«Ez dira betiko garai onenak» Eusko gudariak gara kantatzeko. Badakit abertzaleen mobilizazio subkontzienterik handienak Erramunek eta Pantxoa eta Peiok lortzen dituzten momentu historiko emankor honetan gaudela, baina ni, ez dakit zergatik, kezkatu antzera sentitzen naiz.
Lehen Hezkuntzako irakaslea naiz Donostiako ikastetxe batean. Egunerokoan euskara eta euskal kultura transmititzeko lanean buru-belarri gabiltzan bitartean, errealitateak aurpegian jotzen gaitu ikasgelako atea zabaltzean. Gaztelaniaz lasai ederrean hitz egiten duten ikasleak entzutea nahikoa ez, eta Oiartzabal edo Lamine Yamalen selekzio espainiarreko elastiko gorriak ibili dira gure korridoreetan. Aurreko munduko futbol txapelketatik jada bazeuden.
Uda honetan, hegemonia kultural eta mediatikoak erakustaldia egin du berriro ere munduko inperioan eta beraien subditoen herrietan. Eta gu, bitartean, Kontxa bezalako hondartzetan gure toalla jartzeko leku bila ibiliko gara, kolore espainiarrak dituzten eskumuturrekoz eta sinboloz inguratutako jendarte baten erdian.
Euskarak ardaztuko duen D eredu honetan gutasun berri bat eraiki beharra dugu; hezkuntzan egunerokoan euskara sustatu nahian gabiltzan irakasleok zailtasun eta larrimin handia dugu gure egitekoa gauzatzeko ditugun ezinekin. Eta elastiko gorri hori gutasun bat da, baina gutasun español bat, euskara eta euskal herritarra zokoratzen duena. Badakit arazoa ez dela umeena; olatu mediatiko eta komertzial erraldoi baten bultzada baino ez dutela janzten, kaletik edo komertzio handietatik buelta bat ematea nahikoa da.
Euskarak ardaztuko duen D eredu honetan gutasun berri bat eraiki beharra dugu; hezkuntzan egunerokoan euskara sustatu nahian gabiltzan irakasleok zailtasun eta larrimin handia dugu gure egitekoa gauzatzeko ditugun ezinekin
Frantziak eta Espainiak txapelketa honetan bide luzea egin dute, eta irits daitezkeen ondorio asimilatzaileak oraindik eta beldurgarriagoak dira. Urteetan ordaindu izan genituen aurreko txapelketetako ordainsari kulturalak, eta berriro ere gauza bera gertatzeko sekulako arriskua dugu.
Olatu erraldoia badator, eta galdera zuzena da: ez al dugu herri bezala garena aldarrikatzeko dinamika nazionalik artikulatuko? ETB Focusen arabera beraien buruak abertzaletzat dituzten alderdi politikoen aparrak gora egiten du. Baina oraingoz ez dut itsaso abertzale berde baten arrastorik ikusten.
San Mames hiru aldiz betetzeko gai bagara kontzertu baterako, beste zerbaiterako ere gai izan beharko genuke ez?
Hau ez da fikziozko proposamen bat. Fikziotik baino utzikeriatik gertuago dago bigarren aldiz berdina gertatzea, lehenengotik ezer ikasi ez izana eta datorrenari begietara ez begiratzea.
Heldu, ume, gizen edo mehe; eskura beharko genituzke denentzako elastiko berde horiek, lau xoxen truke etxe azpiko dendan bertan erosteko moduan. Identitatea ez baita soilik diskurtso teorikoekin defendatzen, eguneroko keinu ikusgarri eta eskuragarriekin baizik.
Denboraz kanpo gabiltza, baina oraindik badago partida. Gorriak pasatu aurretik ea gai garen emaitza aldatzeko.