Josuren egia

Mikel Sasiain
2017ko apirilaren 11
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Korrikak 20. ekitaldia bete duen honetan, euskaldun—zahar edo berri—, euskaltzale eta orokorrean euskal herritar orok bat egin dugu aldarrikapen mugimendu honekin. Ez da lorpen makala euskaldunok, guztiok bat eginik, kaleak hartzea argudioa edozein delarik ere. 1997ko Korrikaren amaiera ekitaldira joan zait berriz ere gogoa. Bilbo, martxoaren 23a, aldarrikapena, konpromisoa, koloreak eta ospakizuna ekarriko dizkio irakurle bati baino gehiagori bere oroimenak. Baina oroimenaren izaera apetatsuak gehiengo bati poza eta ospakizuna gogora ekartzen dion bezala, beste batzuoi gertakari eta bizipen gazi, goibel eta mingarriak ere dakarzkigu gogora. Aurten 20 urte dira, Korrikaren azken eguneko ospakizun haren testuinguruan, Etxarri Aranazko gazte bat desagertu zela. Egun hura izan zen Josu Zabala Salegi Basajaun bizirik ikusi zuten azken eguna. Martxoaren 27an, punta Mendatako parajean, bihotzean tiro bat zuela agertu zen bere hilotza.

Kontaketa ofiziala: Josu Zabala Salegi Basajaun ETA talde armatuko militanteak bere buruaz beste egin du, hiru egun desagertuta egin ondoren. Ertzaintzaren txosten teknikoa bera agertu baino lehen, eta inork eskatu gabe, zalantza guztiak argitze aldera, orduko EAEko barne kontseilari Juan Mari Atutxak kontaketa hau plazaratu zuen komunikabideetan. Geroago eman zen txosten tekniko edo atestatuak lau datu aipagarri ematen zituen:

1-Josuren oinetakoetan zegoen lur eta lokatz laginak ez zetozen bat inguru haietako lurraren ezaugarriekin.

2-Horrelako kasuetan, bere buruaz beste egin duen pertsona baten kasuan, inguruan agertzen diren odol arrasto edo ohiko markak ez ziren ageri.

3-Erabilitako bala, jaurtigaia bera, ez zen inoiz inguruan aurkitu, ez eta beste inon ere, ondo miatu bazen ere.

4-Gorpuaren ondoan aurkitutako arma garbi zegoen. Ez zuen inoren hatz markarik, odolik edo ehun organikorik ere ageri; ez Josurenak, ez inorenak—kargadoreak ere ez zuen inolako arrastorik, ez hatz markarik—. Heriotza data bat zetorren eguneko ordu horiekin, beraz egiazta daiteke hiru egun luze bizirik baina mundu honetatik desagertua edota isolatua eman zituela.

Kontaketa ez-ofiziala: 10. Korrikaren azken eguneko ospakizunetan murgildurik Josu Zabala Salegik kontaktu batekin hitzordua zuen Bilboko alde zaharreko La Tortilla tabernan. Topaketa honen segurtasunaz arduratzen den I. B. komandokideak mugimendu arraroak sumatu zituen —lau pertsona susmagarri, bi txandalarekin eta bi trajearekin—, eta Josu ohartarazi zuen. Josuk ez du inoiz kontaktuarekin bat eginen. Taldeak erabiltzen duen etxean ez da agertu.

ETA talde armatua familiarekin eta komunikabide ezberdinekin harremanetan jarri zen, eta Josu segurtasun indarrek bahitua izan dela argi azaltzen du desagertu hurrengo egunean. Familiak inguru haietakoa den bizilagun baten lekukotza du: gau hartan hiruzpalau mendiko auto ikusi zituela inguru haietan eta harritu egin zuela gertakariak; handik, ordu horietan, auto gutxi ibili ohi direla eta are gutxiago taldean.

Hona hemen bi kontaketa bateraezin. Berorrek, irakurle, jakingo du txanpon honen zein aldetara egin duen buruak eta bihotzak.

