«Izena duen guztia omen da». Esaera zahar horrek gogoratzen digu izena ematen diogun hori, behintzat guretzat, existitzen dela. Egia borobil horrek beste hausnarketa batera eramaten gaitu: hamalau izen dituen zerbait existitzen al da? Eta existitzen bada, ideia bera adierazten du pentsamendu guztietan?
Aspalditik daukagu arazo bat izenekin, ia arlo guztietan, baina, batez ere, hizkuntzaren izenarekin eta herrialdearen izenarekin; eta hori amaitu egin behar da.Â
Ez dut bakarrik adierazten sortzen dugun izenen korapilo amaigabea. Gure nahaste-borraste kutunena 50 izenen herrialdea da: Euskadi, Euzkadi, Euskal Herria, Euskalerria, Baskonia, Vascongadas, Euskadi y Navarra, PaĂs Vasco, Pays Basque, PaĂs de los vascos, PaĂs Vasconavarro, Nabarra, besteak beste. Baina hizkuntzaren izenarekin ere, sortzen dugu korapiloa.
Ez herrialde batek, ezta hizkuntza batek ere, ezin dituzte hamasei izen eduki. Horrek ez du funzionatzen, ez nazio historiko batean, ezta berrehun urteko nazio batean ere. Gainera, izen bakoitzak adierazten duen ideia ez da bera; noizean behin osagarrizkoa edo bategarria izan daiteke, eta zenbaitetan aurkakoa. Anabasa goitik behera eta ezkerretik eskubidera zabaltzen da. Alderdi politiko baten politikarien artean ere ez dago irizpide argi bat. Â
Gaur egun, munduko herrialde guztiek bi izen dituzte, eta iraganean zituzten izenak iraganean geratu ziren. Horrela, Irlanda nazioartean Ireland da eta beraientzat Eire. Alemania nazioartean Germany da, eta beraientzat Deutschland; Danimarka Denmark eta Danmark.
Guk egoera politikoa eta egoera kulturala banandu behar ditugu. Legalki, EAE gauza bat da eta NFE beste bat, eta Iparralde deitzen dioguna beste bat, gainera beste batean sartuta. Ofizialki, izen horiek erabili behar ditugunak dira, edozein gauza egiteko edozein erakundetan. Hori ezingo dugu aldatu bihar, ezta etzi ere, eta legeak eta erakundeak aldatuko balira izenak eguneratuko lirateke.Â
Beste maila batean gure izate kulturala eta sentimentala dago. Egunero gure aurrean daukagun arazoa da, gure izate legala eta sentimentala pakete bakar batean sartzea. Adibidez, besteak beste, gure erronka arruntena, atzerrian gaudenean nongoak garen azaltzea. Ez dakit zenbat bertsio entzun ditudan: De Euskadi, Euskalherria, Bilbao edo North of Spain, The coast of Cantabric edo Between Spain and France.
Arazoa da nahaste-borraste hori guk geuk sortu dugula. Hamar euskaldun Parisko hiri-erdian uzten baditugu, hamar bertsio kontatuko dizkigute beren jatorria azaltzeko. Horrek euskaldunok huskeriara eramaten gaitu. Arazoa hor dago, sakona da, eta gaur egungo Europan, hamalau izenekin aurkezten den zerbait ezin da kontzeptu irmo bat izan.
Arazo honi hizkuntzaren izenaren arazoa gehitzen diogu. Zergatik diozu frantsesez Je parle basque eta espainolez Yo hablo euskera? Zergatik diozu Dublinen I speak Basque eta Madrilen Yo hablo euskera? Zentzua, baldin badago, zein da? Gastelaniaz idioma vasco ezin da esan? Vasco gauza bat da eta euskara beste bat? Ala gauza bera dira? Badago arrazoi irmo bat vasco eta euskera hitzak banantzeko? Horrela, guk geuk, vasco hizkuntza eta vasco nortasuna banatzen ditugu. Ahultzen dugu indartu behar duguna.
Proposamena erraza da.Â
Hizkuntza arloan: gaztelaniaz konplexurik gabe erabili beharko genuke vasco hitza gure hizkuntzaz ari garenean. En casa hablamos vasco, en el colegio se estudia en vasco; argi eta garbi, naturaltasunarekin. Bestela, gero eta bananduago egongo dira nortasuna eta hizkuntza, eta, hori gutxi balitz bezala, euskarik gabeko euskal nortasuna indartzen da.
Herrialde arloan: erakundeek ahal dutena egingo dute. Oso zaila da zeure burua aurkeztea, mapak, behin eta berriro, moztu behar badituzu. Nire iritziz, politikan sartu gabe, Europako Batasunean, Baskoniako lurralde guztieetako enpresen artean estrategia komertzial partekatua eduki beharko lukete, eta estrategia horretan baliabideak partekatzea ezinbestekoa izango litzateke. Hori bai, egoera politiko bakoitzarekiko errespetu guztiarekin. Berezko marka sortzea ezinbestekoa da, ahaleginak eta baliabideak lotzen. Erakundeak oso astiro doaz, baina enpresen artean bide berriak ireki daitezke.
Feria batean ez da erakargarriagoa izango Baskoniako postu bat, Euskadi, Basque Country eta Navarra postu ezberdinetan egotea baino? Ez dira gure ardoak hobeto salduko Europan Wines of Vasconia markarekin eta gure gaztak Cheese of Vasconia-rekin? Ez lukete Iparraldeko ekoizleek ekintza hauetan parte hartuko? Hausnarketa merezia.
Baina, arlo honetan, guk, hiritarrok, asko egin ahal dugu korapilo hau askatzeko. Herrialdearen izen bezala Baskonia erabili beharko genuke. Izen bat, ulergarria, erraza, nazioartekoa, historikoki fidegarria eta ulerterraza. Eta izena, Baskonia/Vasconia ezin da alderdiek moldatzen eta usteltzen duten termino bat izan. Baskonia, guztiona eta inorena ez, lotzen gaituen kontzeptu kulturala, antropologikoa eta soziala izan behar da.
Baskonia eta Euskal Herria ezberdinak dira. Euskal Herria gaur egun, tamalez, ez da Baskonia. Euskal Herria existitzen da Boisen edo Ezcarayn familia euskaldun batzuen artean, edo artikulu hau irakurtzen duten guztien bihotzean, baina Baskonia ideia bat da. Eta kontua ez da geure burua nola ikusten dugun, besteek nola ikusten gaituzten baizik. Beraien iruditegian sortzen dugun ideia.
Guk aurrera eraman behar dugu termino hau. Guk gure biziraupena bultzatzeko eta marko politikoak gainditzeko. Zergatik ez, etorkizunean, gure marka komertziala eta gure marka identitarioa izateko. Eta horretarako, politikan sartu gabe, gure kontzientziatik bultzatu behar dugu izena.Â
Baskonian, Baskonia osoan, lau katu gara mundu zoro honetan, eta gure biziraupena erabat lotuta dago guri buruz kontatzen denarekin.
Hurrengo egunean, lagunen artean, bazkideen artean, familia artean debate hau planteatu daiteke.
Benetan, ez al da gu garena, guztiok garena, ordezkatzen duen izenik onena?