Javier de Andres Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) PPren buruak azaldu zuen, ilea harrotu gabe ere. Parlamentuan izan zen, joan den abenduaren 18an, EH Bilduri buruzko aipamena egin zuenean: «Goizik edo berandu gabe, indar politiko gisa Euskaditik suntsitua izanen da». Espainiako Errege Akademiak suntsitu aditza honela definitzen du: «Gizaki multzo bat toki batetik hil edo erabat ezabatzea». Sinonimoak, hauexek: «Desegitea, ausiabartza, genozidioa, sarraskia, triskantza».
Beranduago, De Andresek errandakoa zuzendu zuen, «suntsipena hitza agian» ez zela «egokiena» izan azalduz. Baina zuzenketa kuantitatiboa izan zen, ez kualitatiboa. Ez barkamenik eskatu, ezta hitza jan ere. Parlamentuak (EAJ, PSE-EE), bere aldetik, errefusatu egin zuen PPko buruzagiari kargu hartzea edo zehapena ezartzea. Dena gelditu zen haien esku hartzeetan taldeei erantzukizuna eskatzeko deian. Pipitaki-papataki, zer gertatuko zatekeen antzeko esaldi bat EH Bilduk erran izan balu?
De Andresi ez zion ihes egin errandakoak lehenagotik pentsatu gabe. Informazio Zientzietan lizentziaduna da, eta Arabako Aldundian eta haren alderdian erantzukizun garrantzizkoak izan ditu gai horietan. Hots, hitzak neurtzen ederki daki hitz egiten duenean. Bertze aldetik, irristaldia izan zela nekez sinestekotan, haren materia grisa birus naziek kutsatuta egotearen seinale izanen litzateke.
De Andres suntsitzeaz mintzo denean, badaki zertaz ari den. Haren alderdiaren jatorria 1976an Alianza Popular-en (AP) sorrerarekin dago lotua, PP oinordekoa izaki. Zazpi magnifikoak deitutakoek sortu zuten, Manuel Fraga Iribarne buru, eta horietatik sei ministro frankista ohiak eta diktadura kriminal haren ezpatari nabarmenduak izanak ziren. Izan ere, diktadura horri ezin hobeki ematen zioten aipaturiko sinonimoek: desegitea, ausiabartza, genozidioa, sarraskia, triskantza. Ez zen, beraz, lapsus linguae bat izan.
Dena den, suntsitzearena urrutitik heldu da. Biblian berean (Exodoa 12:23), Jahvehk faraoiaren kontra azken izurritea igorri zuenekoa kontatzen denean, familia egiptoarren premu guztiak ezpataz hiltzeko bidali zuen aingeru suntsitzailea aipatzen da. Gaurko Netanyahuren antzekoa, premu guztiak bakarrik ez, baita herri palestinar osoa akabatzeko ere Jahvehk igorria.
Milaka urte batzuk beranduago, 1936ko uztailean, bertze mandatari zerutar bati (Francisco Franco, Espainiako buruzagia Jainkoaren graziagatik, irakurtzen zen orduko monetetan) elkarrizketa egin zion Jay Allen kazetariak. Hark galdetu zion zenbat iraunen zuen sarraski hark, eta menderatu gabekoak erantzun: «Espainia salbatuko dut prezioa edozein izanda ere». Kazetariak errepikatu zuen: «Horrek erran nahi du Espainia erdia hil beharko duzula?». Eta Francok, irribarretsu, baieztatu zuen: «errepikatzen dizut, prezioa edozein izanda ere». Triskantza hartan kide zuen Emilio Mola ere irizpide berekoa zen: «Eskrupulorik eta zalantzarik gabe garbitu beharko ditugu guk bezala pentsatzen ez duten guztiak».
Ideologia kriminal horrek 70eko trantsizioa zeharkatu zuen, eta gaur arte iritsi da osasun ezin hobean. Duela bortz urte, Francisco Beca Casanova Aireko Armadaren jeneral erretiratuak bere XIX. promozioko kide izandakoei whatsapp bat igorri zien eta bertan honakoa bota zuen: «26 milioi gorri, umeak barne, fusilatzen hastea, bertzerik ez zaigu gelditzen». Taldeko inork ez zuen gaitzetsi. Kontrakoa. Norbaitek gehitu zuen: «Francok jende aunitz fusilatu zuen gerran eta ondorengo urteetan! Nire erantzuna da gutxi izan zirela putakume hauen taxua ikusita». Auzitegi Gorenera txata igorria, gorroto delitu ustezkoa izan zitekeelako, auzitegiak artxibatu egin zuen haiek iritzi hutsak zirela iritzita, «lagun artean egotearen konfiantzan emandakoak..., argitaratzeko inolako borondaterik ez dela, eremu pribatu horretatik kanpo».
Zehatzagoan, berehalako etorkizuna nola izanen den aurretik ez badakigu ere, kontua da ideologia arrazista, espainiar handi, askatasun eta eskubide sozialen murriztaile, matxista, autoritario eta gerrazalearen aitzinatze politiko, sozial eta instituzionala zalantzarik gabekoa dela. Horren aitzinean, «otsoa dator» erratearen estrategia alferrik da, begi bistan baitugu (Extremadura) gutxirako balio duela. Eta ez hori bakarrik. Bakarrik hor gelditzen bada, dinamika sozialik sortzen saiatu gabe, gure atean joka dauden birus faxisten aitzinean txertoa lortze aldera, horrek bakarrik balioko du populazioa beldurtzeko, bere pasibotasuna errazteko eta «ahal duenak ospa!» hedatzeko, horretarako albokoari ukondokada ematea edo eskuinera lerratzea axola izan gabe.
Aitzitik, ezinbertzekoa da datorrenari eta hemen dugunari aurre egiteko euste murru sozialak eta erantzuteko esparruak eraikitzearen aldeko apustua egitea. Nazioarteko, Europako eta estatuko eremuetan dabiltzan haize erreakzionarioek Euskal Herrian ere eragiten dute. Termometroak neurtu behar du ez bakarrik hauteskunde inkestek diotena; horrez gain, hainbat eremu sozialetan bizi diren arazoen tenperatura aurre-aurrean hartu behar da: etxebizitza, prekaritatea, euskara, askatasunak, matxismoa, indarkeria...
Euskal Herriak aunitz daki honen inguruan. Iraganeko borrokek markatzen digute bidea; Lemoizko zentral nuklearraren aurkakoa, NATOren aurkako gehienen errefusatzea, intsumisioaren munduko hiriburua izatea armadaren eta militarismoaren aurka, euskara normalizatzeko eta ofizialtasuna lortzeko etengabeko borrokak, edo oraingo mobilizazio feministak, Palestinarekiko elkartasunezkoak eta jubilatuen mugimendua. Horiek horrela, idiek gurditik tiratzea da afera, ez kontrakoa. Murru sozialak eraikitzean datza, ahalik eta zabalenak, autoafirmaziotik, bai eta, karrikara jautsi gabe, aire gainean dauden azalpen handien hustasunetik ere aldenduko direnak. Jakina, hau erraten hagitz erraza da, ez horrenbertze gauzatzen. Baina hori da parioa.