Idatzi berri duen Palinpsestoa izeneko liburuari buruz elkarrizketa sakona egin zion Joxe Austin Arrieta idazleari Argia aldizkariak 2025-6-15eko zenbakian, eta elkarrizketan eta liburuan idazleak agertzen dituen ezohiko planteamenduak —ezker abertzalearen eta, oro har, abertzaleen ikuspegi triunfalistari kontra egiten diotenak— kontuan hartuta, gogoeta batzuk egin nahi ditut gaiaz, gure herriaren egoera ezagutzeko lagunduko digutelakoan.
Lehenik eta behin, elkarrizketaren izenburuan agertzen den «irabazlearen errelatoaren aurka» esaeraren esanahia azalduko dut. Nire ustez, esaera honek ideia argi batean biltzen du egileak elkarrizketan eta liburuan esan nahi duena: euskal gatazkan irabazi duenak inposatu du bere egia. Guztiz bat nator Arrietarekin puntu horretan, baina hark dioenari hau gehituko nioke: irabazlearen bi errelato sinetsarazi nahi izan dizkiote Euskal Herriari: Espainiak indarkeriaren bidez sortutakoa, alde batetik, eta euskaldun batzuek beren iruditerian eraikitako errelato triunfalista, bestetik. Bigarrena, Euskal Herria aurrera doala inolako kritikarik egin gabe etengabe errepikatzen duena, egunero entzun eta irakurtzen dugu eta, horregatik, ez dut aztertuko.
Lehenengoari emango diot lehentasuna —hots, Espainiak inposatu duenari—. Errelato horren zutabeak, funtsean, hauek dira: ETAren kontrako gerran Poliziak izan dira irabazle, euskal erresistentzia suntsitu dute eta, ondorioz, haien legeak gogor inposatu dizkiote Euskal Herriari. Kontakizun horrek, tamalez, egiaren zati handi bat duen arren, gure herrian egiazko bakea eraiki nahi badugu ezin dugu besterik gabe onartu eta hemen Arrietari emango diot hitza, elkarrizketaren bukaeran ezin hobeto, oso dotore eta argi azaltzen baitu, ezker abertzaleko jendeak erabiltzen duen triunfalismotik aldenduz, herri honetan gertatu dena. Hona hemen haren hitzak: «Larri dauka etorkizuna Euskal Herriak, askatasun berehalakoaren ametsak suntsitu zaizkigu, hizkuntzaren egoera beti bezain agonikoa edo inoiz baino agonikoagoa da, baina oraindik ez da partida amaitu. [...] Agian salbatuko gara. ‘Agian’, Iparraldeko zentzuan esanda, baldinbaitere». Ezin da hitz gutxitan gure herrian gertatu dena hobeto adierazi. Eskerrak ematen dizkiot, benetan, Arrietari bere zintzotasunarengatik. Ezker abertzaleko pertsona da eta, hala ere, askatasun osoz egin du analisia: Espainiak Euskal Herriari gerra irabazi diola argi esan ondoren, ez dio itxaropenari zirrikiturik ixten, baina itxaropen horiek gaurko egoeran oso-oso txikiak direla argi eta garbi esanda.
