Inguratuta egotea zer den, zer den begiratzea inguratzen gaituenari, zer den deskodetzea guregana iristen den informazio hori. Zer den gure iragazkietatik pasatzea, norberaren iragazkietatik, denentzat jarrita dagoen informazio hori guztia. Nora joan erabakitzeko, jatetxea aukeratzeko, komuna non dagoen jakiteko, erosiko dudana aukeratzeko… Ia-ia dena karteletan, seinaleetan, iragarkietan… egon da duela gutxi arte. Ingurura begiratu eta topatu izan dugu joan nahi genuen dendako kalea, bisitatu nahi genuen museoa, erosi nahi genuen soinekoa eta ikusi nahi genuen ekitaldia. Era berean, biztanleen eta lekuko kulturaren eta identitatearen seinaleak jaso ditugu.
Baina begiratzeko modua aldatu da, ingurura ez ezik pantailari begiratzen baitiogu eta galdetzen baitiogu jakin nahi dugun gauza asko eta asko. Hizkuntza paisaiari lehiakideak atera zaizkio: maps eta adimen artifiziala.
Hizkuntza paisaia hiri, herri eta espazio publikoetan, baita lantokietan ere, hizkuntza adierazteko moduari dagokio. Era horretara, sortzen dira toponimoak edo leku izenak, tokiei buruzko argibideak, horma irudiak, errotuluak, iragarkiak zein grafitiak, katiluetako eta elastikoetako mezuak, publizitate iragarkiak, eta abar. Horrek guztiak hizkuntz paisaia osatzen du.
Nolanahi ere, euskararen kasuan gertatu ohi da, eta eremu urriko hizkuntzak dituzten Europako lurraldeetan; ohikoa izan da errepide eta kaleetako errotuluak margotzea edo ezabatzea, egokitzat jotzen ez delako agertzen diren hizkuntzen kokapena edo tamaina, edo hizkuntza bakarra agertzen delako, beste batzuen kaltetan. Argi dago, beraz, hizkuntza bat edo beste aukeratzea, erabileraren isla izateaz gain, hizkuntzaren boterearen eta estatusaren adierazle ere badela.
Honako hau diote hizkuntza paisaia ikertu duten bi autorek (Jasone Cenoz eta Durk Gorter): «Mundua, egun, eleanitza da, eta 'estatu bat, hizkuntza bat' zioen ideia erabat zaharkitua dago. Ideia horren ordez, orain, hainbat hizkuntzak elkarri eragiten diote espazio berean. Gero eta ohikoagoa da hizkuntzen eta kulturen arteko ukipena. Ingelesa izatea nazioarteko komunikaziorako hizkuntza. Merkataritza arloko errotuluetan ingelesa erabiltzeak helburu informatiboa duela eta turistentzat soilik dela dirudi. Baina merkataritzako informazioa aztertuz gero, ohartuko gara ingelesak funtzio sinboliko garrantzitsua duela ingelesez hitz egiten ez dutenentzat ere. Izan ere, jendeak mezua ingelesez dagoela ikustean, zenbait baliorekin lotzen du: nazioartekotzearekin, modernitatearekin, arrakastarekin, sofistikazioarekin edo dibertsioarekin, adibidez».
Hizkuntza paisaia ikertzeak agerian utzi du eleaniztasuna oso fenomeno ohikoa dela. Eleaniztasuna hainbat faktoreren ondorioa da. Hona hemen horietako batzuk: mugimendu historiko eta politikoak, adibidez, inperialismoa eta kolonialismoa; ekonomiari lotutako mugimenduak, adibidez, migrazioak; munduko tokien arteko harremanak areagotzea eta nazioarteko komunikaziorako hizkuntzak erabiltzea, adibidez, ingelesa; gizarte eta kultur identitatea, eta eremu urriko hizkuntzak mantentzeko eta biziberritzeko interesa, hala nola geurean euskara.
Egun, hiri modernoak eleaniztasunaren espazioak dira, non hizkuntza anitz elkarrekin bizitzen aurki daitezkeen. Hizkuntza aniztasun handiko hirien adibideak dira Mexiko Hiria (55 hizkuntza indigena) eta New York (700 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira). Gaur egun Euskal Herriko hirigune eta herri askotan ere hizkuntza ugari hitz egiten dira. Hiriko hizkuntzak, arkitekturak, hiri altzariek eta biztanleek espazioa erabiltzeko moduak, biztanleen kultura eta identitateak adierazten dituzte. Hizkuntza desberdinen arteko elkarrekintzek espazio kosmopolitak sor ditzakete edo, kasu batzuetan, espazioaren segregazioa edo hizkuntz ghettoak sortzea ere eragin dezakete.
Euskarara etorriz, arrain handiak arrain txikia jateko arrisku horri aurre eginez, eta legea bete dadin, noski, berariazko hizkuntza politikak daude abian duela hamarkada batzuetatik, euskararen presentzia bermatzeko seinalizazio publikoan, erakundeetan, saltokietan, jatetxeetan, lantokietan, errotuluetan, merkatariek erabiltzen dituzten euskarrietan, makinen aginte pantailetan, seinalizazioan... Euskal Herrian zehar.
Bukatzeko, begiratu batean, ez dirudi gauza bera direnik hizkuntza paisaia eta teknologia, baina, elkarren arteko harremana handia da dagoeneko. Eta pantailetara, eta aplikazioetara, iritsi den adimen artifizialak inguratzen gaitu dagoeneko. Oraindik ez dakigu hizkuntza paisaia nola eraldatuko den, ezta euskara bezalako hizkuntza gutxituengan horrek nolako eragina izango duen ere. Baina goza dezagun paisaiaz, altxa dezagun burua pantailatik, begirada kendu gabe, hargatik.