Ikusi eta gero, denok jakintsu

2014ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Aspaldian, gustura dabiltza elkarrekin UPyD, Bildu eta Txarli Prietoren sozialistak. Opor fiskalen isunaz eztabaidatu berri dugu Legebiltzarrean, eta hirurek elkarrekin onartu zuten UPyDk aurkeztutako osoko zuzenketa.

Onartutako bi puntuetako batean, euskal erakundeen jokabidea gaitzestu zuten. Esan gabe doa EAJk bere erantzukizuna onartzen duela, baina nork bere ardurei eutsi behar die. Gureak argi dauzkagu: geuri dagokigu euskal erakundeetatik bultzatutako ekimenen ardura nagusia. Izan ere, herrigintzan ibili beharrean, beste zeregin batzuetan ibili da ezker abertzalea, eta bitartean, erakunde horien gidaritzan egon da EAJ. Hori bai: hamarkada luzeetako zeregin horretan, ia alderdi guztiak izan ditu bidelagun. Pizgarri fiskalak ezarri zirenetik ia-ia 20 urte joan dira, horietako gehienak beste alderdi batzuekin koalizioan. Bai hiru lurraldeetako aldundietan bai Jaurlaritzan, gobernukide izan ditugu PSE —gaur UPyDko buruzagi den Rosa Diez sailburua izan zen—, EA, EE, IU. Ez da hala izan PP, baina prozesu horrek iraun duen legealdietatik hiru eman ditu Arabako Foru Aldundia kudeatzen. Beraz, badu zeresanik emandako laguntzak errekuperatzeari buruz. Herri Batasunari buruz, bestalde, gogora ekartzekoa zein argudio erabili zituen 1993. urtean abstenitu egin zenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan opor fiskalak eztabaidatu zirenean. Haatik, Xabier Olano bozeramaileak, egun Aldundiko Ogasun zuzendari denak, ez zituen opor fiskalak babestu gutxiegi iruditzen zitzaielako. Indartsuagoak behar zutelako izan. Orain diotenez, neurri horiek hartzea akatsa izan zen, okerreko bideari ekitea izan zen. Baina garai hartan ez zitzaizkien nahikoak iruditu. Nola deitu dakioke jarrera aldaketa horri?

Euskadik egoera larria bizi zuen 90eko hamarkadan, eta horri aurre egiteko onartu ziren zerga-pizgarriak. Batetik, Euskadi krisi ekonomiko larrian murgilduta zegoen, langabezi tasa %25ekoa zen —egungo krisian %17koa da—. Bestetik, ETAk inoiz baino gogorrago ziharduen, herritarrak hiltzen eta bertako enpresariei xantaia egiten; eta azkenik, Estatuak ez zuen inolako inbertsiorik egiten Euskadin. Solchaga zen orduan ministroa, eta haren esanetan, industria politikarik onena «ezer ez egitea» zen.

Jarri beharreko neurriak erabakitzeko, inguruko lurraldeetakoak aztertu ziren. Zehazki, %45eko zerga-kredituaren pizgarria —Europar Batasuneko Batzordeak estatuaren laguntzatzat hartu zituenetako bat— frantziar Estatuko arau baten kopia zen. Gogoratu beharra dago ordura arte Europar Batasunak ez zituela inoiz zerga-pizgarriak «Estatu-laguntzatzat» hartu: enpresei emandako diru-laguntzak bai, baina zerga-pizgarriak ez.

