Hauteskunde gauean bertan, bozen kontaketa amaitu zenean, bazirudien itunak argi zeudela, bai inbestidurarako, bai gobernagarritasunerako, bai herri-itunei dagokienez. Izan ere, EAJk, 29 eserleku lortzeaz gain, oposizioko alderdi guztiekin akordioak lor zitzakeen, aldi bakoitzean gehiengo osoa lortuz. Testuinguru horretan, bi itun mota lortzeko asmoa erakutsi zuen: batetik, inbestidura eta gobernagarritasuna PSErekin adostea; eta, bestetik, herri-itunak EH Bildu eta Elkarrekin Podemosekin adostea, bi gauza ezberdin bezain bereizi balira bezala. Kontua da irailaren 30ean, batzorde elektoralak, atzerriko bozak zenbatu ostean eta, bereziki, EH Bilduk jarritako 18 errekurtsoak aztertu ondoren, Bizkaiko azken eserlekua EH Bilduri eman ziola, EAJren kalterako. Eserleku bakar horrek zeharo aldatu ditu itun aukerak.
Inbestidurari dagokionez, nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoko legea ez den Estatuaren antzekoa, ezinezkoa baita aurka bozkatzea, gehiengo sinplea nahikoa baita eta inbestidura saio berean hautagai bat baino gehiago aurkez baitaitezke, gauzak ez daude irailaren 25ean bezain argi. Izan ere, inbestidura lortzeko, Iñigo Urkulluri bere alderdiaren bozak (28) agian ez zaizkio nahikoak izango, batez ere EH Bilduk bere hautagaia aurkezten badu eta Elkarrekin Podemosek bere bozaren zentzua argitzen ez badu. Hain zuzen ere, nahiz eta aukerak urriak izan, Elkarrekin Podemosek bere 11 bozak EH Bilduren 18 bozei gehituko balizkie, lehendakaritza EH Bilduren esku egongo litzateke. Horren jakitun, litekeena da, batik bat Urkulluren zuhurtzia kontuan izanik, EAJk PSErekin ituna bilatzea, baita inbestidurarako ere,37 baiezko bozekin lehendakaritza ziurtatua ukango bailuke.
Gobernagarritasunaren kasuan, aukerak zabalagoak dira. Izan ere, PSErekin ados jarrita ere, izan dadila legealdi-itun ala gobernu-itun baten bidez, boto bat eskas luke gehiengo osoa lortzeko. Horrek eramango luke hirugarren bazkidearen bila joatera, EH Bildu, Elkarrekin Podemos ala Alderdi Popularra izan dadila. EH Bilduk jadanik iragarri du gobernagarritasun ituna eta herri-ituna erabat lotuak daudela eta bata ezin dela bestearengandik bereizi. Iragan astean, Elkarrekin Podemosek EAJrekin izan zuen bilkuran esan zion oposizio aktibo bat egingo duela. Eta Alderdi Popularra sozio ezerosoa izan daiteke ikusita zer-nolako birzentralizazio politika burutu duen azken bost urteetan eta zein jarrera erakutsi duen estatus berriaren inguruan.
Horrek EAJri bi aukera ematen dizkio. Bata litzateke PSEren inbestidura eta gobernagarritasuna lortzea eta, une oro, beste sozio baten bila ibiltzea, horrek sortzen duen ziurgabetasun eta menpekotasunarekin. Baina koherentea litzateke, ikusirik EAJk PSErekin dituen itunak bai Foru Aldundietan, bai udal askotan, bai Eusko Legebiltzarrean aurreko legealdian. Bestea litzateke aliantza sistema zeharo aldatzea eta Elkarrekin Podemos eta, batez ere, EH Bildurekin akordio handinahi bezain sendo bat lortzea, bai inbestidurarako, bai gobernagarritasunerako, bai herri-egitasmoetarako. Itun horrek aukera emango lioke egonkortasuna lortzeko eta herri-eraldaketa bultzatzeko, bereziki bake eta elkarbizitzan, baita autogobernu eta erabakitze eskubidean ere.
Azken aukera horrek bi oztopo gainditu beharko ditu. Batetik, 18. eserlekua lortzearekin batera, EH Bildu zentraltasun egoera batean dago, itun aukerak areagotu baitzaizkio. Izan ere, EAJrekin zuzenean eta bakarrik adostu dezake alor guztietan (46 eserleku), EAJ eta Elkarrekin Podemosekin akordioak lor ditzake gizarte politika eta erabakitze eskubidearen inguruan (57 eserleku), eta Elkarrekin Podemos zein PSErekin ezkerreko politikak adostu ditzake, aurreko legegintzaldian Etxebizitza Legearekin gertatu zen bezala. Bestetik, bere kudeaketa eta hauteskunde-kanpaina zentraltasunaren, zeharkakotasunaren eta moderazioaren inguruan antolatu dituenez, EAJk bozak jaso ditu, maila handi ala txikiago batean, gainontzeko alderdietatik. Ondorioz, EH Bildurekin itun handinahi bat izenpetuko balu, sektore horien babesa galtzeko arriskua luke.
Herri-itunen kasuan, itun-aukerak mugatuagoak dira. Edo EAJ PSErekin batzen da euskal autogobernuaren azaleko aldaketa bat burutzeko eta elkarbizitzan aurrerapauso batzuk emateko, edo Elkarrekin Podemos eta, batik bat, EH Bildurekin biltzen da eremu guztietan aurrerapauso erabakigarriak emateko. Autogobernuaren mailan, estatus berriak, eskumen berriak eskuratzeaz gain, nazio-izaeraren onarpena, erabakitze-eskubidearen aitorpena eta aldebikotasuna barnebilduko lituzke. Halaber, armagabetzean, presoen gizarteratzean, biktima guztien onarpenean zein babesean, eta memoria zein kontakizun komun baten osaketan aurrera egingo litzateke. Azkenik, lan-harremanen esparru propioan, hitzarmen kolektiboen berrindartzean, eztabaida sozialaren berraktibazioan, enplegu publikoaren sustapenean eta lan-politika aktiboen indartzean aurrerapausoak emango lirateke. Azken aukera horrek indarra har lezake Espainiako Gobernuan Alderdi Popularrak berriz ere agintzen badu Ciudadanosen babesarekin. Horrek esan nahiko luke birzentralizazio estrategia indartuko litzatekeela eta, horren ondorioz, euskal autogobernua pixkanaka bere edukiz husten joango litzatekeela.
Edonola ere, itun aukerak aniztunak bezain ezberdinak izan daitezke, legealdi interesgarri bat iragarriz.

Itun aukerak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu