Nafarroako EAJko presidentea

Jose Angel Agirrebengoa: ezinbestekoetako bat

Unai Hualde
2025eko azaroaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arimaren zati bat hiltzen da laguna galtzean, halako zeozer esaten du abesti ezagun batek. Egia da, are gehiago gaixotasunak eragiten digun mingostasuna utzita joaten zaigunean. Hala utzi ninduen Jose Angel Agirrebengoa Imaz laguna goizegi joan zitzaigula jakiteak. Gizasemea, laguna, alderdikidea, hainbat hamarkadatan egin dudan ibilbide politiko honetan bidelagun izan dudana. Kontsolagarria, halakorik egotekotan, gure herri maite honetan Nafarroako EAJren presidentetzan ni baino lehenago izan ziren Jose Antonio Urbiola edo Bixente Arozenaren heriotzekin izan nuen berbera, gure artean zegoen bitartean hainbatetan izan genuela gure esker on zintzoa adierazteko aukera.

Gogoan dut, esate baterako, 2012ko udaberrian NBB Napar Buru Batzarraren burutzan egin zuen lan handia eskertu genionekoa. Nafarroan Alderdiaren Herrialde Batzarrean egin genuen, lekukoa Manu Ayerdiren eskuetan utzitakoan, 2011ko azaroko hauteskunde orokorretako garaipenaren gozoa ahosabaian gordetzen genuela. Itzela izan zen hura, Uxue Barkos Nafarroako diputatu bihurtu zen berriz, Geroa Bairen apustu arriskutsua martxan jarri ondoren. Edo, 2019ko uztailaren 7an, EAJren Nafarroako presidente eta Nafarroako Parlamentuko presidente aukeratua izan berritan Iruñeko egoitzan sanferminetako zapia jarri nionekoa. Zapi harekin eskaini nahi genion alderdiaren alde eginiko ibilbide luze eta oparoa, eta gurekin batera bertan izan ziren hainbat alderdikide eta lagun. Jose Angel, bertan egoteko zailtasunak izan arren, hantxe egon zen, gure artean. Bere ibilbidean hainbatetan egin behar izan zuen bezala. Hitz zuzen eta egokiak eskaini zizkigun, ordurako gaixotasunak berea egin zion arren.

Egun onak izan ziren haiek, egun batzuk lehenago presidentetza jeltzaleontzat lortu baikenuen Nafarroako bigarren erakundean —Foru Parlamentuan—, aurreko urteetatik Geroa Bai koalizioaren barruan ekonomiaren garapenaren eta hezkuntzaren alorrean genituen erantzukizunei gehituz. Urte batzuk lehenago ezinezkotzat joko genukeen halako ordezkaritza gorena EAJrentzat lortzea. Fikziozko politika, esate baterako, Jose Angelekin batera Altsasuko uri erakundea finkatzeko lanetan eta La Paz kaleko batzokia martxan jartzeko ahaleginean murgilduta geunden garairako. Udal politikan eman nituen lehen urteak ziren haiek, eta zinegotzikide izan ginen biok Altsasun. Ni neu hasi berria eta bera alkate ohia.

Jose Angel Altsasuko alkatea izan zen, 1995etik 1999ra bitartean, Jose Manuel Goikoetxearen lekukoa jasoz. Biek utzi zuten aztarna herri mailan, eta lerro hauen bidez ekarri nahi ditut gogora, utzi diguten guztia aldarrikatuz. Zortzi urtetan PSNk gehiengo osoa izan ondoren, hurbiltasuna, ezberdinen arteko elkarlana eta tradizioak berreskuratzeko ahalegina ezaugarri izan zituzten alkatetzak iritsi baitziren, lehenik eta behin Fardel-ekin eta ondoren Bartolo-ren eskutik. Aurreko denboretako zentzugabeko gastuen aurrean kudeaketa ekonomiko zorrotza berreskuratu zen, herriarekiko konpromiso sendoa. Ideologiari begiratu gabe, Altsasu benetan maite zuten alkateak izan ziren, eta hala ulertu zuten herritarrek, haiekin identifikatuz eta harrotasuna erakutsiz.