«Guda batean Egia da lehen biktima». Herri honetan, orokorrean, kontaketa baten aurrean edukiaren koherentzia edo mamiari erreparatu beharrean, bizi izan ditugun garai ilunez kutsatuak gehienetan —edo kutsatuak izan nahi ez genuelako besteetan—, kontakizun honen igorlea lehenetsi dugu. Garai ilunen amaieran gaudela dirudi, egunsentiaren lehen distirak senti ditzakegu: Egiaren ordua iritsi da. Badirudi azkenaldian behar neurrigabe bat dagoela kontaketa edo «errelato» bat egite aldera. Baina zalantza daukat ez ote garen etxea teilatutik abiatzen ari. Lehenik eta behin, teila horien ardura egiaren eta aitortzaren gainean eraiki delako, hots, norbaitek bere ekintzen ardura hartu du; ondorioz ekintza hauek pairatu dituzten pertsonek errealitate batean oinarritzen den aitortza jasotzeko aukera dute. Egia, azken finean, eta egiaren kaletik aitortzaren plazara helduko gara, eta plaza honetan kontaketa duin bat egin ahal izango zaio herriari. Inolaz ere ez alderantziz; kontaketaren bidetik aitortzetara hurbildu eta errealitatea ondorioztatu. Baina norbaitek mugimendurik sumatu al du teilatuaren beste aldean? Azken 80 urteetan milaka tortura salaketa eta ehunka desagertu egon diren herri honetan, norbaitek hartu al du haien ardura? Ez dakigunok hitz egiteko beharra daukagu eta dakitenek ez dute hitz egin nahi. Alde bietatik borondate bera al dago egia eta aitortzaren bilaketa sakonean? Non dago egia? Nork hartzen du etxearen alde laiotzeko teilen ardura? Zertarako bake ponentzia, talde, begirale internazional eta eragile ezberdinen lana bakea bermatzeko, etxe honetan egia bera denean bermatua ez dagoena? Galdera askotxo kontaketa azkar eta prĂªt-Ă¡-porter bat egin nahi duten horientzat; agian gehiegi.

Kontaketaren harira, biktima izatea «pribilegio» makabro bat bihurtzen gabiltzan irudipen deseroso eta tristea daukat. Irudipena daukat, alde bati behintzat, inork ezingo diola aurpegiratu egindako ekintzen erantzukizuna hartu ez izana, gertakari lotsagarri, gogor eta ankerrenetan ere —ekintza hauen ondorioak triste eta mingarriak izanik ere—. Nire ustez, norberaren ekintzen erantzukizuna onartzea da nahitaezko edo gutxieneko baldintza, bakoitzari dagokion —badagokio— aitortza eta biktima izaera, beharko lukeen bezala, gizarte oso baten babes eta oniritziarekin jaso ahal izateko; izaera mingarri honek behar eta eskatzen duen duintasun osoarekin behinik behin. Beste aldean berriz, erantzukizun hauen lurperatzean —literalki kasu batzuetan— eta esku garbiketan hartu dira lan gehienak. Denborak, baita gutxi batzuen lan irmoak ere, eta ez beste ezerk, azaleratu ahal izan ditu kasu gutxi batzuk —ez baina hauen erantzukizunak edo erantzule nagusiak—. Agian, hau izan daiteke kontaketa «ofizial» bat azaleratzeko orduan batzuoi nabari zaien presaren arrazoietariko bat, ez dakit. Egindakoaren aitortza ez dagoen bitartean edo gertakarien azalpen «ofizialari» horrenbeste hutsune, zalantza eta alde ilun nabarmentzen zaizkion bitartean, familia batzuek 20 urte luze daramatzate garai hartako errealitate logikoarekin bat datorren kontaketa baten atzetik, lan neketsu bezain antzuan —gaur egun arte bederen—; eskubide soil baina oinarrizko baten zain: Egia eta Aitortza.

Guda baten lehen biktima Egia bada, gezurrak behar du izan bake garaiko lehen eta azken biktima. Gezurren gainean ixten den zauriak ez du bakerik emango. Egia nahi dugu. Bakoitzari zor zaion aitortza; hauek baitira kontaketa duin eta sendo bat ahalbidetuko duten baldintzak eta hazi bakarrak. Herri honek bakea behar eta nahi du... eta bakeak Egia.

Urte luze hauetan zehar egiaren bila etengabe ibili diren familia guztien omenez, eta, bereziki, Josu Zabalaren sendi eta lagunei: Egiaren sustraiez pizturiko bakearen su epelean elkartuko gara laster... etxearen alde laiotzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA