Irabazi dugu!

Itziar Aizpurua Egaña.
2011ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Zenbat jende on, zahar eta gazte, emankor, jakintsu, ilusioz beterikoa joan zaigun albotik hogeita hamar urteotan! Zenbat abertzale, ezkertiar, sozialista paregabe! Denek helburu bera zutela: Euskal Herri librea eraikitzea. Ziren guztia eman dutenak Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoaren aldeko borroka honetan.

Batzuek armak eskuetan zituztela hil dira; besteak, kartzelan; hainbat, torturaren eraginez, Joxe Arregi bezala; GAL, BVE, Triple A eta antzeko talde armatu edota polizia eta guardia zibilen eskuetan gehienak, 76ko martxoaren 3ko Gasteizko bost langile haien antzera; atzerrian gaixotasunak jota ere bai, edo errepresio anitzen ondorioz ohean, Telesforo Monzon bezala.

Denek eman dute ahal izan duten guztia. Horiek dira, azken batean, herri batek bera izateko behar dituen langileak: direna ematekoak.

Eta Telesforo horietako bat izan dugu. Bizi osoan aberriaren alde buru-belarri lan egin duen abertzalea.

Jokin Gorostidik eta biok Telesforo ezagutzeko aukera ezin hobea izan dugu. Izan ere, beste kide batzuek bezala, bere bizitzaren azkenengo lau urteetan Herri Batasunaren barrutik elkarrekin egin dugu Euskal Herriaren aldeko ibilbidea.

Eta, berak zioenez, bizi izan zituen urterik zoriontsuenak izan omen ziren. Herri Batasunako zein ezker abertzaleko militanteentzat, berriz, ohorerik handiena izan da bera ezagutzea eta elkarrekin lan egitea. Inongo zalantzarik gabe.

Nire uste apalean, Telesfororen bizitza politikoak, baita orokorrean kulturalak ere, Euskal Herriak bizi izan dituen urte zail eta gatazkatsu bezain emankor eta adorez beteak islatzen ditu.

Ez naiz inor gure Telesforo maitearen bizitzaz hitz egiteko. Gainera, ez nago prestatua horretarako, baina nire baitan erein zituen hazi bitxiak gero eta sendoagoak sentitzen ditut. Horregatik, ezagutu ez duzuenoi, gaurko gazteoi zuzentzen natzaizue, batik bat.

Zertzelada batzuk besterik ezin dizkizuet eman. Hori bai, maitasunez beterik, zeren, berak bezala, uste dut maitasuna abertzale baten bizitzako motorra dela.

Telesforo poeta fina zen, idazle azkarra, hizlari zorrotz ironia punttua beti ezpainetan zuena. Musikari trebea. Herriaren taupadaz bizi zen gizon dotore, irribarretsu, alai eta ilusioz betea. Inor inon irainduko ez zuen zalduna, eta inoiz jasotako irainei erantzungo ez ziena! Entzuten zekiten horietako pertsona. Edonorekin hitz egiteko prest zegoena, eta jende xumeenaren iritzia ere kontuan hartuko zuena.

Sentsibilitate handiko pertsona. Buruz beti gazte eta emankor hil arte. Bere izanak kutsatzen zuen inguru osoa. Tenple handikoa zen.Haren ondoan, ez soilik Mª Josefa, bere emazte maitagarria, edonor sentitzen zen gustura.

Laburbilduz, Telesforo Monzon Euskal Herriaren independentziaren aldeko buruzagi eta gidari aparta izan da. Eredu!

Ziur nago Telesforori buruz egin daitekeen biografia onenak ere ezingo duela harrapatu bere arima galanta eta erraria.

Arrano beltzak bezala, hor baitabil hego handi eta gihartsuen bidez Aturritik Ebrorainoko bidea eginaz horrenbeste maite zuen aberria eta abertzaleak zuzendu nahirik.

Batzuetan, Burgostik behera Madril horretara joaten da zelatan ibiltzera, baita Pariseraino ere. Gero guri, adi bagaude, entzundakoa eta ikusitakoa belarrira xuxurlatzera datorkigu. Eta...

Batasunaz hitz egiten digu Telesforo arranoak azkenengo 45 urteotan. Etsai handi eta boteretsuak ditugula eta ezinbesteko dugula denok, «kolore guztietako abertzaleok», biltzea geurea dena, eta ez inorena, defendatzeko: aberria, Euskal Herria.

Maltzagaz etengabe ari zaigu abertzale, ezkertiar eta demokrata orori behin eta berriz, bidegurutzeraino bada ere bidaideak izan gaitezen: autodeterminazioa gauzatzeraino, alegia.

«Euskararik gabe ez dago Euskal Herririk» dio gure Telesforok. Hitzetik hortzerako eta ofizialtasunezko hizkuntza izatea lortzen ez badugu gureak egin duela!

«Nafarrak gara!» oihukatzen du. Kontuz ibiltzeko, ez jotzeko bakoitzak bere aldetik «etxea» utzita, hori nahi luketelako betidaniko etsaiek. Nafarroarekin gara, edo ez gara!

Geu izateko independentzia ezinbesteko dugula dio, benetako askatasuna lortzeko eta gainontzeko herriei elkartasuna helarazteko.

Eta, Euskal Herrirako sozialismo eredugarririk ikusi ez badu ere, geure neurrikoa egingo dugun zalantzarik ez du gure arranoak, zeren argi omen dago ezkerreko balioetan soilik eraiki dezakegula Euskal Herria.

«Presoak etxera!» abertzale eta ezkertiar guztion oihu eta zeregina dela ere ozenki esaten du, hain ozenki gainera ze belarriak jasotako kurrixkarekin gor geratzeko arriskua baitago.

Bakeari buruz garbi esaten du, soilik justizian eta askatasunean oinarritutako bakea izango dela benetakoa, eta ez bestelakorik!

Irabazi dugu! zioen Telesforok. Eta esan beharra daukat gaur inoiz baino hobeto ulertzen dudala oihu hori.

Izan ere, hogeita hamar urte geroago arrazoi handiagoz esan dezakegu, abertzaletasuna Euskal Herriaren independentziaren aldeko indar geldiezina dela.

Beraz, prest bagaude estatu-ekiko konfrontazioan aurre egiteko, ez dago zalantzarik: irabazi dugu!!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.