Azken urteotan, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), non estatuko botere judizialak bere zerbitzuak ematen dituen eta hizkuntza-koofizialtasun konstituzionala dagoen, Espainiako Justiziak bi premisa eraiki ditu, legearekiko berdintasun orokorrean oinarrituta bakar-bakarrik. Premisa horiek hizkuntza-koofizialtasuna edukirik gabe uzten ari dira. Azken epaietako batek euskararen derrigortasun-ehunekoa baliogabetu du, Bizkaiko Foru Aldundiko (BFA) 77 administrari lanpostuko EPEn.
Epai horren lehenengo premisa da EAEn gutxiengo elebakar erdalduna diskriminatua dagoela eta babes berezia merezi duela. Eta bigarrena, aurrekoaren ondorioz, euskararen —hizkuntza gutxituaren— benetako koofizialtasun eraginkorrerantz aurrera egiteko euskal sektore publikoak ezarritako hizkuntza-politiken diskriminazio positiboa debekatutako diskriminazioa dela, gutxiengo elebakar erdaldun hori diskriminatzeagatik.
Azter ditzagun bi premisa judizialak, ikusteko ez dutela gainditzen gutxieneko kontrastea, ez konstituzionaltasun-blokeari begira, ezta gutxiengo nazionalen eta Europako hizkuntza gutxituen Europa zein nazioarteko tresna juridikoei dagokienez ere.
Batetik, epaiak ez du inolako arrazoi ez frogarik aipatzen, EAEko komunitate elebakar erdaldunak Espainiako Konstituzioaren 14 artikuluaren bigarren zatiko babes berezia merezi duela bidezkotzeko, alegia, zenbait ezaugarri susmagarritan oinarritutako diskriminazioa debekatzen duen zatiko babesa, historian barrena komunitate elebidunaren edo euskal erakundeen diskriminazio sistematikoa jasateagatik.
EAEko gutxiengo elebakar erdaldunaren babesari buruzko zentzugabekeria juridiko horren norainokoa ulertzeko, ezinbestekoa da hauxe azpimarratzea: babes berezia duten gutxiengo onargarri bakarrak estatuan daudenak dira, ez autonomia erkidegoetan, instantziako salak epaiaren bidez bere erara eta modu arbitrario batean proiektatu nahi izan duen bezala. Ergo, babes berezia merezi duen nazio hizkuntza-gutxiengorik izatekotan, estatuaren esparru geografikoan aurkitu daitezkeenak izango lirateke —euskalduna, besteak beste—, eta ez EAEko komunitate elebakar erdalduna, estatuaren esparruan zeharo hegemonikoa dena, ezbairik gabe (NBEko Giza Eskubideen Batzordearen Irizpena, John Ballantyne eta beste batzuk v. Kanadaren kasuan, 385/1989 Komunikazioa, U.N. Doc. CCPR/C/47/D/385/1989 (1993).
Bestetik, Zuzenbidearen iturriei begira, ezin uler daiteke nola printzipioak erabiliz (proportzionaltasun-printzipioa), epaiak behin eta berriro urratzen dituen konstituzionaltasun-bloketik eratorritako arauak, hizkuntza-koofizialtasuna eta Europako zein nazioarteko tresnetan jasotako arauak bloke horrexetatik datozenean. Araua bakarrik bazter daiteke hierarkia bereko edo goragoko beste arau baten ondorioz, eta printzipioak aplikatzen dira, besteak beste, maila bereko eskubide kontrajarriak neurtzeko. Kasu honetan ez dago horrelako gatazkarik, bereziki babestu beharreko hizkuntza gutxitu eta gutxiengo nazional bakarra komunitate elebidun euskalduna delako.