Orduan, zergatik erabaki zuen Europar Batzordeak estatu laguntzak zirela Euskadik martxan jarritako zerga-pizgarri horiek, eta Frantziakoak, aldiz, ez? Batetik, Batasunak ahulenari jarri diolako isuna, alegia, Estatua ez denari. Bestetik, Espainiako sistemaren osagarritzat hartzen duelako Euskadikoa. Bigarren mailakoa. Eta ez da horrela: Euskadiko zerga-sistema propioa eta bakarra da. Ez da beste baten osagarria edo subsidiarioa. Gertatzen da hau Bruselatik ulertzeak zailtasunak dituela. Europar Batasunean ez dago EAEko eta Nafarroako ereduen parekorik. Espainiako bi alderdi nagusiek ez dute hori inoiz defendatu nahi izan, ezta Europako Tratatuetan sartu ere. Inoiz ez dute Kontzertu Ekonomikoa politikoki onartu. Horregatik ez dute ezertxo ere egin legediak errealitatea aitortzeko, edo bestela esanda, Estatuko zerga-sistemaren parekotzat onartzeko. Ez dute agerian utzi nahi Estatuan bost zerga-sistema daudela, guztiak ere maila berean.

Horregatik, EAJn behin eta berriro aldarrikatzen dugu Europar Batasunean presentzia zuzena izatea, bertan gure zerga sistema propioa defendatzeko. Aldarrikatu egiten dugu Kontzertu Ekonomikoaren arauak Europako legeetan onartzea eta erakunde komunitarioetan euskal erakundeek parte hartzea. Gure zerga-sistemaren etorkizuna bermatu nahi dugu, sortzen doan Europar Batasunaren markoan.

Legebiltzarrean onartutako beste puntuetariko batean, lehen aipatutako hirukote politikoak Jaurlaritzari eta aldundiei eskatzen die isuna ordaintzeko. EAJ ez dator bat pizgarriak legez kanpokoak direla dioen ebazpenarekin, ez eta jarritako isunarekin. Normala den bezala, euskal erakunde publikoek helegitea aurkeztu zuten. Helburua zen Europan defendatzea hiru lurraldeetako Batzar Nagusietan onartutako foru arauak bidezko eta legezkoak zirela. Edozein kasutan, isuna onartzen dugu eta guztia ordainduko da; enpresei emandako laguntza guztiak berreskuratu ziren bezalaxe. Laguntzak berreskuratzea ez zen lan erraza izan, aldundiek zailtasun handiak izan baitzituzten kobratzeko. Alde batetik, enpresen iraupena ez zelako arriskuan jarri nahi, eta bestetik, horietako batzuek diruzaintza-zailtasunak zituztelako ordainketei aurre egiteko. Gainera, berriro kalkulatu behar izan zen enpresa guztien hamar urtetako sozietateen zerga. Prozesu konplexua izan da, benetan. Baina inork ez dezala zalantzarik izan: euskal erakundeek bete egingo dute Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak emandako agindua.

Sozialistek, Bilduk eta UPyDk Legebiltzarrean defendatu dute hiru aldundiek eta Jaurlaritzak ordaintzea. Finantzen Euskal Kontseilua da euskal erakundeen arteko finantza-harremanak bideratzeko eskumena duen organoa. Hori horrela, guztia (nork, zenbat, noiz, nola…) bertan zehaztea proposatu genuen EAJk eta PPk. Baina hirukote politikoak ez zuen proposamena onartu, EAJri txalo bat ematearren. Beraz, zehaztu gabe dago.

Alderdi politiko batzuen hipokresiak ez du neurririk, eta horren beste adibide bat ekarri nahi dut amaitzeko. EAJn gaur dakiguna orduan jakin izan bagenu, beste modu batean jokatuko genuen. Ikusi eta gero, denok jakintsu. Horregatik, bizi dugun krisi ekonomikoaren aurrean, ezinezkoa egiten zaie euskal erakundeei enpresei laguntzak ondo aztertu barik ematea. Jakin badakigu, hori eginez gero estatu-laguntzatzat hartuko lituzkeela Europar Batzordeak. Larriena hauxe da: orduan laguntzak eman izana salatzen zuten alderdi politikoak direla, orain, euskal Gobernuari berriro egin dezala eskatzen diotenak, behin eta berriro eskatu ere… nahiz eta ondo ezagutu zer dakarren horrela jokatzeak. Nola deitu jokabide horri?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.