Abokatua

Informazio Klasifikatuaren Legea: karrikako maula berria?

Sabino Cuadra Lasarte
2025eko irailaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erran ohi da Sekretu Ofizialen 1968ko legea lege frankista dela, eta horrela da... baina ez horrenbertzerako. Hark berak dioen bezala, El Pardo jauregian eman zen eta Francok berak izenpetu zuen. Hortaz, garbi gelditzen dira haren oinarri diktatorialak. Errandakoa gorabehera, ezinbertzekoa dugu aipatzea haren gaurko idazkera 70eko hamarkadako trantsizioaren fruitua izan zela, hasierako testua hamar urte geroago erreformatu baitzen Kongresuan, urriaren 7ko 48/1978 Legearen bitartez.

Azken arau hori Kongresuko indar politikoek ia aho batez onetsi zuten: emandako 282 botoetatik, 280 alde eta bi abstentzio (Bilkuren egunkaria, 120 zenbakikoa, 1978ko irailaren 27koa). Beraz, errepikatuko dugu, Sekretu Ofizialen Legeko gaurko testua ez da Francok sinatu zuena, haren ihakin bat baizik, eta Adolfo Suarezen UCDren, Felipe Gonzalezen PSOEren, Manuel Fragaren APren, Santiago Carrilloren PCEren eta Xabier Arzalluzen EAJren aldeko botoak jaso zituen.

Bertze garai batzuk ziren. 1978ko abenduan Konstituzioa onetsia izateko hiru hilabete soilik falta ziren eta horrelako bozketek bidea irekitzen zioten. Sekretu Ofizialen Legeari aurpegiko lifting txikia egin zioten faszio-garatxoak kentzeko. Sartutako aldaketek (haietako anitz gramatikalak, ez bertzerik), ez zuten eraginik izanen lege frankistaren muinetan. Hori guztia, jakina, adostasunezko goi mailako arrazoi demokratikoen mesedetan.

Urte bat lehenago, 1977ko urriaren 15ean, Amnistiaren Legea onetsi zen. Kongresuko eztabaidan, Marcelino Camacho PCEren bozeramaileak adiskidetzearen aldeko kantu bat egin zuen, eta azaldu hori ezingo litzatekeela egin «iragan hori behin betikoz ezabatuko ez bagenu». Xabier Arzalluz ere ez zen hankamotz ibili: «Odol ekintzak bi alderdiek gauzatu dituzte. Hortaz, ahantzi dezagun dena». Afera trantsizioaren itun gaiztoarendako historia deseroso hori ezabatzean zetzan, lapurtutako memoriaren berreskuratzea oztopoa baitzen iruzur harendako. Bada, krimen frankisten frogak suntsitu behar ziren.

Bi hilabete geroago, 1977ko abenduaren 19an, gobernuak agindu bat onetsi zuen. «Segurtasunaren eta Guardia Zibilaren zuzendaritza nagusietako artxiboak administratiboki ezdeus bihurtzeko, artxibatzeko eta xahutzeko». UCDren orduko zuzendaritzako kide Oscar Alzagaren arabera, horrek zera ekarri zuen: «Artxibo polizial eta parapolizial guztien suntsiketa metodikoa eta sistematikoa, Martin Villaren zuzendaritzapean gauzatua, Suarez presidentearen onespenarekin». Milioika dokumentu ofizial «Guardia Zibilaren egoitza zentralera eraman zituzten; bertan erretzeko galdara handi bat instalatu» zela eta.

Kopetan lehendabizikoa: Amnistiaren Legea. Frankismoaren krimenen erantzuleak zuriturik gertatu ziren demokratikoki. Ahoan bigarrena: ezdeus bihurtzeko ministerioaren agindua; kriminal haiek amnistiatzea aski ez zela, haien aztarnak ere ezabatu behar ziren, beren izenak inork jakin ez zitzan. Bularrean hirugarrena: Sekretu Ofizialen Legea. Badaezpada ere estali gabe arrakalaren bat gelditu baldin bazen, legeak garaian garaiko gobernuei baimena ematen zien informazioaren sarbidea ukatzeko, haien irudiko «segurtasun nazionalean» eragina izaten ahal bazuen. Laburbildurik: horrekin estatu krimenengatiko inpunitate erregimena eratu zen, eta gaur arte irauten du.

Duela hilabete, gobernuak lege proiektu berri bat aurkeztu du, 'Informazio klasifikatua' izenekoa. Ongi zegokeen autokritikarekin batera aurkeztu izan balu, bizi dugun inpunitate erregimenarekiko hamarkadatan izan duten nagikeria eta konplizitatearengatik. Baina horretaz ez da deus izan

Harrezkero euri anitz egin du, baina garaian garaiko gobernuek euritako ederrak izan dituzte ekaitzetik onik ateratzeko. 1978tik gaur arte PSOEk 29 urtez gobernatu du, Amnistiaren edo Sekretu Ofizialen legeak erreformatu edo baliogabetzeko inolako ekimenik bere gain hartu gabe. Are gutxiago egin dute UCD edo PPren gobernuek, hemezortzi urtez gobernuan izanda. Hamarkada luze hauetan, artxibo ofizialak (O-23ko estatu kolpea, GALen krimenak, Sahara, milaka tortura kasu, borboitarren satraperria...) blindaturik egon dira kazetari, historialari, polizia biktimendako... Bitartean, frankismo eta demokraziaren estatu krimenen milaka biktima edo lekuko hil dira. Hori zen helburua: lekukorik ez!

Joan den legealdian, Pedro Sanchezen gobernuak proiektu bat aurkeztu zuen Sekretu Ofizialen indarreko legea ordezteko. Errefusatze orokorra izan zen: Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia eta Gardentasunaren Kontseilua (biak ala biak izaera ofizialeko erakundeak), kazetarien elkargoak, artxibozain eta historialarien elkarteak, memoria talde eta federazioak... denak kontra azaldu ziren. Gauzak gehiago okertzeko, hobe gauden bezala gelditu, pentsatu zuten talde horietako anitzek. Horren erabatekoa izan zen kritika, non proiektua abandonatu behar izan baitzuten.

Duela hilabete, gobernuak lege proiektu berri bat aurkeztu du, Informazio klasifikatua izenekoa. Ongi zegokeen autokritikarekin batera aurkeztu izan balu, bizi dugun inpunitate erregimenarekiko hamarkadatan izan duten nagikeria eta konplizitatearengatik. Baina horretaz ez da deus izan. Bertze aldetik, edukiari dagokionez, kritikak hasi dira sortzen. Espainiako kazetarien elkarteetako federazioak eta ikerketako kazetarien elkarteak adierazi dute «lege hori arrisku bat» izan daitekeela «kazetaritzaren jardunerako eta herritarrek egiazko informazioa jasotzeko duten eskubiderako». Ildo beretik, hedabideen elkarteak erran du «proiektuak osagai kezkagarriak» dituela, «kazetaritzaren jardunean eta informazio eskubidean larriki eragiten ahalko zutenak, biak demokrazia baten funtsezko zutabeak izaki».

Espero dezagun parlamentuko izapidean hutsune larri horiek zuzendu ahal izatea eta berriro ez nagusitzea adostasun gatopardianoak, horiek 47 urtez bizi izan dugun inpunitate erregimenari jarraipena emanen bailiokete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.