Abestiak errana digun bezala: «Al alba, al alba» izan zen eguna odolusten hasi zenean. 1975eko irailaren 27ko erronda makabroa goizeko zortzietan hasi zen. Lehendik, Angel Otaegi Etxeberria ETAko militantea armetan iragan zuten; hots, fusilatu egin zuten Burgosko espetxeko baratzean, han iragan baitzituen bere azken orduak. Ordu erdi bat beranduago, Cerdanyola del Vallesen haren erkide Juan Paredes Manot Txiki bala kriminalek zuloz josi zuten, Eusko gudariak kantatzen ari zela. Hurrengoak FRAPeko hiru borrokalari izan ziren: Ramon Garcia Sanz, 09:10ean; Jose Luis Sanchez Bravo, 09:30ean eta, azkenik, zerrenda maltzur hura itxiz, 10:05ean, Humberto Baena, eguna odolusten hasi zenean. Hamarkadak ziren Franco eta bere frankismoa horrelako odoletan bainatzen ez zirela
Krimen haiek inguratu zituen giroaz, exekuzioak ikusi zituen Hoyo de Manzanares-eko erretorearen lekukotza azpimarratuko dugu: «Piketeetan parte hartu zuten poliziez eta guardia zibilez gain, baziren autobusetan etorritako bertze batzuk ere, exekuzioak txaloka adoretzera etorritakoak. Haietako anitz mozkortutik zeuden. Fusilatutako bati azken igurtzia ematera joan nintzenean, oraindik arnasa hartzen ari zen. Pelotoiaren buru zen tenientea hurbildu eta grazia tiroa eman zion, niri gorpu eroritik aldentzeko denbora eman gabe. Odolak zipriztindu ninduen». Bai han, bai Burgosko eta Cendanyolako fusilamenduetan, egile guztiak boluntarioak izan ziren. Haiendako triskantza hartan parte hartzea ohore bat izan zen. Ez zen zor beharreko obedientzia. Gogor egin zuten tiro, gogotik.
Hoyo de Manzanaresen hiru fusilamendu pelotoi izan ziren: bana FRAPeko kide bakoitzeko. Horietako bakoitza hamar guardia zibilek edo poliziak osatu zuten, sarjentu eta teniente baten agindura. Horiei gehitu behar zaizkie autobusetan zirkuko lehoiak txalotzera mozkorturik iritsi zirenak. Espainiako Errege Akademiaren arabera, txaloka adoretu aditzaren bigarren adiera, erretoreak han gertatutakoa deskribatzeko erabili zuena, hauxe da: ehizan segitzen animatzeko zakurrak oihuka xaxatzea. Hortaz, hitzaren erabilera aski egokia izan zen. Erretoreek, apaiztegitik, anitz dakite erretorikaz eta gramatikaz. Gutxik bezala maneiatzen dute hitza.
Laburbildurik, txalo-jotzaile alkoholikoak kontatu gabe, 50 agente inguruk (guardia zibilak zein poliziak) hartu zuten parte Burgos, Cerdanyola eta Hoyo del Manzanaresen zerbitzu aberkoi hartan, ofizialorde eta ofizial batzuek zuzendurik. Baina, orobat, erantzule izan ziren aldez aurretik atxilotu, gogoz torturatu, epaitu eta kondenatu zituztenak, epaiketa deitu bai baina itxurakeria baldarra baino izan ez ziren haietan. Hitz batez, akelarre errepresibo hartan mota guztietako dozenaka erantzule izan ziren: BPSko poliziak, militarrak, txapelokerrak, ministroak, toga eta parpaila judizialak...
Aurrekoa diot, zeren eta, memoria historikoaren berreskurapenarekin lotuak dauden ekintza guztietan bezala, ez baita garrantzizkoa biktimei buruz soilik hitz egitea (Angel Otaegi, Txiki, Garcia Sanz, Sanchez Bravo, Humberto Baena); biktimagileei buruz ere hitz egin behar da. Eta kasu honetan, bertze anitzetan bezala, haien izenak estali dituzte Amnistiaren Legeak, Sekretu Ofizialen Legeak eta krimen frankistekiko inpunitate zutabeetan ainguraturik dagoen memoria araudiak. Horregatik ezinbertzekoa da ikusezintasun horiek guztiak agerian jartzea. Nortzuk izan ziren irailaren 27ko bortzak torturatu zituzten poliziak eta guardia zibilak? Zein militarrek osatu zituzten judizio sumarisimoetan epaitu zituzten auzitegiak? Zein polizia eta guardia zibil boluntariok egin zieten tiro? Nortzuk izan ziren horien buruak eta agintariak? Zer ministrok eman zieten oniritzia fusilamendu haiei eta indultuari uko egin?
Aurrekoa jakitea ez da zirrimarrarik, hutsunerik edo zulo beltzik gabeko historia ezagutzeko dugun beharragatik bakarrik, ezta ariketa akademiko hutsagatik ere. Aurrekoa jakitea ezinbertzekoa zaigu gaurkoa hobeki ulertzeko. Zeren eta, irailaren 27an erailiko bortzak torturatu eta tiro egin zietenek, eta are, atxiloketa, galdeketa eta exekuzio haiek agindu eta zuzendu zituztenek eta epaiak sinatu zituzten epaileek, horiek guztiek, bakoitzak bere eremuan, segitu baitzuten mailak igotzen, koronel, jeneral, ministerioetako aholkulari, Villarejo... bihurtuta.
Adibidez, 1982an, demokrazia betean, Brigada Politiko Sozial frankistako (BPS) kide ohiek, torturatzaile arituak denak, estatuan zeuden hamahiru Goi mailako Polizia buruzetatik bederatzi zuzentzen zituzten, eskola sortuz, gogaideak goretsiz, konplizitate sareak ehunduz, ikerketak zangotrabatuz... Eta 1982az geroztik, antzaratik antzarara eta jotzen dut tokatzen zaidalako, hor segitzen dute, gobernu bakar bat ere ez baita ausartu gangrena hori bukarazten saiatzera.
Bakarrik horrela uler daitezke Euskal Herrian, azken 50 urteotan, izandako milaka tortura kasu; Marlaska bezalako pertsonaiak Barne ministro izateko izendatu, eta bertan irautea; ehunka agintarik, buruk eta jeneralek Franco ontzat emateko sinatu dituzten manifestuak; togadun eskuindarren jokabide zentzugabe eta orokortuak; eta, azkenik, amaiera bikaina emateko, aldareetara eramatea mila aurpegiko satrapa hori, 1936ko uztailaren 18ko kolpearen eta Francoren diktaduraren laudatzailea, O-23ko kolpearen gaizkide aktiboa eta, 50 urtetan, bere errege-eskuaren helmenean izan dituen komisio guztien harrapatzailea.
Irailaren 27an erailikoendako oroitzapena eta memoria bai, guztia gutxi baita. Oroitzapena eta aitortza, jendarte libre, demokratiko eta justu baten alde haiek egindako borrokarako. Baina, horrekin batera, gaurko egunean arakatu behar dugu, haien fusilatzaileek, txalo-jotzaileek, buruek eta horien oinordeko guziek utzitako herentzia instituzionala argitara ekartzeko.