Tasio Erkizia.
Ezker Abertzaleko militantea

Jon Idigoras: hogei urte

2025eko maiatzaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Datorren ekainaren 3an beteko dira hogei urte Jon Idigorasek utzi gintuenetik. Oso gutxi, oraindik ere Jon handiaren figurak bizi-bizirik jarraitzen duelako Euskal Herriko abertzale eta ezkerzale askoren bihotzetan. Eta nahi baduzue urte franko, geroztik gure herriaren egoera soziopolitikoa zein kulturala asko aldatu delako. Gizarte berdintzaile eta justuaren alde Pepe Mujica bezalako liderrak eta ereduak hainbeste txalotzen ditugun garai honetan, Jon Idigorasen figura goraipatzea egokia iruditzen zaidanez, horra zenbait zertzelada.

Bere ekarpena aipatzerakoan, gauza asko datozkit burura, baina horien artean badira hiru ideia azpimarratu nahi nituzkeenak, bere izaerari oso loturik ikusten ditudalako eta bere ekarpen nagusiak izatetik aparte, gaurkotasun osoa dutelako. Besteak beste, eta laburbilduz, zurikeriarik gabeko hizkuntza zuzena erabiltzea, beti jarrera errebeldea bezain eraldatzailea mantentzea eta bizitza kolektiboa errazteko zuen txispa eta baikortasuna azpimarratuko nituzke.

Zurikeriarik gabeko hizkuntza zuzena erabiltzea, prentsaurrekoetan bezala hitzaldi edo mitinetan, herritar arruntentzat, izan langile zein baserritar edo arrantzaleentzat... ulergarria den hizkuntza zuzena entzutea eskertzen da, eta Jon horretan artista zen. Kaleko hizkuntza zuzena, argia, sinplea bezain ulergarria erabiltzen baitzuen gure Jonek. Horrela, Madrilgo Kongresuan Felipe Gonzalezi «saca tus sucias manos de Euskal Herria» aurpegiratu zion bezala, Ardantzari dozenaka aldiz deitu zion «PSEren morroi». Urte askotan tokatu zitzaion Herri Batasunaren bozeramaile izatea eta inoiz ez zuen huts egin. Une gogorrak, oso gogorrak, bizi izan genituen, eta inoiz ez zuen esan «eman zuek aurpegia», beti prest baitzegoen pausoa aurrera emateko.

Bere grazia bereziaz kontatzen zigun nola hasi zen eginkizun horretan: «Bilboko Basurtu auzoko obra batean lanean ari nintzen eta holako batean Santi Brouardekin topo egin nuen. Eta harriduraz galdetu zidanez ‘zer egiten duzu hemen?’, bete-betean erantzun nion, ‘eguneroko ogia irabazi, Santi’». «Guk beste lan baterako behar zaitugu» esanaz agurtu omen zitzaion. Eta berehala deitu zioten Herri Batasuneko bozeramaile lanetan aritzeko eskatuz.

Gure garaian, ZEN (Zona Especial Norte) planaren orientabideak jarraiki eta bereziki Ajuriaeneko Paktuaren ondorioz, zeinetan Herri Batasunaren aurka gezurra eta faltsukeria erabiltzea onartua zen, asko gaiztotu zitzaigun politikagintza. Biolentoen eta Demokraten artean banatu zuten gizartea, demokrazia desitxuratuz, eta bakea ETA erakundea garaitzearen baliokide bihurtuz. Ohikoa zuten gure proposamenak mespretxatu eta ekinbide politikoak etengabe kriminalizatzea. Eta hala ere, zaila izan arren konfrontazio egoera horretan gizarteari esperantza mezuak helaraztea, Herri Batasunaren helburua hori izanik, behin eta berriz horretan saiatu zen.

Errebeldea eta eraldatzailea, ezkerzalea eta abertzale sutsua. Frankismo garaian makina bat aldiz Guardia Zibilaren kuarteletatik pasatutakoa, Carabanchel eta Basauriko kartzelak ezagututakoa eta torturatua izatetik ihesi Iparraldera joandakoa. Itzuli zenean, LAB sindikatuaren sorreran eta antolakuntzan aritu ondoren, Herri Batasunan urte luzeetan zuzendaritzako kide eta bozeramaile lanetan aritutakoa. Besteak beste, Josu Muguruza hil eta Iñaki Esnaola larri zauritu zituzten Madrileko Alcala hoteleko atentatuan lekukotza zuzena bizitzea tokatu zitzaiona.

Lekukotza bizi eta momentu larriari herritarrek espero zuten mezua helarazteko abilezia erakutsi zigun, maisuki gainera. Izan ere, nire garunean iltzaturik gelditu zitzaidan, Josuren gorpuaren aurrean, Bilboko Areatzan entzun nion diskurtsoa. Hiru egun ia lo egin gabe egin ondoren, Madriletik bidaiatu zuen Josuren hilkutxarekin batera. Eta Areatzan, eskaini genion lehen omenaldi jendetsuan, zinez hunkigarria izan zen bakearen alde egin zuen hausnarketa eta Espainiarekiko genuen —eta dugun— gatazka politikoa gainditzeko erakutsi zuen irmotasuna. Mendeku hitzak baztertu, gorrotoa alboratu eta bakearen beharrizana eta batez ere bakea lortzeko determinazioa aldarrikatu zituen. Alcala hotelean bizitako sarraskian murgildu beharrean eta egoera horrek Espainiako Estatuaren aldetik zuen esanahia azaltzen saiatu ordez, Josuk Madrileko parlamentuan eman nahi zuen bakearen aldeko mezua adierazi zuen, hitz gutxi eta zorrotzetan.

Azkenik, zer esan, momentu zailenetan ere, txiste baten bidez eta hain erraz ateratzen zitzaizkion esaera biribilekin lan saio kolektiboetan giroa lasaitzeko zuen erraztasunari buruz? Erraztasun naturala zeukan tentsio uneak gozatu eta baikortasuna hedatzeko. Mundu guztiari jartzen zizkion izengoitiak eta edozeini aurpegiratzen zion astakeriarik handiena, bere buruaz ere irri egiteko zuen naturaltasun osoaz. Gizon alaia, bromarako eta bestarako beti prest, oso lagunkoia eta joera kolektiboa indartzeko aproposa. Gizon zabala bezain solidarioa. Zeukana konpartitzeko beti prest zegoena eta aitzindari jaioa.

Euskal Herriak eskertzen dizu herriaren alde egindako guztia eta zure eskuzabaltasuna. Segi gidari lanetan, zu bezalako gizonak behar zaituztegu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.