Hezkuntza publiko eta euskaldunaren alde

2013ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
PPren gobernuak eta haren hezkuntza ministro Wertek hezkuntza sistemaren kontrarreforma frankista onartu nahi dute: LOMCE. Hori inposatzea lortzen badute, atzerapausorik handiena izango da hezkuntza publikoarentzat eta, beraz, langileentzat eta gizarteko sektore kaltetuenentzat. DBHko lehen urteetatik ikasleak etengabe banatzea ekarriko du, oztopoak jarriz, bata bestearen atzetik, kualifikazio handiagoa duten kurtsoetara pasatzea eragozteko, goi mailako Lanbide Hezkuntzara, Batxilerrera edo Unibertsitatera. Hiru errebalida ekarriko ditu: bata DBH 4an, bestea 2. batxilerrean eta, ondoren, unibertsitatera sartzeko. Ikasleen eta irakasleen eskubide demokratikoen murrizketa historiko bat izango da ikastetxe barnean. Jada planteatu da gure greba eskubidea kentzeko mehatxua, eta administrazioak hautaturiko zuzendari «diktadorearen» irudi berria inposatuko du.

Baina hori ez da guztia: erlijio katolikoaren ikasgaia itzuli nahi da, eta ebaluagarria izango da eta espediente akademikorako balioko du. Begi bistakoa da PPk duen nostalgia. Eskola pulpitu gisa erabili nahi du, horren bidez gazteria doktrinatzeko eta Eliza katolikoari diktadura garaian hezkuntza barnean eduki zuen boterea itzultzeko. Horrela, beraz, kontrarreformarekin erraztu egiten dute baliabide publikoak enpresa pribatuekin edota Eliza katolikoarekin egindako hezkuntza kontzertu berrietara desbideratzea, gure ikastetxe publikoak edota ikastola asko muturreko egoera batean dauden bitartean eta unibertsitateko tasak izugarri handitzen diren honetan.

Baina hori guztia nahikoa ez, eta, orain, eraso jo puntuan jarri nahi dituzte frankismoak jada zapaldu, jipoitu eta erreprimitu zituen hizkuntzak, egoera larri batean utzi zituenak. LOMCEaren helburu da euskara, galegoa eta katalana laugarren hizkuntza gisa jartzea lehen eta bigarren hezkuntzan. Lege berriak hizkuntzak hiru kategoriatan bereizten ditu: enborrekoak (gaztelera eta lehen atzerriko hizkuntza), espezifikoak (bigarren atzerriko hizkuntza) eta espezialitatea (euskara, galegoa, katalana). Lehenek ordutegiaren %50 hartu beharko dute gutxienez, bigarrenek %50a gehienez eta hirugarrenek ez dute denbora minimo bat zehazturik. PPren gobernua izango da enborreko horien edukiak eta gutxieneko ordutegia erabakiko dituena, baita espezifikoen gehieneko ordutegia ere.

Gurasoek euren seme-alabek zein hizkuntzetan ikasi nahi duten hautatzeko aukera edukiko dutela aterki bezala erabiliz, legeak derrigortu egingo du gaztelerazko plaza pribatu bat ordaindu diezaieten ez badago plazarik publikoan edo kontzertatu «zentzudun» batean, pribatizazioa are gehiago erraztuz. Hori ikasleen banaketa linguistikoa bultzatzea da, eta horren aurka gaude erabat. Hain zuzen ere, neurri horrek batez ere Kataluniari eragiten dio, murgiltze linguistikoko eredu bakarra baitu, eta, bitarteko gutxi eduki arren, arrakasta izan baita, historikoki jazarria izan den hizkuntza bat babesten duen heinean, katalana kasurako; lerro linguistikoetan zatiketa eragozten du, eta ongi frogatu da katalan guztiek ongi hitz egiten eta idazten dutela gaztelaniaz. Eredu hori frankismoaren aurkako borrokaren bidez eraiki ahal izan zen, milaka eta milaka langile emigranteren eta katalanen babesarekin, katalana hezkuntza publikoko hizkuntza gidari gisa defendatu baitzuten.

Euskal Herrian, aldiz, (eta baita Galizian ere) jada ezagutzen dugu nora daraman lerro linguistikoetan zatitzen duen ereduak. Euskarak Euskal Herri barnean hizkuntza minorizatu gisa bazterturik dagom oraindik ere, eskuin españolistak esanak esan. Neurri berri horrekin euskarak, azken urteetako aurrerapausoen ondoren, berriz atzera egiteko arriskua izan dezake. Aurrerakada horiek, ordea, mobilizazioari eta borrokari esker etorri dira, nahiz eta laguntzak, finantzaketa eta PNV, EA, PSE-PSN eta UPNren gobernuen benetako laguntza falta izan diren. Horrenbestez, kalean borrokatuz eta mobilizatuz bakarrik lortuko dugu gure eskubide sozial eta demokratikoak mantentzea.

Oinarrizkoa da kontrarreforma hori gelditzea, eta, horretarako, beharrezkoa da ikasleen eta langileen indarrak elkartzea. Hori dela eta, Euskal Herria Sozialistatik babestu egiten dugu hezkuntza publikoa defendatuz Ikasle Sindikatuak Euskal Herrian eta Sindicato de Estudiantesek Estatu guztian zehar deitu duen borroka aste berria, LOMCEa berehala atzera botatzea eta Wertek dimisioa ematea eskatzen duena. Aste honen barnean, 72 orduko ikasle greba orokorra sartzen da datorren otsailaren 5ean, 6an eta 7an. Horrekin batera, babesa eman nahi diogu LOMCEaren aurka ELA, LAB eta STEE-EILAS-ek martxoaren 2rako proposatu duten mobilizazioari. Dei egiten diegu langileen sindikatuei eta ikasle erakundeei bi mobilizazio horiei babesa emateko. Asko dago jokoan, eta ezin diegu utzi kentzen iraganean hainbeste sakrifiziorekin lortzea kostatu ziren eskubideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.