Bilboko ezker abertzalearen inguruko gizon batek 1989an mutil adingabe bati egindako sexu-erasoari buruzko albiste bat argitaratu zuen 2025eko otsailaren 8an BERRIAk, eta gizon berak beste adingabe bati 2014an egindako beste sexu-eraso baten berri eman zuen egunkari berak 2025eko ekainaren 6an. Ustez gertatutakoak, berez, oso larriak dira eta, gaiaren testuingurua eta gainontzeko zirkunstantziak kontuan hartuta, hausnarketa bat egin behar dela uste dut, izandako gertaeren larritasuna mundu zuzenago bat eraikitzeko lagungarri izango dugulakoan.
Lehenik eta behin, erasoa salatzeko mutil horiek egindako urratsa guztiz txalotzeko modukoa iruditzen zaidala esan nahi dut. Lagun horiek bizi izandako ezbeharraren aurrean izan duten kemena erabat miresgarria da eta, benetan, zinez opa diet gauzak ondo joatea eta etorkizunean zoriontsu izatea eta pozik bizitzea.
Bigarrenik, erasotzailea ezker abertzalekoa izateak oso gogoeta sakonak planteatzen dizkit, eta hemen plazaratu nahi ditut, bati baino gehiagori batere gustatuko ez zaizkiola ondo dakidan arren. Garai haietan, baita askoz lehenago ere, Euskal Herri eta mundu zuzen eta libreago baten aldeko borrokan ari ginenok izugarri maite genuen ezker abertzalea, ezinbesteko erreferentzia zen gure eguneroko bizitzan, haren militante eta buruzagiak, baita gau ilunean egunsenti berria sortzen ari zirenak ere, izugarri miresten genituen, eta, askotan, gure xalotasunean, Ebanjelioak, askapen-teologiak, garai bateko marxismoak eta gainontzeko utopiek aldarrikatzen zuten mundu berria sinbolizatzen zutela uste genuen.
Erasoa 1989an jasan zuen mutilak oso hausnarketa sakon batzuk egiten ditu eta hari emango diot hitza: «Pederastia apaizen kontua izatea oso ondo datorkigu. Munstroa gure artekoa denean izaten da arazoa». «Badugu sekulako gaitasuna gizartearen gaitzak detektatzeko, baina geureak antzemateko miopia itzela dugu, gu horren perfekzioa zalantzan jartzea dakarrelako». Gogoeta ederrak, benetan, eta ezker abertzalearekin behin eta berriro gertatu zaiguna ezin ederkiago azaltzen dute: gaizki jokatzen zutenak ezker abertzaleko pertsonak baziren, jendea, oro har, isiltzen zen, mundu hori kritikatzea oso gaizki ikusita baitzegoen Euskal Herriko askatasunaren alde borroka egiten zutenen artean.
Ari garen sexu-abusuen kasuetan, horrenbeste maite genuen ezker abertzaleko pertsona batek delitu larriak egin zituen eta, susmoak izan arren, isiltasuna nagusitu zen. Erasoa 1989an pairatu zuen mutilak oso ondo azaltzen du: «Nola liteke jende askok susmoa izatea argazkilariaren jokabideaz eta, hala ere, inork ezer ez esatea edo hari garrantzirik ez ematea...». Nik neuk beste gogoeta bat egingo dut: militanteen artean ideologiaren arloko disidentziak eta heterodoxiak ikusteko eta epaitzeko hain trebea zen ezker abertzaleak nola ez zuen ikusi, BERRIAn 2025eko otsailaren 8an agertutako mutilaren testigantzaren arabera, mundu guztiak zekiena, hots, argazkilari horri adingabeak gustatzen zitzaizkiola? Bai, badakit gai hori oso delikatua dela, garai horretan gaur baino askoz informazio gutxiago zegoela sexu-abusuen kontuan, oso gutxi hitz egiten zela horretaz, baina…
Arazoa, ordea, ezin da, oso-oso larria eta salatzeko modukoa izan arren, sexu-abusuen gaira mugatu. Hainbat eta hainbat arlotan ezker abertzaleak oso gaizki jokatu zuen eta mundu horretan ibili garenok egoera horiek behin baino gehiagotan bizi izan ditugu: disidentziaren kontrako gorrotoa eta errespetu falta. Gai batzuetan desberdin pentsatzen zuten eta kritikoak ziren ezker abertzaleko militanteei gaizki begiratzen zitzaien, traidoreak zirela esan zuten ezker abertzalean agintzen zutenek, behin baino gehiagotan lagunak galdu zituzten eta sufrimendu handiko egoerak eragin zizkieten.
Irakaskuntzan ibilitakoa naiz ni garai hartan eta sarritan pairatu behar izan nituen ezker abertzalearen inguruko ikasleen portaera txarrak: etika ororen kontra jokatzea, pertsona ahulen kontra joatea eta haiei barre egitea, sufritzen zuten pertsonak zapaltzea… Zerrenda luza genezake.
Bai, baten batek esango didanez, BERRIAko albistean kontatzen diren sexu-abusuak eta orain esaten ari naizena ez direla maila berekoak, ondo dakit. Sexu-abusuak delitua dira eta, jakina, haien larritasuna marjinazio sozialarena, lagunak galtzearena eta ikasleek gelan izandako portaera txarrena baino askoz ere handiagoa da. Inork ere interpretazio txarrik egin ez dezan, argi esan nahi dut bi gertakarien garrantzia ez dudala inolaz ere berdintzen, baina esan nahi dudana da ezker abertzaleak askotan oso gaizki jokatu duela pertsonekin, kasu desberdinen artean inolako mailaketarik egin nahi izan gabe.
Hirugarrenik, eta bukatzeko, hau esango dut: gauden ziklo berri honek aukera ezin hobea eskaintzen digu lehenaldiko akatsak aitortzeko eta denon artean egiazko berradiskidetze bat lortzeko.