Ikerbasqueko ikerlaria eta Stop Fosilak-eko kidea

Immobilismoaren aztarna

Markel Peñalba
2025eko abenduaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2025. urtea amaitzen ari da, baina geratzen diren aste gutxi hauetan klima aldaketaren aurkako borrokan esanguratsuak diren data seinalatu pare bat izan ditugu: lehenik eta behin, abenduan hamar urte beteko dira Parisko akordioa sinatu zenetik. Bestalde, azaroan COP30 goi bilera egin da Brasilen, klima larrialdiari aurre egiteko finantzaketa mekanismoak zehazteko helburuz aurtengoan. Negoziazio konplexuak izan ohi diren arren, herrialde zaurgarrienen mezua oso argi entzungo da berriz: hartu dezatela ardura herrialde garatuenek, aztarna historiko handiena dutenek, alegia.

Eta testuinguru horretan energiaren gaia lehen planoan ageri da. Izan ere, berotegi efektuko gasen %70 baino gehiagoren erantzule da energia sektorea; oraindik ere, erregai fosilek menperatzen dute sektorea: ikatzak, petrolioak eta gasak. Alternatiba berriztagarriak indartsu datoz, baina Parisko akordioaren helburuak bete ahal izateko erritmoa azkartu beharra dagoela gogorarazi du NBEko Ingurugiro Programak, eta aldi berean zehaztu du soluzioak badauzkagula: energia berriztagarriak. Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak (IPCC) sarri errepikatu duen soluzio bera, alegia.

Alde horretatik, EAEko hiru lurraldeetan (Nafarroa is different) daukagun panorama energetikoa bereziki kezkagarria da: %90etik gorako dependentzia eta berriztagarrien presentzia minimoa (200 MW pasatxo). Hori gutxi balitz bezala, zifrak horiek ez dute inolako eboluzio esanguratsurik izan Parisko akordioa sinatu zenetik. Europako eta, beraz, munduko eremu industrializatuenetako batean. Imajinatu gure aztarnaren maila. Eta hori da, hain zuzen, gakoa: gaur egun EAEko energia sistema fosilistaren aztarna, gure aztarna.

Aztarna hori murrizteko bi bide aurkeztu ohi dira: energia kontsumoa drastikoki murriztu, gure gaur egungo ongizate maila suntsituz, edo energia fosiletatik berriztagarrietarako trantsizio azkar eta sakon bat egin. Eta zergatik ez biak batera egin, energia kontsumoa murriztu eta berriztagarriak zabaldu? Izan ere, kontsumoa murrizteak oso barneratuta dauzkagun ohitura eta portaera kultural batzuk aldaraztea eskatzen du. Beraz, gertatuko bada ere, hamarkadetako kontua izango da. Baina, are gehiago, gertatuko balitz eta gure energia kontsumoa erdira murriztea lortuko bagenu ere —hori posible bada—, kontsumo hipotetiko horri erregai fosilik gabe aurre egiteko gaur egungo berriztagarri potentzia instalatua zortzi aldiz biderkatu beharko genuke. Ondorioz, proiektu berriztagarrien zabaltzea, tamaina zein eredu ezberdinetan, beharrezkoa eta urgentziazkoa da. Txikiak autokontsumo ereduan eta ertainak eredu komunitarioak jarraituz, baina baita handiagoak ere, ahal dela, parte hartze herritar edo publiko esanguratsu batekin.

Baina EAEn proiektu berriztagarri ezberdinak proposatzen hasi direnetik, kontrako jarrera eta mugimenduak ugaritu dira, berriztagarrien aurkako leloak lau haizeetara zabalduz. Ez dakit ordea mugimendu horiek ohartzen ote diren proiektu berriztagarriei uko egitea eredu fosilista betikotzea dela, aldaketak onartu ezean eredu hori baita gure eredua. Energia berriztagarrien inpaktua erreala da, bai, noski, baina edozein modutan neurtzen dela ere (espazio okupazioa, hondakinen sorkuntza, berotegi gasen isuriak, sorrarazten dituen heriotzak edo okurritzen zaizuen beste edozein metrika), erregai fosilek eragiten duten inpaktuaren frakzio bat baino ez da. Gaur egun eragiten ari garen aztarnaren frakzio bat, alegia. Izan ere, eztabaida mahai gainean jartzean, energia berriztagarrien albo kalteak bakarrik aipatzen dira, gaur egun kontsumitzen dugun energiak inolako inpakturik ez balu bezala. Berriztagarriak bai ala ez markoa planteatzen da, baina tranpa da hori, geure buruari tranpa egitea. Marko erreala erregai fosilak edo berriztagarriak baita.

Brasileko COP30etik oihuka ari zaizkigu, behingoz gure aztarnaren ardura har dezagun, besteak beste, gure lurraldean berriztagarriak hedatuz. Baita gure mendietan jarritako haize turbinekin ere. Hori egiten ez dugun bitartean, gaur egun daukagun energia kontsumo mailarekin (baita kontsumo maila erdiarekin ere), inpaktu hori deslokalizatu besterik ez baitugu egingo, oihuka ari zaizkigun herrialde zaurgarri horietara hain zuzen, gure kontzientziak lasaitzeko zinismo eta egoismo ariketa lotsagarri batean.

2019. urtetik hona Europako Batasunean instalatutako berriztagarririk gabe, EBko herrialde ezberdinek 92.000 milioi metro kubiko gas eta 55 milioi tona petrolio gehigarri inportatu beharko lituzkete. 460 milioi tona CO2 isuri gehigarri suposatuko luketen inportazioak (sozioekonomikoki suposatzen duten galera kontuan hartu gabe). Hori gutxi balitz, AEBetan orain gutxi argitaratutako txosten batean ondorioztatu dute erregai fosilen ondoriozko airearen kutsadurak urtero 91.000 heriotza, 9.100 jaiotze goiztiar, 216.000 asma arazo eta 1.600 minbizi gaixo eragiten dituela. Eta hori urtero. Hori da gaur egungo energia sistemaren aztarna. Berriztagarriak zabaldu ezean, handitzen jarraituko duen aztarna. Immobilismoaren aztarna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.