Iruzur handi baten emaitza larria

2018ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Lehendakari prestatuena izan behar zuen. Bere Curriculum Vitae-k hala zioen. Eskola ekinbide onena, lanbide plurala (publikoan eta pribatuan ibilia), gaztetasun bizitasuna eta filosofoaren zintzotasuna, merituz egindako gizona... Finean, perspektiba guztiei iruzur egin die, sekula hain fite desilusionatu duen lehendakaria izan baita zundaketek diotena ikusita.

Zer gertatu ote da? Zer gertatzen zaio frantses populuari, frantses Obama-ri gorroto hain handia sortzeko? Nolatan egon daiteke Frantzia, urtebetera, sarraski hain handi baten aurrean?

Egia esan, argi dago iruzurraren lehendakaria izan dela. Ezker eta eskuinekoa ez zen lehendakaria, eskuinekoa dela argi geratu da (Fortuna Handien Zerga —ISF— kendu eta Sozial Ekarpen Orokorra —CSG— igo ditu, etxebizitzarako laguntza sozialak bost euroz jaitsi ditu). Bere zintzotasuna eta baretasuna argi geratu ziren Benalla aferan («etor daitezela niregana!» aldarrikatu zuenean). Era berean, bere konpromiso eta hurbiltasuna herriarekin ondo islatu zuen («traje bat ukaiteko modu onena lan egitea da» eta gutxira, «lana behar duzula, nik aurkituko dizut, aurreko espaloian badago, ostalaritzan, eraikuntzan...»). Eta zer esanik ez bere filosofo talentuaz, zita asko egiten ditu diskurtsoetan, ondo erakutsiz autore ikonoklasten izenak ezagutzen dituela (Simone Weil antzera), baina kontraesan anitz eginez, ez dituela behar bezala menperatzen ere erakutsi du. Baina bere ibilde self made man-ak Frantzia bere bide onenean jarriko zueno isla izan behar zuen, Frantzia Start Up Nation et Business Pro lurraldea bihurtu behar zuen (CICE enpresa zerga murrizketa berrituz).

Lau asteburu dira, Jaka Horiak Frantziako biribilgune, bidesari... ugari blokeatzen dituztela ezantza tasa igoera kentzeko aldarriarekin. Beraiekiko izan duen mespretxua ez da langile, langabe, etorkin, jende xume, funtzionario... baino handiagoa izan. Azkena baizik. Sortu duen nahaspila bere estrategiaren emaitza besterik ez da; oposizioaren anikilazioa (alderdi politikoak), bitarteko erakundeen (sindikatuak, elkarteak...) mespretxua eta umiliazioa eta, azkenean, politika instituzionalaren erailtzea (parlamentua bere agindu eta dekretuak soilik onesteko ganbera bihurtuz).

Erakunderik gabeko mugimendu sozial hau laster itzaliko zen ustetan zebilen ziur aski Macron lehendakaria. Baina bere izaera, bere mespretxua eta finean ezjakintasun politikoak, baretu baino astindu egin ditu. Gutxi balitz, beste dekretu batzuk hartu ditu une berean. Hala nola atzerritarrentzako unibertsitate tasen igoerak, lizeoko curriculuma eta egituratze birrantolaketa. Bestalde, goi ikasketetako ibilbide sarearen gabeziak ez ditu konpondu. Hala, ikasleak, lizeokoak zein unibertsitatekoak haserretzeko moduko giroa ere sortu du.

Hori guztia larria ez litzateke, usaian bezalako protesta mugimenduak eta errepertorioak erabiliko balira. Baina, usaiazko erakundeen deslegitimazioak (alderdiena eta sindikatuena ez da Macronen ardura soilik, azken horiek aspalditik daramaten motxila lodia baizik —korrupzioa, paktismoa, iruzurra, gezurrak...—), berezko mobilizazioak aurrera ateratzeko leihoa ireki du. Baina bide horretan, berezko diskurtso eta aldarrikapenak sortu ditu, kontraesan ugarirekin. Mobilizazio autonomoak izanki, mobilizazio bakoitzak bere mobilizatzeko zergatia, aldarrikapen eta analisia darama, eta noski, pluraltasun horretan denetarik dago. Horrek egiten du leku batzuetan eskuin muturra egotea, beste leku batean ohiturazko eskuin antizergadunak, hurrengoan ezkertiar melenchonista, eta harrigarriago leku batzuetan ekologistak diren militanteak ere.

Ostegunean, biribilketa baten ondoren, ezantza tasa, elektrizitate eta gas prezioak hozten zituela aldarrikatu zuen. Bertako heinean utziko zituela hurrengo sei hilabeteetan baieztatu zuen. Baina osteguneko ikasle mugimendua, orain arte, Jaka Horien manifestaldiak kudeatzen dituen sistema berarekin kudeatu ditu eta Frantzia berriro asaldatu du, belaunaldi batzuek sekula ikusi ez duten errepresioa erabiliz. 700 ikasle atxilotu ditu. Mantes-la-Jolieko ikastetxe baten aurrean zeunden 153 ikasle atxilotu (12 eta 20 urteko gazteak), belauniko jarri eskuak lotuta eta trufaka filmatuak izan dira (auzoan bi auto erre zituztelakoan). Emmaus bezalako erakundeak asaldatu egin dira errepresio honen aurka, lotsagarritzat joz.

Biharko 89.000 polizia eta militar mobilizatuko dituzte, haientzat 12 tankeak aterako dituzte. Ez dirudi asteburu baretua izango dugunik. Argi dago, alderdiei eta sindikatuei egin dien deia eta eskaera ez dela nahikoa izango haserredunen protesta grina baretzeko, ez eta azken hauek Macronengandik jasan duten mespretxua ikusiz arreta egingo diotenik.

Aspaldian egon ez den oldartze giro bat dago, oraingoz inork enkoadratzen ez duena, ez antolakuntzaren aldetik, ez eta ideologikoki. Macron hain argia izanda, jakinean egon beharko luke, historian, oldartze eta iraultza asko zerga borrokengatik piztu izan direla (Frantziako Iraultza, Estatu Batuetako independentzia guda...) eta birpentsatu beharko luke sortu duen dialektika, atakan bihurtu ez dadin. Hau da, «munduaren bukaeran pentsatzen dut ezantza tasa igotzerakoan», eta Jaka Horiek erantzuten dioten «guk hilabete bukaera nola bukatu pentsatzen dugu». Dialektika antagonikoa bilakatuz denak galtzaile aterako baitira (baikara). Alde batetik, arlo sozioekonomikoa ez badu justizia sozialean oinarritzen jendea oldartuko zaio mandatu bukaerara arte, eta beste alde batetik, ezantza prezioa berak igotzen ez badu, merkatuak igoko du (LPEE horretan saiatzen ari delako, eta batez ere munduan eskaera igotzen ari baita Asiaren garapen ekonomikoa dela eta).

Finean, trantsizio ekologikoa galtzaile ateratzen ari da, antza denez, bere erreforma kapital gaitasun osoa erre duelako urtebetean, eta 2008 aurretiko software politikoa duelako. Ustetan da, BPGaren garapenak, aberastasunak banatzen dituela eta ekologiarekin bateragaitza dela. Honetan ere iruzur, nolatan hain gazte izanda burua hain zaharra ukan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.