EHUko Miguel Sánchez-Mazas Katedraren zuzendari ohia

IBM Euskal Herrian: guztion zientzia?

Andoni Ibarra
2025eko urriaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

IBMk bere bigarren System Two konputagailu kuantikoa instalatu du Donostiako IBM-Euskadi Quantum Computational Center delakoan. Horrek pentsarazten digu, esaten digutenez, EAE munduko ikerketa kuantikoaren erreferente izango dela. Gertaerak ez du kezka sozial edo politikorik piztu.

Eta piztu, piztu behar luke garapena iraunkortasunaren norabidean bultzatu nahi bada, baita ikerketa-proiektu eta -programen esparruan ere. Egun, proiektu horien gainean erabakitzen dute, batez ere, zientziaren, politikaren eta enpresaren ordezkariek; gizarte eragileak, berriz, bazter geratzen dira. Erabakimenaren jabetze hori gauzatzen da, batetik, ezagutzaren ekonomizazioaren bidez, eta, bestetik, bikaintasunaren kontzepzio jakin baterantz bideratutako prozesuan.

Zientzialariak eta haien elkarteak bat datoz EAEn: Zientziak erabat autonomoa izan behar du. Horrela egiten dio mesede gehien gizarteari. Berrikuntza beharrezkoa da gure mantenua bermatzeko eta gure bizi-baldintzak hobetzeko; beharrezkoa da, aldi berean, programa partikularretara edo helburu zehatzetara bideratuta ez dagoen oinarrizko ikerketa. Zientzia horrek —oinarrizkoak— bideratzen ditu egiazko aurrerapen zientifikoak, eta, beraz, autonomia eta bere praktiken babesa eskatzen du. Helburu sozialekin lerrokatutako eskakizunekin desitxuratzen bada, adibidez, edo eragin publiko handiagoaren alde egiten badu, zientziak talka egiten du bere ezagutza-ekoizpen librearen izaerarekin. Zientziaren betebehar soziala kontuak ematera mugatzen da: gardena izatera eta kontuak publikoki ematera.

Zientziaren eta gizartearen arteko harremanaren irudi hori inkontsistentea da, erabat, zientziagintzaren eragin eta baldintzei erreparatzen badiegu. Eta horrek harreman hori birpentsatzera eraman behar gaitu, modu informatuan.

Gizarte modernoak ezagutzaren gizarteak dira. Gizarteak gero eta erronka handiagoa du zientziaren albo-ondorio ez desiragarriengatik: planetaren muga ekologikoen urratzea, bizitzako gero eta eremu gehiagoren ekonomizazio azkarra, adimen artifizialaren eta beste informazio-teknologien egungo ondorioak eta eguneroko bizitzaren sakoneraino iristen diren ondorioak, etab., batzuk baino ez adieraztearren.

Zientziaren ekintzarik gabe, garapen horietako bakar batek ere ez zituen aipatutako ibilbideak jarraituko. Zientzia bera eta ikerketa-politikak dira garapen horiek sustatzen dituztenak. Europar Batasunean, zientziaren eta industriaren arteko «baterako ekimen teknologiko» delakoen markopean sustatzen dituzte: teknologia kuantikoa da horrelako ekimen bat. Edo tokian-tokian ikerketa-politikek «goi teknologiako estrategiak» bultzatzen dituzte, teknologia-esparru jakin batzuen garapenerako: adib., EAEn «kluster teknologikoak», BRTA partzuergoa, eta gisako estrategiak. Esan nahi baita: Zientzia, gero eta gehiago, baldintza ekonomiko eta sozialen mende dago.

Baldintza horiek zenbat eta txertatuago zientzian, orduan eta baliotsuagoa izango da zientziari zuzendutako eskaeren aniztasuna. Hau da, garrantzitsuagoa izango da zientziari egiten zaizkion eskaerak ahalik eta ikuspegi gehienetatik formulatzea. Aniztasun horrek bakarrik bermatzen du benetan askea den zientzia. Zientziaren autonomiaren esanahia birplanteatu egiten da, orduan: aniztasunak zientzialarien autonomia bermatu behar du interes partikular batzuen zientzia bereganatze arriskuaren aurrean.

Aniztasuna da zientzialariei garapen-aukera desberdinak eta era desberdinean bideratuak eskaintzeko modu bakarra. Gaur egun diziplina askok ez dute horrelakorik. Munduaren egungo baldintza geopolitikoak eta bere sistema zientifikoaren aurka administrazio amerikarrak egiten ari den erasoa kontuan hartuta, pluralismora bideratutako zientzia inoiz baino garrantzitsuagoa da. Gizartearen eskaerak eta itxaropenak integratuko dituen zientzia, alegia. Guztion zientzia.

Guztion zientzia ez da soilik ikerketaren emaitzei buruzko informazioa ematea, gaur egun zientziaren gizarte-komunikazioan gertatzen den moduan. Helburua da herritarrak eta gizarte antolatuan ahalik eta eragile gehien konprometitzea ikerketa-prozesuetan, enpresen eta enpresa-erakundeen inplikaziotik harago. Gako-hitzak hemen bi dira: kodiseinua, hau da, ikerketaren galderak eta ikuspegiak gizartearekin batera definitzea; eta koprodukzioa: gizarte-eragileekin batera ezagupenak ekoiztea. Gure gizartearen eraldaketa-prozesu konplexuak ulertzea eragile sozial anitz horien identifikazio eta inplikazioan dago bereziki.

Hori lortuz, ikerketa-programen diseinuan parte hartzeko eta konprometitzeko modu berriak agertzen dira gizartearentzat. Era horiek, gainera, ikerketa-erakunde zabalagoen (adibidez Elkarte zientifikoen, Elkargo profesionalen, etab-en) gainbegiratze-organoetan ere inplika daitezke eragileak, zientzialari eta aditu profesional-teknikoak euren ikuspegi sozial «ez-zientifikoekin» interpelatuz.

Prozesu horiek martxan daude. Europar Batasuneko (EBko) 8 eta 9 Ikerketa Esparru Programek, 2014tik, kodiseinua eta koprodukzioa kokatu dituzte beren estrategien erdigunean, zientzia ireki eta arduratsuagoa eratzeko, gizartearen eskari eta nahiekin konprometitua. Ez dira gutxi EBko herrialde aurreratuenetan ikerketa-programak definitzeko parte-hartze pluralerako modu berriak praktikatzen ari diren esperientziak. Gurean, ostera, ez dirudi garaia iritsi denik zientzialariak eta politikariak praktika horiekin konprometitzeko. Eta egoera horrek, besteak beste, gero eta gehiago urruntzen du EAE Europar Batasuneko berrikuntza-eskualde aurreratuenetatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.