Horrenbestez, ez dago maila bereko eskubideen arteko gatazkarik, juridikoki ez dagoelako babes berezia edo tratu juridiko desberdina merezi duen gutxiengo elebakar erdaldun bat. Baina, horrez gain, oinarrizko eskubideak babesteko tekniken ikuspegitik —alegia, ustez urratutako berdintasun-eskubidearen ikuspegitik—, esan behar da, teknika horien aplikatasuna ezjakintasunaren paradigma dela epaia, ez dituelako behar bezala aplikatzen ez legearekiko berdintasun orokorraren eskubideak eska dezakeen arrazoizkotasun-testa (EK Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluaren lehenengo zatia), ezta zenbait ezaugarri susmagarritan oinarritutako diskriminazioaren debekuak eskatutako proportzionaltasun-testa ere (EKren 14. artikuluaren bigarren zatia). Izan ere, epaiak ahaleginik ere ez du egin BFAren hizkuntza-politika baliogabetuak EKren 14. artikuluko lehenengo ez bigarren zatiaren arabera ikertzeko.
Gutxi balitz, epaiak ez du ondo ulertu tratu juridiko desberdin orok ez dakarrela, ezinbestean, debekatutako diskriminazio-politika; ziurrenik instantziako salak erabaki duelako neurrien legitimitatea eta arrazoizkotasuna bidezkotzeko araugintza-estandar moduan ez aplikatzea koofizialtasuna eratortzen duen konstituzionaltasun-blokea (EKren lehen xedapen gehigarria, Euskal Autonomia Estatutuaren 6. artikulua, eta koofizialtasuna garatzen duten gainerako arau autonomikoak), ezta gutxiengo nazionalen eta Europako hizkuntza gutxituen kontzeptuak ezartzen dituzten Europako eta nazioarteko esparruak ere.
Argudio horiek guztiek bidezkotzen dute orain epaiak deuseztatu dituen neurri orokorren legitimitatea eta arrazoizkotasuna; finean, euren legezkotasuna. Horrexegatik, behean sinatzen dugunok ez dugu uste legearen kontrakoa denik euskal erakundeek, ia 50 urteko koofizialtasunaren ondoren, neurri legitimoak, beharrezkoak eta eraginkorrak ezartzea, hizkuntzen arteko benetako koofizialtasun eraginkorrerantz aurrera egiteko, baita estatuan eta Europan euskara hizkuntza gutxitu gisa bereziki babesteko ere. Zentzugabekeria juridikoa da EAEko erakundeei hizkuntzagatiko diskriminazioa aurpegiratzea, hain zuzen ere haien betebehar juridikoa denean. Noiztik da diskriminatzailea betebehar juridiko bat betetzea?
Kontrara, bi hizkuntzen arteko ia mende erdiko berdintasun juridikoaren ondoren, ez da legitimoa, ez proportzionala, ez beharrezkoa, ez egokia, ez arrazoizkoa, euskal herritarrek ezinbestean jasan behar izatea bi hizkuntza ofizialetan zerbitzuak emateko gai ez den funtzionarioa, hain zuzen ere, euskal zerbitzu publikoetan bete beharreko gastu-eraginkortasunaren antitesia elebakartasuna delako.
Hortaz, egon badago baliogabetutako hizkuntza-politika zehatzak defendatzeko oinarri juridikoa. Baina, estatuko botere judizialean nagusi den elebakartasun mentala dela-eta nahikoa ez balitz, orduan, euskal botere legegile autonomikoaren jaun-andre txit agurgarriok, aldarrikapen eta sendotze prozesu historiko luze eta konplexu bati esker lortutako koofizialtasunaren bermatzaile zareten heinean, eta euskara Herri honen hizkuntza eta babes berezia merezi duena izanik, arau-paradigma aldatzearen alde egin beharko duzue, nazio txiki baina esanguratsu honen hizkuntzari lege-babes hobea emateko.
Atxikimendua eman dute: Alfonso Atela, Arantza Isasmendi, Bea Ilardia, Bego Atxa, Endika Garai, Idoia Gutierrez, Iñigo Santxo, Irantzu Perello, Jon Artatxo, Josu Garai, Joxean Lozano, Mirian Campos, Ramon Zabala, Sergey Aresti, Xabi Saiz De la Maza eta Ziortza Arrien.