Itsas Aurre, Igeldoko desanexiorako elkartea

Igeldo, memoria eginez

Amaia Sansinenea, Juan Luis Cruz, Ainhoa Gorostidi, Jose Ignacio Galparsoro, Jabier Iraola, Larraitz Dorronsoro eta Koldo Lizarralde
2024ko apirilaren 7a
05:00
Entzun

Igeldoko txikitasunetik ondo asko ikusi eta bizitzen ditugu gureari buruz esan eta egiten dituztenak. Lazkao Txikik zioen bezala: «Txikiak bai, baina eskasak ez». Eta herriek dugun altxor ederrenetakoa da memoria ez galtzea eta gure izaera eta antolamendu propioaren defentsan jarraitzea. Harro egoteko modukoa Igeldon egiten dugunarekin.

Onartu berri dute Donostiako Udalean Igeldo Tokiko Entitate Txikia (TET). Horretarako galdeketa bat antolatu dute herrian apirilaren 14an.

Lehenik eta behin, gogoratu nahiko genituzke hau lortzeko lanean ibili diren hainbat igeldotar gure historia luze honetan. Esfortzu ugari, denbora eta pazientzia eskuzabaltasunez eskainiz, musu-truk, herriaren alde beti... Berriro ere Igeldok jakin du egokitzen egoera berrietara, aurrera egiten herri bezala eta, ibilbidearen blokeo une batean, irtenbide onena bilatzen. Bejondeizuela!

Baina gauzak ondo ulertzeko ezinbestekoa izaten da memoria ariketa egitea eta une bakoitza bere testuinguruan kokatzea. Donostiako alkate Eneko Goiak azaldu zigun bere errelatoa Donostiako Udaleko Osoko Bilkuran. Hutsune batzuez jositako errelatoa egin zigun. Guk, asmo onenarekin, alkateari lagunduko diogu errelato hori osatzen.

Igeldoren lehen aipamen historikoa Donostia sortu aurrekoa da. Eta alkateak zioen bezala beti izan ditu bere nortasun eta izaera propioa, eta Donostiarekin izandako harremana mota askotarikoa izan da.

Gertuko historiari begira, gogoratu dezagun 1975a arte alkate pedaneoa izan genuela Igeldon. 70-80ko hamarkadetan Donostiarekin izandako harremana nahiko errespetuzkoa izan zen, baina 80ko hamarkadaren bukaeran okertzen hasi zen. 1991n deszentralizazio administratibo xume bat eskatu zen. Ez zen erantzunik jaso. Orduan, prozesu luze bat hasi zen Igeldon gure etorkizunari buruz eztabaidatzeko. Emaitza, 1994ko azaroan egin zen Herri Kontsulta: parte-hartze handiarekin, gehiengoa desanexioaren alde azaldu zen. 1995eko otsailean aurkeztu zen eskaera formala, legeak zioena errespetatuz eta betez, eta igeldotar gehiengoaren sinadurekin.

Horren aurrean diputazioak foru arau berri bat onartu zuen gure eskaera oztopatu nahian eta lau aldiz joan behar izan genuen epaitegietara gure eskaera errespetatu zezaten. Diru (zenbat mus-txapelketa, zozketak, jaialdiak, diru eskaera zuzenak herrian...!) eta urte asko behar izan genituen lau sententziak, laurak, irabazteko.

2013an, urte asko pasatu zirela eta, beste herri kontsulta bat antolatu zuen EH Bilduk gobernatzen zuen diputazioak, eta berriro ere Igeldok garbi hitz egin zuen: desanexioaren alde egin zuen.

EAJ-PSEk berriro epaitegietara jo zuten. Eta oraingo honetan irabazi egin zuten, igeldotarren ilusioa eta borondate demokratikoa zapuztuz.

Hemen azaldutakoa memoria ariketa bat besterik ez da.

Laburbilduz, EAJ-PSEk hiru aldiz esan diote Igeldori ez duela bere herri-borondatea errespetatzen. Hiru aldiz egin dute EAJ-PSEk Igeldoren erabakitzeko eskubidearen aurka. Mesedez, ez egin orain itxurakeriarik. Min egiten digu entzuteak Igeldoren nahia errespetatzen duzuela. Guk memoria daukagu.

Horiek guztiak esanda, TET positiboki baloratzen dugu, urrats bat delako gure helburua lortzeko bidean. Egingarria eta agian bakarra une honetako legeak eta araudiak kontuan hartuta. Baina legeak eta araudiak aldatu egiten dira, eta iritsiko da eguna, non Igeldok beste aukerak mahai gainean jarriko dituen. Ea orduan, EAJ-PSE, herriaren borondatearen alde egiten duzuen.

Aupa Igeldo, urratsez urrats gurea lortu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.