Egun hauetan, Espainiako Gobernuak onartutako Informazio Klasifikatuaren Lege proiektuaren tramitazioari hasiera emango zaio. Egitasmoak Estatuaren segurtasun dokumentala arautu eta Francoren diktaduraren menpean ezarri zen 1968ko Sekretu Ofizialen Legea ordezkatzeko asmoa dauka.
Kasu honetan ere, 2022ko Memoria Demokratikoaren Legearekin bezala, burura datorkigun lehenengo galdera da ea zergatik igaro behar izan diren legea aldatzeko hainbeste urte. Litekeena da, aipatutako beste arau horren kasuan bezala, erantzuna Erreforma-Trantsizioaren baldintzetan oinarrituta egotea. Jakina denez, urte horietan zehar bilakaera politiko eta soziala egokiro zuzentzeko zenbait itxitura ezarri ziren; arauzkoak batzuk: horietako bi —oso funtsezkoak— 1977ko Amnistia Legea eta 1978ko Sekretu Ofizialen legea aldatzeko.
Biak frankismotik erregimen konstituzionalera igarotze planoen pieza juridiko oso garrantzitsuak izan dira. Arau biek frankismoaren krimenak eta Espainian giza eskubideen kontrako jarduerak ikertzea eragotzi dute, eta, ondorioz, frankismoaren biktimak eta estatuaren biolentziaren biktimen eskubideak babes gabe uzteko baliabideak izan dira. 1968ko legearen eraginari begira, agerikoa da informazio eskubidea murrizteko eta agirietara heltzeko ahalmena oztopatzeko tresna izan dela. Inpunitaterako giltza. Jakina da, halaber, 70eko eta 80ko hamarkadetan artxibo ugari garbitu zirela, dokumentuak desagerrarazi eta eduki askok ezkutatuta edo itxita iraun dutela, dirautela, oinarrizko eskubideen eta informaziorako eskubidearen aurka: Falangearen, Poliziaren, Guardia Zibilaren eta Armadaren artxiboak. Baita esku pribatuetan daudenak ere (Francisco Franco Fundazioa, kasurako). Memoria ezabatzeko erremintak. Badirudi, oraingoan, lege aldaketarekin, estatu mailarako eduki garrantzitsuak zabaltzeko aukerak ireki daitezkeela.
Egitasmoak agirien sekretu maila desberdinak ezartzen ditu, orain arte ezarrita ez zegoen iraupen muga automatiko batekin, zenbait kasutan luzatu daitekeena: zorrotzenak, goi mailako sekretuenak, hamabost urte gehiago luzatu daitekeen 45 urteko desklasifikazio epea edukiko du; sekretutzat hartutakoak 30 urtekoa gehi aukerazko hamabost urteko luzapenarekin. Gainerakoak, mugatuak eta konfidentzialak, automatikoki desklasifikatuko dira epe laburragoetan. Desklasifikazioak iraganari begira ere egiten dira.
Lege proiektuaren lerroen zain, inportantea izango da aurretik klasifikatutako edukiak zelan mailakatuko diren, sekretupeko agiri eta agiritegien benetako «egoera» zein den eta haiek zabaltzeko jarriko diren bitartekoen neurriak. Teorian, legegintzaldiaren barruan behin legea onartuta, datorren urtean demagun, guganako denbora tartean, gehien jota 1981eko agiriak argira ekarriko lirateke (klasifikazio luzapena onartuz gero, 1966ko topearekin). Iraganerantz hortik atzerako guztiak. Hau da, legean ezarritakoaren arabera, giza eskubideen eta gizadiaren kontrako krimenak ezin izango dira klasifikatu etorkizunari begira, ezta iraganera ere, berriro luzapenak ematea murriztuta legokeelako, informazio esanguratsuari heltzeko aukerak eskaini ditzakeen printzipioa.
Orokorrean, badirudi legeak iraganari begirako ezagutza dokumentaleko eremu garrantzitsuak zabaldu ditzakeela. Ikusiko da lege egitasmoa Iruñeko edo Gasteizeko gertakizunei argia emateko (San Fermin 78 gogoan edo Martxoak 3 herri elkarteentzat adibidez) baliagarria izango den, edota estatuaren biolentziaren hainbat biktimentzat. Eta urrunago? 1937ko apirilak 26an Gernikako bonbardaketaren inguruan beste alde berriak azalduko zaizkigu? Nazien, italiar faxisten eta matxinatutako militarren arteko hitzarmen eta hartu-emanei buruzkoak, esaterako? Francoren parte-hartze zuzenarenak? Bonbardaketaren ostean Gernika-Lumoko egoerari buruzko txosten tekniko-militarrei buruzkoak agian? Ikusiko da, esan bezala, agirien klasifikazio eta agiritegien egoera eta bitartekoen arabera, zeri heldu ahal zaion.
Zelatari eta aktibo jarraitu dugu.