Berrikuntzako eta kulturgintzako eragilea

Hizkuntzak sutan, basoak bezala

2025eko uztailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Diotenez, basoa sutan desegiten ari zen, eta animalia guztiak ere sutan galtzeko arriskuan zeuden, baina ez zuten erreakzionatzen, hondamendiari begira zeuden. Kolibri txikiak, oso kezkaturik, eta sugarrei aurre eginez, errekara joan eta bere moko txikiarekin ur pixka bat hartu eta sutara botatzen zuen. Jaguarrak hau ikustean esan zuen: 'Zertan zabiltza, kolibri txiki?'. Honek arnasa hartu eta erantzun zion: 'Sua itzali nahian nabil'. Jaguarrak esan zion ez zuela lortuko. Eta kolibriak: 'Ni nire partea egiten ari naiz; denok berdin egingo bagenu, bakoitzak berea egingo balu, sua itzaltzea lortuko genuke'.

Jatorrizko kultura bakoitzak aurre egiten dio suari bere hizkuntza, bere identitatearen oinarria, desagertu ez dadin. Jatorrizko hizkuntza bakoitzean esaten den hitz bakoitza kolibriaren ur tanta bat da, eta esperantza ematen digu gure ama lurra desegiten ari den suteari aurre egiteko. Huni Kuĩ, Brasilgo Amazoniako indigenak, Kolonbiako nasa herria, Ipar Afrikako berbereak, Euskal Herria, kurduak, nawatak, k’iche’tarrak eta q’eqchi’tarrak, guaraniak, kichwak elkartu gara, partekatu dugu, ehundu dugu, bakoitzak bere partea eginez!». (Tuĩ Huni Kuĩ eta Mikel Mendizabal, Brasilgo mito herrikoiaren egokitzapena).

Garabide Elkarteak ehundutako argitalpen eder batetik ateratako ipuina da, hizkuntza indigenen eta euskararen arteko lankidetzan ekoitzitakoa, ipuinez eta marrazkiz osatua dagoena.

Istorioek duten indarra lerrootara ekarri nahi izan dugu, eta Galeano idazle uruguaitarraren aipu bat etorri zaigu gogora, era berean: «Jende txiki askok, toki txikietan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezake».

Ameriketara joan gara istorioaren bila, hori lotu nahi baitugu Bogotan izan berri den kongresu batekin, hain zuzen ere. Duela bi aste amaitu zen ICML XX XX International Conference on Minority Languages [XX. Hizkuntza Gutxituen Nazioarteko Kongresua] Kolonbiako Externado Unibertsitateko Gizarte Komunikazio Fakultatean izandakoa. Mundu osoko ikertzaileak, ekintzaileak, hezitzaileak eta hizkuntza-hiztunak bildu dira bertan.

Lau egunetan, truke akademikoa, kulturen arteko elkarrizketa, eta hizkuntza jasangarritasunari, justizia sozialari eta hizkuntzek gizarteen eraldaketan duten zereginari buruzko gogoetak egin dira. Hizkuntza gutxituak defenditzea eta biziberritzeko sareak indartzen jarraitzea dira helburu nagusiak.

Kongresua lehen aldiz, eta salbuespen moduan, izan da Europatik kanpo bere XX. edizioan (Galesen sortu zen eta Europan izan ohi da bi urtez behin). Horrek ezaugarri bereziak, «etnikoak» nolabait esateko, eman dizkio ekimenari, inoiz baino gehiago. Bertaratu garenontzat gertuagotik ezagutu ahal izan dugu espainolek eta europarrek konkistatu zuten lurraldearen kultura eta bertako hizkuntzen errealitatea, zantzu nagusiak, besterik ez bada. Horrekin batera, gure berri eman ahal izan dugu, euskarak eta bere komunitateak dituzten erronkak azalduz.

Dakigunez, munduan 6.000 hizkuntzatik gora daude, eta horietatik erdiak galtzeko arriskuan daude, batez ere, horien transmisioa galtzen ari delako, une honetan sakontzeko aukerarik ez dugun arrazoi sozioekonomiko eta politikoengatik. Baina, suntsitze horren aurrean, ezin gara geldi egon.

Kolonbian 115 herri indigena daude eta babeslekuetan bizi dira. Nazioaren Gobernuak komunitate etnikoei emandako lurraldeak dira, eta ezin dira ez erosi ezta saldu ere (besteren ezinak eta bahitu ezinak dira). Baina, 115 herri horietatik 65k soilik mantendu dute jatorrizko hizkuntza. Gainera, esan behar da komunitate indigena guztiak ez direla babesleku horietan bizi, migrazio egoera boluntario eta ez-boluntarioak direla medio. Mugimendu horien ondorioz, hizkuntza indigenen hiztunek beren jatorrizko hizkuntza, eta kultura, utzi egiten dituzte, gaztelaniaren (eta horren kulturaren) aldeko hautua eginez. Horren aurrean, jatorrizko hizkuntzak biziberritzeko formula berrituen bila dabiltza. Haientzat, lurraldea eta ekologia hizkuntzarekin hertsiki lotuta doaz (hizkuntzen kosmogonian eta mundu ikuskeran kokatzen dira). Oinarri horien gainean indartu nahi dituzte hizkuntzak, antzinako jakintzaren eta elementu berrien arteko integrazioa bilatuz.

Latinoamerikarrak dira gaur egun Euskal Herrira beste herrialdeetatik iristen ari diren pertsona asko eta asko. Horiek haien herria, kultura eta, kasu askotan, ama hizkuntza utzita. Guk gaztelaniadun ezagutzen ditugu nagusiki, baina, hizkuntza indigenek bizirik dirauten herrialdeetatik etorri dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.