Ondoren, foru politikara iritsi zen, kargu publikoak alderdi barruko karguekin uztartuz, eta, aldi berean, lehen sektorean eta landa guneen garapenean egin behar zuen lanarekin bateratuz. Egun politikaren profesionalizazioa terminoarekin ezagutzen den hori baino lehen, egunari 28 ordu ateratzen zizkiotenak zeudelako, lanbidea eta zerbitzu publikoa uztartuz. 2004an Jose Angelek Jose Antonio Urbiolak utzitako tokia hartu zuen Napar Buru Batzarraren burutzan, Nafarroako abertzale eta progresistak batzeko pentsatu zen Nafarroa Bai proiektua abian jarri eta gero. Berriz ere lortu zen alderdiak herritarren artean ilusioa piztea, alderdiaren zatiketak eragin zuen egoera berroneratuz. Biak izan ziren apustu honen eragileak. Alderdiaren lekukoa hartu zuen, Nafarroa Baik lehen aldiz hauteskunde orokor batzuetan ordezkaritza lortu zuen urte berean, Nafarroako diputatu abertzale bat, Uxue Barkos, Diputatuen Kongresura itzultzea lortu baikenuen.

Apustuak eta ondo eginak une erabakigarrietan. Apustuak eta ondo eginak alderdi honentzat, abertzaleentzat, Nafarroa osoarentzat. Nafarroa Bairen ibilaldiak gailurra jo zuen 2007an, EA, Aralar, Batzarre eta EAJren arteko koalizioa foru hauteskundeetan parlamentuko bigarren indar bihurtu zenean; hamabi parlamentari eta Agirrebengoa euren artean. Bera lako pertsonen eskuzabaltasuna eta ikuskera eta gobernu anitz eta progresistaren aldeko apustua garbiak izan ziren, Nafarroako Alderdi Sozialistari bidea erraztean: gobernuko presidentetza eta sail kopuru handia, boto gutxiago izan arren, eskuineko gobernua ez izateko. Hala ere, ezin zen hura ekidin abuztuak protagonismo osoa hartu zuen uda hartan. Gure aurrekoek utzi diguten lezio ederra: inertziak apurtzeko ahalegina egin behar denean, nork berea arriskuan jarrita ere, egin egiten da, arriskuak zein ziren argi izanik. Hori da herri erantzukizuna, Nafarroarekiko erantzukizuna.

Ez dut amaitu nahi Jose Angel Agirrebengoaren beste une gogoangarri bat aipatu gabe, bere ibilbide politikoan guztiz esanguratsua izan baita: 2011n Geroa Bai koalizioaren alde egin zuen apustua, eta gure espazio politikoa finkatzeko orduan erakutsi zuen ikuskera argia. Izan ere, koalizio hori erabakigarria izan da eta da Nafarroako egungo politikan. EAk Nafarroa Bai utzi zuen, eta EH Bildurengana hurreratu zen, eta horren ondoren gauza bera egin zuen Aralarrek. Une hartan, Jose Angel —NBBren orduko presidentea zela— egungo koalizioaren alde agertu zen, eta, pronostiko guztien kontra, Uxue Barkos diputatu atera zen Geroa Bai koalizioaren ordezkari gisa. Egun haietan eta apustu harekin ernatu zen, urte batzuk geroago, 2015ean, errealitate bihurtuko zena: Nafarroako aldaketa politikoa. Sekula ez genuen pentsatuko, nik ez, behintzat, Euzko Alderdi Jeltzaleko kide egin nintzenean, herri honetan erantzukizun instituzionaletara iritsiko ginela.

Hasieran esan bezala, arimaren zati bat hiltzen da laguna galtzean. Bizi izan ditugun guztiengatik, une gozo zein gaziengatik. Elkarrekin jasotako disgustuengatik eta barre egin dugun guztiengatik, horiek ere asko izan direlako. Baina, batez ere, gaur egungo gizartean horren sarri ikusten ez ditugun konpromiso eta militantziagatik ere, kasu honetan gazte-gaztetatik mugimendu kulturazale eta euskaltzaleetan. Pribilegioa izan da niretzat halako pertsonen ondoan haztea eta haiengandik ikastea. Jose Angel Agirrebengoa lako lagunak, nire ezinbestekoen artean bihotzean gordeko ditudanak. Eskerrik asko, Jose Angel. Agur eta ohore.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.