Lau urte iragan dira jada EAJk lehendakaritza eskuratu zuenetik. Luze joan dira urteok, eta, hezkuntzaren inguruan itxuraz gauza asko gertatu diren arren, Cristina Uriarte buru izan duen sailak ez dio inolako mesederik egin hezkuntza sistemari, hezkuntza publikoari bereziki. PSEk hasitako murrizketei jarraipena eman die, eta, Steilasek iragarrri bezala, Madriletik eta Europatik datozen lege organiko, dekretu eta gainontzeko irizpideei men egin die—LOMCEz baliatuz Heziberri proiektu neoliberala ezarri nahi izan du—, gure hezkuntza sistema estura ekonomikoa abiapuntu duen planteamendu baten pean ezarriz. Gutxiagorekin gehiago egiten ikasi behar omen dugu hezkuntzan. Ondorioz, Sailaren sare publikoarekiko utzikeria ikaragarria izan da, langileon lan baldintzen okertzea eta baliabideetan murrizketa izugarriak ekarri dituena. Planteamendu honetatik abiatuz eraiki du Hezkuntza Sailak bere hezkuntza politika, hezkuntza ulertzeko modu neoliberalaren paradigma, alegia.
Paradigma honen adierazle diren kontu guztiak hizpide izaten ari dira azken hilabeteetan, eta steilaskideok garbi dugu: ez dugu inoren eredu izan nahi (ezin baitira herrialde ezberdinetako hezkuntza sistemak alderatu bata bestea baino hobea dela esateko); ez dugu ELGE eta PISAren morroi izan nahi; ez dugu ebaluazio sistema obsesiboetan sinisten, are gutxiako eskolaz kanpoko ebaluazioak badira; ez dugu uste kontrolik gabeko itunen unibertsaltasuna beharrezko denik (are gehiago, itunetan oinarritutako hezkuntza sistema bat porrotaren adierazle garbia delako); ez dugu herritarrongandik urruntzen den curriculumik nahi; ez dugu neurri gabeko hirueleko markoetan sinisten; ez dugu hezkuntza sistema segregatzailerik nahi, ez dugu patriarkatua ardatz duten ikastetxeetan sinisten; ez dugu sinisten murgiltze eredu euskalduna ez duten proiektuetan; ez dugu eskoletan erlijiorik nahi ezta eredu gerentzialik ere.
Beraz, eraiki behar dugun hezkuntza sistema berri horretarako bidean beharrezkoak dira hezkuntza komunitatearekin adostutako curriculumak, Euskal Herria abiapuntu izanik, inguruarekiko hurbiltasuna erreferentziatzat dutenak. Ikastetxea bera eta bertako langileen ebaluazioak oinarri dituen sistema eraiki behar da (ELGE, PISA eta ikastetxeen eta herrialdeen konparaketak helburu dituzten gainontzeko ebaluazioak baztertuz); hezkuntza publikoan eta beronen garapenean sinisten dugu herrigintzarako erreminta bakar gisa.Euskara ardatz duen sistema nahi dugu, hezkidetza oinarri duten proiektuak eraiki behar dira eta hezkuntza komunitate osoaren lidergo partekatua behar da eskoletako proiektu hauek aurrera egin dezaten. Hezkuntza laikoa behar da, sinesmen guztiak errespetatuko dituena, eta aniztasuna elementu aberasgarri gisa hartuko duena.
Ziur gaude, kontu hauek guztiek adostasun zabala izango luketela gure jendartean. 2014an dozenaka eragile sozial eta sindikalek euskal herritarren hezkuntzarako eskubidearen oinarriak adostu zituzten —pertsona guztiek dute hezkuntza publiko, euskaldun, plural, laiko eta doakoa eskuratzeko eskubidea...—. Datorren legebiltzar berriari gutxieneko adostasunak lortzeko ahalegin zintzoa eskatzen diogu, eta eratuko den gobernuari hezkuntza komunitatearekin elkarlana eta akordioa bultzatu ditzala, amesgaiztoa lehenbailehen amaitu dadin. Denona eta denontzat izango den hezkuntza sistema eraiki beharra dago lehenbailehen, iparraldera edo hegoaldera begiratu gabe, Euskal Herritar guztien hezkuntza eskubideak aukera berdintasunean bermatuko dituena.
Hezkuntza sistema berria eraikitzearen alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu