Hezkuntza legeaz eta biziraupenaz

Jon Aleman eta Iñaki Lopez Luzuriaga
2022ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Martxoaren 18an, gorabehera askoren ondotik, EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Podemosek EAEko hezkuntza-sistemaren oinarriak adostu zituzten. Gogora dezagun PSEk euskararen arloko zuzenketa esanguratsuak egin zizkiola EAJk eta EH Bilduk adostutako txostenari, EH Bildu posizio zailean utziz. Ondotik, Podemos-ek ere zenbait zuzenketa adostu zituen EAJ eta PSErekin. Azkenik, EH Bildu ere batu zen akordio horretara, beste zuzenketa batzuk txertatu ostean.

Alabaina, horrelako lan luze eta xeheak ez ditu aintzat hartu euskararen egoera diferenteak: euskal eremuak, euskalkiak, erdal eremuetako haur euskaldunak, edota hiru esparru juridikoen arazoa (EAE, Nafarroa, Iparraldea). Tamalgarria bada ere, horrelako errealitateak saihestu eta ezkutatu dira. Are gehiago, EAEn ere, euskararen erabileraren bilakaera endekatuz joan da azken urteotan, hezkuntza agintarien erantzukizun faltaz edo ezinaz. Eta horri ere behar bezala ez zaio heldu. Izan ere, azken urteotan, hezkuntza eremutik emaitza oso kezkagarriak ailegatzen ari zaizkigu. Euskararen bilakaeraren adierazle guztiek beheranzko joera argia erakusten dute, eta uste dugu zerbait eraginkorra bideratzeko garaia heldu dela.

Zoritxarrez, txostena arretaz aztertu ostean, ondorioztatu dugu gabezia eta arrisku nabarmenak dituela. Izan ere, adostutako proposamena euskara gehiago baztertzeko bidea izan daiteke.

Adibidez, txostenaren 68 bis puntuan hau ageri da: ikastetxeek «hizkuntzazko helburuak erdietsiko dituzte beren ingurune soziolinguistikoak eskatzen duen neurrian». Zehazki, zer esan nahi da honekin? Ikastetxeek B2tik beherako helburuak ezarri ahalko dituztela gune soziolinguistikoaren arabera? Formula bikaina euskara irrelebantziara bidean jartzeko.

131 bis puntuan honako hau azaltzen da: «Hezkuntza eleaniztunaren alde» egingo du legeak, «bi hizkuntza ofizialen eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza baten bidez». Eredu hirueledunera goaz, bistan da. Nafarroako esperientzian oinarrituz, gure kezka areagotu besterik ez da egiten. Euskarazko murgiltze eredua aipatu ere ez da egiten, noiz eta Espainiako Auzitegi Gorenek Kataluniako murgiltze eredua hautsi eta gaztelania behartuki sartu dioten unean.

Adostutako dokumentuan, Euskal Herriaz, euskal kulturaz, euskal curriculumaz eta eremu arautzaile burujabeaz aipurik ere ez da ageri, ezta hezkuntza euskalduna edota euskal kultura sustatzeaz ere. Bai, ordea, «hezkuntza eleaniztunaz eta kulturen arteko hezkuntzaz». Ustezko «aniztasunaren» aldeko diskurtsoak ordezkatzen du euskararen aldekoa behar lukeena.

DBH bukatzean, euskararen eta gaztelaniaren «ezagutza praktiko nahikoa» eta atzerriko hizkuntza baten «ezagutza nahikoa» izango ei dute ikasleek. Helburu berberak ezartzen dira euskararako (egoera zaurgarrian) eta gaztelerarako (erabat nagusi den hizkuntza inposatua). Bietan, DBH bukatutakoan erdietsi beharreko maila B2 izango da. Horrek ez dauka ez hankarik, ez bururik. Ustez zuzena dirudiena baina helburu tranpatia besterik ez dena. Gazteleraren ezagutza bermatzeko soberan daude ikastorduak, baina euskararen «ezagutza praktikoa» nola bermatuko dute ikastorduak murriztuta? Are gehiago, orain arte inoiz eta inon bete ez denean?

Lanbide Heziketan, ostera, «dagokion lanbide-eremuko hizkuntza-gaitasun teknikoa» eskuratu beharko dute ikasleek. Zein hizkuntzatan ez da esaten, baina EAEko lanbide heziketan D ereduko matrikulazioa ez da %20ra heltzen. Apustu ausarta benetan!

Eskolako jarduera eta harreman guztietan euskara lehenetsiko dela esaten da. Zoritxarrez, egungo D ereduan gutxitan lortzen da hori. Bada, nola lortuko da eredu hirueledun batean?

Ikasleen taldekatze-irizpideez ere ez da ezer esaten. Hortaz, pentsa dezakegu haur etxetik euskaldunak sistematikoki segregatuko dituztela aurrerantzean ere, haurron nortasuna eta oinarrizko eskubideak urratuz. Horrela, ikasle euskaldunak ataka estuan jartzen jarraituko dute, eta emaitza agerikoa da. Ikasle euskaldunek euskara alboratu eta gaztelera besarkatzen dute, talde nagusira asimilatuak izan arte.

Gauzak horrela, ikasle askorentzat praktikoki ezinezkoa izango da euskarazko B2 maila eskuratzea. Egun ikastetxe gehienetan gaztelania jaun eta jabe delarik, uste dugu lege oinarri hauek ikasleen arteko harremanetan gaztelera indartzera datozela, eta arazoa atzeratu besterik ez dutela egiten. Hau da, ikasle euskaldun eleaniztunik gabe, ikasle gazteleradun oso baina euskaldun pasiboak, «motzak» irtengo direla eskolatik, ingelesezko ezagutzak gorabehera. Akordio hau ez zaigu inondik inora «historikoa» iruditzen, zenbait politikariren hitzak parafraseatuz. Izatekotan, historikoa izanen da euskal mundura ekarriko digun atzerakada, agian behin betikoa, sinatzaile batzuen nahiak betez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.