Pertsona guztien sentsibilitate eta eskubideak errespetatu behar dira egiazko Euskal Herri libre batean, hori baita askatasuna lortzeko bide bakarra
Bigarrenik, elkarrizketa horretan eta liburuan Arrietak lantzen dituen gaietako bat jorratuko dut, espazio-faltarengatik beste bat —ETAk egindako bidegabekeria batzuk—, beste baterako utzita. Estatuak gure herriaren kontra erabili duen bortizkeria da aukeratu dudan gaia eta, horretarako, Donostiako Morlans-en 1991ko abuztuaren 17an gertatu zena azaltzen du, besteak beste, Arrietak. Egun horretan guardia zibilek Morlans auzoko etxe bat setiatu zuten eta, setioak luze iraun ondoren, azkenean guardia zibilek krudelki hil zituzten etxe horretan zeuden hiru mutilak. Gertaera triste horrek hainbat urtetan bihotz-barrenean utzi zion zauri sakona era hunkigarrian azaltzen du Arrietak liburuan, eta 206-207. orrietan zauri horrek eragin zion tristura nolakoa izan zen irakur dezakegu. Hark dioenez, ez zen polizien buruengana inguratu, mesedez megafono bat eskatzeko eta etxe barruan zeuden mutilak errendi zitezen konbentzitzen saiatzeko eta odol-isurketarik ez egoteko. Hitz zirraragarri hauek esaten ditu: «Megafonoa eskatu eta utzi izan balidate, agian gaur egun bizirik leudeke Jokin Leunda, Iñaki Ormaetxea eta Patxi Itziar». Benetan hunkigarriak dira Arrietaren hitzak, eta gure herrian gertatu denaren aurrean gordinki eta inolako itzulingururik gabe jartzen gaitu. Nobletasun handiz, bere portaeran, ustez, antzeman duen koldarkeria zintzotasunez aitortzen die liburuaren irakurleei.
Aitorpen horien ildotik, nik neuk ere neureak egin nahi ditut. Oso ahaztuta neuzkan Morlanseko gertaerak baina, Arrietaren liburuaren pasarte hori irakurri ostean, orduan gertatutakoak birgogoratu ditut eta, inolako zalantzarik gabe, hau esango dut: 1991ko abuztuaren 17 urrun hartan aukera paregabea galdu genuen bakearen alde eta indarkeriaren eta odol-isurketaren kontra gauden euskaldun guztiok. Zergatik ez zen gutako inor hiru militante horiek setiaturik zeuden etxera hurbildu haien eta guardia zibilen artean bitartekari-lanak egitera, mutilak errendi zitezen eta inor ere hil ez zedin? Benetan, bakea defenditzen dugun euskaldun guztiok geure buruari kritika gogorra egin behar diogula uste dut, egun horretan Gandhik, Luther Kingek, Nazareteko Jesusek... bezala jokatzeko aukera ezin hobea galdu genuelako. Non zeuden Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, hainbat instituziotako ordezkariak...? Ez noa zuzenean inor kritikatzera, neure burua kritikatzen baitut lehenago, baina hausnarketa denok egin behar dugula uste dut. Gogorrago bazait ere, ezin dut Eliza aipatu gabe utzi. Bakearen aldeko borrokalari maitagarriak ziren Jose Maria Setien gotzaina eta Jose Antonio Pagola bikarioa, ezta Elizako inongo beste ordezkaririk ere, ez ziren, nik dakidala, Morlansera bakearen bitartekari-lanak egitera agertu. Zergatik? Ez dakit. Betiere miretsi eta miretsiko ditut Setien eta Pagola bezalako borrokalari baketsuak, baina gizon eta emakume handiek ere beren itzalak dituzte eta egun horretan izandako portaera izan daiteke, agian, horietako bat. Puntu honekin bukatzeko, eta interpretazio txarrik ez egoteko, argi esan nahi dut aspaldi jarri nintzela ETAren kontra eta Morlansen hildako mutilek hartutako bidea ez zela nirea. Gauza batek, ordea, ez du bestea kentzen eta egun horretan ekidin ahal izan ziren hilketa batzuk izan ziren.
Hirugarrenik, eta bukatzeko, hau esango nioke Joxe Austini: irabazi izan bagenu ere, elkarbizitza hautsita badago eta pertsonen arteko harremanak gaiztotuta badaude —gauden egoeran hori gertatuko zen—, irabaztea benetan mereziko zuela uste al duzu? Pertsona guztien sentsibilitate eta eskubideak errespetatu behar dira egiazko Euskal Herri libre batean, hori baita askatasuna lortzeko bide bakarra.