Bi urte baino gehiagoko epean Israelek gutxienez 68.000 palestinar erail ditu, Gazako Osasun Ministerioaren datuen arabera. Francesca Albanese Nazio Batuen Erakundearen Palestinarako kontalari bereziak irailean ohartarazi zuen, ordea, genozidioan hildako palestinarrak 680.000 izan zitezkeela.
Ikasleek eta, orokorrean, hezkuntza osatzen duen komunitate osoak irmoki gaitzetsi du Israel palestinarren aurka egiten ari den sarraskia, are gehiago ikasturte hasiera honetan. Horren adibide dira azken hilabetean eragile eta antolakunde ezberdinek deituta Euskal Herrian egin diren mobilizazioak Israelgo entitate sionistaren suntsipena aldarrikatzeko eta palestinar erresistentzia babesteko. Esaterako, urriaren 2an, Israelek Gazara zihoan Askatasunaren Flotillako kideak atxilotu eta hurrengo egunean, azken urteetan egin den ikasle greba jendetsuenean milaka ikaslek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako nahiz zenbait hiritako kaleak bete zituzten.
1948tik, sortu zutenetik, Israelgo entitate sionista Mendebaldeko gobernu, instituzio eta enpresek elikatu dute diplomatikoki, ekonomikoki eta politikoki. Gurean, adibideak nabarmenak dira, arlo instituzionalari nahiz akademikoari dagokionez. Bigarren horretan, Euskal Herriko Unibertsitatea da adibideetako bat.
2023ko urrian Israelek palestinarren aurkako genozidioa hasi aurretik ere, EHUk genozidioaren konplize diren hainbat enpresarekin kolaboratu izan du. Adibidez, Zisjordanian Israelek okupatuta dauzkan lekuetatik igarotzen den trenbide azpiegiturak eraikitzen ditu CAFek, eta enpresa horrek San Mameseko Ingeniaritza Fakultatean enpresa gela bat izan du azken hiru urteetan.
Horrez gain, EHUk HPren 5.000 ordenagailu baino gehiago ditu, eta enpresa horrek Gaza aire zabaleko kontzentrazio esparru izateko ezinbesteko azpiegitura bermatzen dio Israelgo entitate terroristari. Izan ere, HPren teknologia baliabideak (check point-ak, esaterako) Gazan bizi diren palestinarren mugikortasuna kontrolatzeko baliatzen dituzte.
Hori gutxi ez, eta duela gutxi Europako Batzordeak finantzatzen dituen Horizon proiektuak ezagutarazi dira. Horietako hainbatetan EHUk eta genozidioaren konplize diren hainbat instituziok proiektuak partekatzen dituzte. Egun, horietako hamalauk indarrean jarraitzen dute, eta esanguratsuena honako hau da: A background-free experiment to discover the nature of neutrinos based on single barium atom light detection;Â proiektu horretan, EHUk 400.000 eurotik gora irabaziko baititu Ben Gurion of the Negev Universityrekin kolaborazioan.
Palestinarren aurkako sarraskia dela eta, EHUko errektoretza berriak, itxuraz behin-behinean, zenbait neurri hartu ditu azken hilabeteotan: irailaren 17an, Joxerramon Bengoetxea errektoreak «Palestinan egiten ari diren gizateriaren aurkako krimenak berariaz gaitzesten ez dituzten Israelgo unibertsitate eta erakundeekin» harremanak ez mantentzeko eta hausteko konpromisoa adierazi zuen.
Horiek horrela, EHUk bere burua hezkuntza instituzioen artean genozidioaren aurka lehen lerroan kokatu nahi izan badu ere, errealitatea promesa horretatik urrun dago. Izan ere, errektoretza berria kargura iritsi zenetik, aurreko akordio guztiak bertan behera utzi ez eta Israelgo entitate sionistarekin harremana duten hainbat enpresarekin akordio berriak egin ditu.
Horien artean kokatzen dira, besteak beste, lehen aipatutako Horizon proiektuen baitan, 2025eko uztailaren 3an sinatu eta 2026ko urtarrilaren 1ean Universita degli studi di Udineren gidaritzapean abiaraziko den Iinnovative nucleic acids technologies for analysis, detection and treatements ikerketa eta lankidetza proiektua. Hain zuzen, proiektu horretan EHUk Mana Bio eta Technion enpresa sionistekin kolaboratuko du, lehenengo horrek palestinarren etxeak eraisteko erabiltzen diren bulldozer ibilgailu telegidatuak garatzen dituelarik. Horrez gain, errektoretza berriak, EHUko hauteskundeak irabazi eta bi astera, Tracking nanomaterial performance, towards digital twins of quantum dots under loading proiektua abiarazi zuen Materials Zone enpresa sionistarekin.
Beraz, Joxerramon Bengoetxea errektoreak azken hilabeteotan hartutako konpromisoak eta esandakoak errealitatetik urrun daude. Izan ere, 2023ko azarotik enpresa sionistekin akordiorik ez egin ordez, egun horiekin dituzten lankidetza proiektuen kopurua are handiagoa da. Zehazki, bi gehiago dira: Technion institutu sionistarekin lankidetzan aurrera eramaten ari diren Integrated research infrastructure services for climate change risks proiektua eta Quench quantum enhanced benchtop nmr spectometer ikerketa proiektua.
Israelek palestinarren aurkako genozidioa gogortu ahala, azken hilabeteotan areagotu egin dira mundu mailan genozidioaren aurka eta Israelgo estatu sionistaren izaera terrorista salatzeko antolatu diren mobilizazioak. Txanponaren beste aldean, ordea, agintariek manifestazio eta protesta horiei ezarritako errepresioaren hazkundea dago: Espainiako Vueltan Bilbon edota Madrilen Poliziak protestarien aurka izandako jarrera bortitza da horren erakusgarri.
Hezkuntza esparruan genozidioaren aurka antolatzen diren mobilizazioak ez daude joera horretatik salbu: EHUren kasuan, genozidioa salatzen aritu den ikasleriaren aurka oldartu da. Genozidioaren aurka azken hilabetean Euskal Herriko campusetan egon diren mobilizazioetan eta greba egunetan Poliziaren presentzia eta jazarpena ohikoak izan dira: esaterako, EHUren ikasturte hasieran eginiko ekitaldian Ibaetako campusean egon zen dispositibo polizial itogarria eta mobilizazioetan nahiz greba egunetan eguneroko ogia izan diren identifikazioak.
Finean, hedabideen nahiz gizartearen aurrean Israelen aurkako posizio irmoa erakutsi nahi badu ere, EHUren posizioa argia da: entitate sionistarekin harremanak dituzten enpresekin kolaboratzea eta genozidioaren aurka antolatzen diren ikasleei errepresioaren bidez erantzutea.