AEK-ko Nazio Kontseiluko kidea

Hiru puntu

Aize Otaño Lizarralde
2026ko urtarrilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

8.300 milioi inguru biztanle munduan. 2.240.000 EAEn; 684.000 Nafarroan; 320.000 Ipar Euskal Herrian. Azken datu horiek hala daude jasota Interneten... Zergatik ote? Geuk, bederen, esango dugu Euskal Herrian 3.244.000 biztanle inguru bizi garela, kalkulagailua oker ez badabil, behintzat. Orain gutxi, 30.000 metro koadroan 6.500 euskaltzale baino gehiago batu ginen. Piztu ditugu txinpartak, bada, pizkunde berri bat abiatzeko. Dudarik ez dago, munduaren handitasunean Euskal Herria txikia bada ere, txikitasunean handiak garela. Euskaltzaleok bagara nor, eta bagarenez, txinparta horiek piztu duten metxa ez itzaltzeko ardura dugu. Tamalez, ordea, metxa horri ufaka dabiltza, itzali nahian, bat baino gehiago. Eta beste batzuk, agian, ez dira ufaka ari, baina bai ez ikusiarena egiten.

Beste gauza askoren artean, joan den abenduaren 27an ahoan bilorik gabe oihukatu genuen orain arteko hizkuntza politikek eman dutela eman beharrekoa. Horrekiko adostasuna zabala eta sendoa da; ingurumarian gertatzen denari so egin diezaiola nork edo nork, begiak ireki nahi ez baditu eta, gainera, ukatzeko ausardia badu. Beste behin ere: euskararen etorkizuna jokoan da! Eta joko-zelai horretan, jokalari asko gara, asko eta askotarikoak, jakina. Batzuok urte mordoa daramagu jomuga bera ipartzat lanean, eragin nahian, konpromisoak eta emaitzak bilatzen. Eta bidea ez da samurra, ez horixe. AEKren kasuan, 45 urte bete berri dira 1. Korrika abiatu genuenetik, eta egun ere garai hartako beharrizan nahiz aldarrikapen bertsuak ditugu. Horren atzean seinale onik ez, zaharrak berri...

Lehen ikusi dugu: sareak zatikatuta egiten du Euskal Herriaren proiekzioa mundura. Eta kanpora begirako proiekzio hori barrura begirakoa bezain kaltegarria da. Ditxosozko hiru eremu administratiboak, bi estaturen mende, bi hizkuntza hegemonikoren pean. Gaitz horren guztiaren bizirauleak gara, bai AEKn, bai nonahi. Gure xedea lortu nahian, une oro gabiltza horma sendo, tinko eta, ustez, hauskaitz baten kontra talkan. Pitzadurak sortu ditugu, zirrikituak topatu, baina eraisteko bideak malkartsua izaten jarraitzen du. AEKn, sorreratik bertatik, hiru eremu administratiboetako markoek baldintzatzen gaituzte, gure egunerokoa ezbaian jartzen dute.

Bat: Euskal Herri osorako egitura egonkor eta iraunkor bakarra aldarrikatzen dugu, agentzia bat, hain zuzen ere. Agentzia horrek oso-osorik koordinatu eta finantzatu behar du helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko jarduna. Ezin diogu gehiago eutsi egungo egoerari. Garaia da helduak euskalduntzea eta alfabetatzea estrategikotzat jotzeko, alor hori koordinatzeko, euskal herritar heldu guztiek euskaraz jakitea helburu izateko... Norabide horretan, indar politikoei dagokie gure sektoreari, orain arteko eta datozen hamarkadetako estrategikotasuna oinarri, tamaina horretako aitorpena egitea. Heldu da unea gure zerbitzua %100ean finantza dezaten, euskararen normalizazioari begira, erabileran, ezagutzan eta sustapenean egiten dugun lana duintasunez egin dezagun. Ezin gara aldian aldiko gorabehera politikoen mende bizi, ezta matrikulazioaren mende ere. Aski da! Baina, bien bitartean, zer gertatzen da? Ikasturtetik ikasturtera, ezjakintasuna. Hori onartezina da.

Bi: doakotasuneranzko bidean, urrats sendoak egiteko eskatzen dugu; euskalduntze-prozesu osoa doakoa izanda, xedea delako herritar guztiei euskara ikasteko eta alfabetatzeko bidea erraztea. Hizkuntza ezagutzea eskubideen eremuan kokatzen dugu eta, hortaz, botere publikoek eskubide hori bermatu behar dute. Bide horretan, gure ustez, doakotasuna da herritarrek dirurik aurreratu behar ez izatea euskara ikasteko eta, nola ez, edonork ikasi ahal izatea euskara. Ez dago herri hau euskalduntzeko plangintzarik, ezta baliabide nahikorik ere...

Hiru: Euskal Herri osoan bizitzako alor guztietan euskara nagusi izatea jomugan, hizkuntza-politika koordinatua, bateratua eta bakarra behar dugu. Horrela, erdaldun elebakarrei sentiaraziko diegu euskara ikastea gero eta beharrezkoagoa dela. Era berean, herritarrek euskara ikasteko eta erabiltzeko erabakia hartu edo hautua egin dezaten, oso beharrezkotzat jotzen dugu hizkuntza-politikako eremuz eremuko zenbait neurrik lege-babesa izatea eta, bertan, ezagutzaren unibertsalizazioa espreski jasotzea. Eta ezin aipatu gabe utzi euskarak dagokion berdintasunezko ofizialtasun-estatusa premia-premiazkoa duela hiru eremu administratiboetan.

Hiru puntu: AEKren kasuan, hiru aldarrikapen nagusi. Baina, aldi berean, hiru puntuek adierazten dute aurretik esandakoa amaitu gabe dagoela eta jarraipena izan dezakeela. Horri eutsi behar diogu guztiok, euskaltzale guztiok. Eutsi, eta aurrera egin. 23. Korrikan, Garazi Arrulak argi baino argiago adierazi zuen: «Esna dadila piztia, zeren kea usaindu duelako izanen da, eta guk badakigu sua egiten». Halaxe da, bai. Pizkundearen txinparta piztu dugu; 24. Korrikaren atarian gaude, euskara guztiontzako aterpe eroso eta irekia dela Euskal Herri luze-zabalean heda dezagun; ekainaren 13a, Euskalgintzaren Kontseiluaren hitzordua, agendan gordeta daukagu. Ez ditzagun hiru puntuak ezabatu. Jarraituko dugu...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA