eta lehendakariak ahoz erantzun zezaten; 30etik gora informazio eskabide bete ditugu, Hezkuntza Sailari ikerlanak, datuak eta beste eskatuz; eta, azkenik, Hezkuntza Sailak idatziz erantzun beharreko hamabost galdera sorta erregistratu ditugu, zenbait erabakiren inguruko iritzi eta balorazioak galdeginez.

Ekimen horietako asko gure hezkuntza sistemaren egungo egoera orokorra ezagutzera zuzendu ditugu: 2019-2023 Hezkuntza Azpiegituren Plana zertan den galdetu dugu, egun ere egitasmo amaigabea; agindutako zenbat sukalde ote dauden eraiki gabe eta zenbat denbora iragan ote den jangelak kudeatzeko eredu berriaren zain gaudela… Haurreskolak Partzuergoko matrikulazio datuak eskatu ditugu, ustezko eskaintza unibertsala faltsua dela agerian utziz, ikasturte hasieran argi geratu baitzen ikaspostuen gabezia handia zegoela, hiriguneetan batik bat; aniztasuna eta zaurgarritasuna modu orekatuan banatzeko araudiaren inguruko balorazioa eskatu diogu Hezkuntza Sailari, eskola segregazio tasa altuak zuzendu behar omen zituen araudia gure hezkuntza sistemako arazo larriena betikotzen ari baita; eta zenbatetan eskatuko ote genizkion ikasleen gaitasunen inguruko ebaluazioak, legea onartzear zela argitaratu zituztenak. Nola liteke legea eginda eduki izana aurretiaz gure hezkuntza sistema ebaluatzen duten ikerlanak argitaratu gabe?

Beste ekimen batzuk tokian tokiko egoera bidegabeak azaltzeko erabili ditugu: Ordizian pairatzen duten eskola segregazioa salatu dugu, tokiko eskola publikoko guraso elkarteak eta Arartekoak salatu bezala; Hezkuntza Sailak Aretan bi urteko haurren ikasgela ixteko asmoa zeukan, eta guk, geure esparrutik, erabaki hori saihesteko ahalegina egin dugu; Andoaingo Ondarreta herri eskola ere aipatu dugu kontroleko bilkura batean, umeak matrikulatzeko orduan jazotzen ari den neurrigabeko desoreka agerian uzteko; eta, tamalez, aipatu gabe utziko ditut hainbat kasu, artikulu honen luze-laburrak behartuta.

Ekimen horietako batzuk gure ekinbidearen fruitu izan dira; gehienak, ordea, sindikatu, gizarte eragile, hezkuntza komunitate eta adituengandik edan ditugu. Horiei guztiei geure esker ona agertu nahi diegu prozesu honetan guztionetan eskainitako laguntzagatik, nork bere esparrutik, nork bere eremutik helburu partekatua izan baitugu eta izango baitugu: euskal eskola publiko berdinzale, indartsu eta osasuntsua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.