Joxe Manuel Odriozola.
Euskaltzalea

Independentzia zertarako?

2025eko maiatzaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Oraingoan ere Katalunia dut akuilu. Zehazki Igor Susaetak Xavier Antichi egindako elkarrizketa (BERRIA, 2025-01-14). Antich Omnium Cultural erakundekopresidentea da. 

Akuiluaren eztena honako pasarte hau izan da: 

«Independentzia bizi baldintzen hobekuntzatik bereizten baduzu, ez zaio inori inporta. Orduan, esaten dugunean hegemonia soziala berreraiki behar dela hegemonia politikoaren alde lehiatzeko berriro, bizi baldintzak hobetzearekin lotu behar da estatu propioko proiektu independentista. Bizi baldintzak ez badira hobetuko, zertarako hautatu estatu baten edo bestearen artean, ez?». 

Joxe Azurmendiri honako galdera hau egin zioten behin: zer iritzi duzu abertzaletasunik gabeko independentziari buruz? Erantzunaren zati bat hauxe duzu: «Abertzaletasunik gabeko independentismoa neuk ez dakit zer izan daitekeen». Ezer izatekotan, iruzur bat izan daiteke, zeren gaur munduan inor ez baita bizi bere baitan nazio identitatea egituratzen duen konstelazio hegemoniko nazionalaren orbitatik at. 

Abertzaletasunik gabeko independentzia definitzeko, hitz pare hau erabili izan du zenbaitek: abertzaletasun soziala. Independentziaren aldeko indarrak noizbait hegemonikoak izango badira, abertzale sentitzen ez direnen indarra behar omen da. Abertzale sentitzen ez diren asko gertu omen dago estatu independente baten aldeko mugimendu politikoa partekatzeko, baldin eta independentziaren onurak esparru sozioekonomikoan loratzen badira. «Bizi baldintzak [maila sozioekonomikoan] hobetzearekin lotu behar da estatu propioko proiektu independentista», dio Xavier Antichek. 

Badirudi abertzaletasun sozialak funtzionatu zuela proces-aren momentu batzuetan. Bestela bilduko ez zuten jendetza bildu zuten egindako hainbat manifestaziotan. Eta horrela independentismo katalanaren proiektua gero eta sendoagoa, demokratikoagoa eta legitimoagoa zela irizten zioten abertzale katalan gehienek. Nazio identitate katalanarekin (hizkuntza, kultura, lurraldea, historia…) bat egiten ez zutenek ere Kataluniaren askapen nazionalarekin bat egin zuten. Agian, zehatzago litzateke beste era honetan adieraztea: identitate nazionalaz espainiar sentitzen zirenek Kataluniako eraikuntza estatalarekin egiten zuten bat, ez naziogintza katalanarekin.

Estatu baten eraikuntza ez da nahitaez nazio menderatu baten askapena. Estatu bat sortu daiteke nazio zapaldua askatu gabe. Estatu eraikuntzarik gabeko naziogintzak ez du noski sendotasunik lortuko, estatua botere sistemarekin eta nazioa identitate sistemarekin elkartzen diren neurrian. Katalanek ez ezik euskaldunok ere ondo asko dakigu nazioaren eraikuntza erabat hauskorra dela estatuaren aterperik gabe. Baina hortik ezin da ondorioztatu hainbatek ondorioztatzen dutena: estatu eraikuntza (independentzia politikoa) lehenetsi behar dela. Edota «estatu egiturak» behar ditugula ezer baino lehen.

Zertarako hautatu estatu baten edo bestearen artean bizi baldintzak hobetzen ez badira?, galdetzen du Antichek. Abertzaletasunaren ikuspegitik, ordea, galderak beste ildo hau har dezake: zertarako behar dugu estatua nazio euskaldunaren edo katalanaren egoera normalizatzeko ez bada? Nork bermatzen digu nazio euskaldunaren edo katalanaren askapena eta normalizazioa, naziotasunaren barruan dauden identitate linguistiko, kultural, territorial eta historikoak alde eta aldi berean garatu ezean? Nazio zapalduaren identitate eta balio eskalarekin bat egiten ez duen independentismoak zertarako balio digu? Erantzuna berez mintzo da: herri gisa eta euskaldun edo katalan gisa bizi baldintza nazionalak hobetzeko behintzat ez. Geure hizkuntza nazionalean modu duinean bizitzeko ez. 

«Independentzia bizi baldintzen hobekuntzatik bereizten baduzu, ez zaio inori inporta», dio Antichek. Hori ez da egia, edo ez da egia osoa. Euskaldun edo katalan abertzaleentzat bizi baldintzak hobetzea ez delako egoera sozioekonomikora mugatzen. Abertzaleontzat eta bereziki euskaltzaleontzat eta katalanzaleentzat bizi baldintzak hobetzea estatus sozioekonomikoaz harago doan kontua da. Nazioaren egoerarekin dago elkartuta. Askatasun eta duintasun nazionalarekin. Euskal Herrian edo Katalunian nazio bakoitzaren identitate nazionalaren sistema osatzen duten egituretan (hizkuntza, kultura…) bizitzeko eskubidearekin dago lotuta. Espainiak eta Frantziak ukatzen dizkiguten eskubide eta askatasun nazionalarekin, alegia.

Estatu egituren eraginkortasun nazionala nazio egoeraren araberakoa baldin bada, eta, ondorioz, biak ala biak —nazioa eta estatua— alde eta aldi berean garatzen ez badira, zertarako balio digu independentziak? Esaterako, Eusko Jaurlaritzak Espainiatik lortzen dituen eskumenek, estatu egitura diren neurrian, zertarako balio digute? Pentsa dezagun une batez euskaldun eta Euskal Herri gisa. Eskumen horiek ezer izatekotan estatu egituren logika politikoan hezurmamitzen diren egitasmoak dira. Euskaldun eta Euskal Herri gisa ez gaituzte ez ahalduntzen ez askatzen. Jasaten dugun nazio asimilazioaren baldintza estruktural hauetan estatu egituren onurak erabat antzuak dira nazio euskaldunaren eraikuntzarako. Aldiz, estatu egiturak eraginkorrak izan daitezke aldi berean nazio zapalduaren aldeko kontzientzia eta praxia lehenesten badira.   

Salvador Cardusen esanak: «Nazio bat garela ahantzi egin dugu, eta independentzia politika sozialekin bakarrik elkartzen dugu»; «Duintasunaren diskurtsoa da identitatearena, […] eta nolako herria egiteko gai izango ginatekeen mintzo zaigu». Jordi Mart Monllauk, berriz, zera ohartarazten du: «Nazio katalana hiltzen ari zaigu, eta estatua lortzeko estrategiaz ari gara». Euskaldunok beste horrenbeste esan dezakegu: nazio euskalduna hiltzen ari zaigu, eta independentzia gora eta independentzia behera gabiltza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.