Garapen iraunkorrerako ekintza-plan unibertsal gisa finkatu da Nazio Batuek onartutako 2030 Agenda. Hala ere, asmo handiko plan horrek ez du aintzat hartzen hizkuntzen dimentsioa, eta kultura-aberastasuna modu mugatuan aztertzen du, nahiz eta horiek biak oinarrizko elementuak izan garapen jasangarrirako. Historiak erakusten du munduan ditugun hizkuntza guztiak eragile ekonomikoak direla; hots, badira bakea eta gizarte-kohesioa lortzeko ezinbesteko faktoreak, eta, azken batean, giza eskubideen oinarri bat.
Munduan 6.000 hizkuntza inguru daude, baina horien guztien %50 desagertzeko arriskuan da, eta hizkuntza-aniztasunaren galera horrek, zeharbidez, mendeetan pilatutako ezagutza baliotsuak galtzea ere gauzatuko luke. Hizkuntzak zaintzea funtsezkoa da inklusiorako eta aurrerapen globalerako. Horregatik, euskararen kasurako, 17+1 helburua proposatzen digute EHUk eta EASO Politeknikoak: hizkuntza eta kultura guztien presentzia eta onarpena bermatzeko. Izan ere, helburu horren xedea da hizkuntza gutxituak dituzten komunitateak ahalduntzea eta ikusaraztea, bai identitate propioak indartzeko, bai legeak eta estrategia politiko eraginkorrak sustatu ahal izateko, bai herriak eta kulturak aintzat har daitezen, bai eta hizkuntza gutxituek presentzia izan dezaten hezkuntza-sistemetan. Hau da, horren funtzioa kezka lokalei ahotsa ematean datza, eta aldi berean, 2030 Agendaren eta Euskadiko errealitatearen arteko lotura ezartzea du xede.
2030 Agendak adierazten duen bezala, pobrezia da aurre egin behar diogun arazorik larrienetariko bat, baina ezingo diogu aurre egin tokian tokiko komunitateen hizkuntza- eta kultura-berezitasunak kontuan hartu gabe. Hori dela eta, hezkuntzaren eremuan, besteak beste, berezko hizkuntzaren eta kulturaren erabilera sustatu behar dugu, eta, aldi berean, hizkuntza hegemoniko eta nagusien ikaskuntzari garrantzia eskaini behar diogu, haur guztiek aukerak izan ditzaten gizarte globalean parte hartzeko. Izan ere, hamabi hizkuntzatan baino ez dago Interneteko edukiaren %90, beraz, mundu modernoa hizkuntza nagusi horiek menperatzen dutela ulertzen da.
Aitzitik, Euskal Herrian dugun esperientziak erakusten digu hizkuntzak eta kulturek berebiziko garrantzia dutela garapen komunitarioan. Hots, gizakiaren eta hizkuntzaren arteko lotura banaezina dela nabarmendu beharra dugu —bai hemen, bai munduan—; horregatik, uste dut lagungarria izango litzatekeela gure bidea partekatzea, hau da, mundura zabaltzea 17+1 helburua. Izan ere, komunitateen barnean hizkuntzek duten garrantzia aitortzea funtsezkoa da. Papua-Ginea Berria hizkuntza-aniztasun handiena duen herrialdea da, 850 hizkuntzarekin, eta estatu horrentzat Euskadiko politikak eredugarriak izan litezke —gure gizalegeek erakusten dutelako aniztasuna egon daitekeela tokiko komunitateetan—.
Aipatu bezala, eten digitala murriztea nahitaezko beste alderdi bat da; alegia, hizkuntza guztietan teknologia berrietarako sarbidea bermatuz, benetan digitalki konektatutako gizartea sortu dezakegu. Gaur egun, hizkuntza ofizial gehien dituen herrialdea Bolivia da, 37 hizkuntzarekin, eta horrek erakusten du garrantzitsua dela zerbitzu publikoetan eta eremu teknologikoetan hizkuntza guztiak txertatzea —bai nagusiak, bai txikiagoak—, komunitateko kide guztiek gizartean parte hartu ahal dezaten. Hala, hizkuntza horien presentzialtasuna ziurtatzea behar-beharrezkoa da haien biziraupenerako eta ikusgarritasunerako. Hori dela eta, 17+1 helburua agenda kolektiboan sartuz, hizkuntza- eta kultura-aniztasuna bermatuko genuke, han edo hemen. Egiazki, hizkuntzak eta kulturak, giza nortasunaren berezko elementuak izateaz gain, ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-garapenerako tresna ahaltsuak ere baitira. Beraz, alderdi horiek alde batera uzteak etorkizun ekitatibo eta iraunkorrerako bidea zapuztuko luke.