EHUko Joxe Azurmendi katedrako kideak

Joxe Azurmendiren liburutegiari bisita Lilirekin

Arantza Etxeberria, Iñaki Zabaleta, Antonio Casado, Cristina Lasa, Ekai Txapartegi, Jon Jimenez
2026ko abuztuaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joxek azken borondate gisa adierazi zuen bere izena daraman Katedrari utzi nahi ziola bere liburutegia, eta bilduma hori EHUko liburutegi-sisteman integratzeko lanean ari gara orain. Duela gutxi haren etxera joan ginen, Lili txakur lesionatua ere gurekin zetorrela bere gurditxoan, eta etxeko sotoan urteetan zehar osatu eta antolatutako liburutegi espezializatua ezagutzeko aukera izan genuen. Hamar mila liburu inguru dira, guztiak ere irakasle batek apurka-apurka hautatu eta jasotakoak, euskaraz, alemanez, gaztelaniaz eta frantsesez gehienbat. Tartean daude, alde batetik, irakaskuntzan landu zituen arloen inguruko lanak, filosofiaren historia eta antropologia filosofikoa, besteak beste, eta, bestetik, beraren ikerketaren gai nagusiak: Euskal Herriko historia eta pentsamendua, mugimendu kooperatiboa, marxismoa, sozialismoa eta filosofia politikoa, eta zientziari nahiz literaturari buruzko lanak. Horietaz gain, eleberriak, poesia-liburuak eta antzerki-lanak ere bai.

Duela urtebete hil zen Joxe Azurmendi, eta uztailaren hasieran haren omenezko herri-ekitaldia egin zen Zegaman. Orain, Joxe Azurmendi Katedra eta Jakin Fundazioa bigarren kongresua antolatzen ari gara, beste pertsona eta erakunde batzuekin elkarlanean: Euskal Pentsamenduaren Ur-jauzia II. Abenduaren 16tik 18ra egingo da, EHUko Carlos Santamaria Zentroan, eta 2019an egin zen lehen kongresuari jarraipena emango dio. Helburua da Joxe Azurmendi eta berarekin batera aritu zen taldearen lana aitortzea, baina baita, haien ekarpenetatik eta euskal pentsamenduaren tradiziotik abiatuta, gaurko testuinguruez eta etorkizuneko erronkez gogoeta egitea ere. Kultura, nazioa eta estatua, etika, pentsamendu soziala, kooperatibismoa, hizkuntza, zientzia eta medikuntza, adimen artifiziala, feminismoa eta ingurumena dira proposatutako gaietako batzuk.

Kongresu hau deigarria eta garrantzitsua da Euskal Herriko ikerketaren esparruan, hainbat arrazoirengatik.

Lehenik, euskal pentsamenduaren beharra aldarrikatzen du, behar beste aintzat hartzen ez denean. Baina zer da euskal pentsamendua? Galdera hori bera da eztabaidagai nagusietako bat, ez baitago behin betiko erantzunda eta ez baita kategoria itxi bat ere. Izan ere, pentsamenduak gizartean duen lekua eta eginkizuna sutsuki aldarrikatu behar dira, eta azpimarratu behar da zientziaren eta teknologiaren garapen arduratsuak berak ere hausnarketa filosofikoa behar duela oinarrian, epistemikoa zein etikoa. Gainera, «euskal» izateak zer esan nahi duen ere aztertu behar dugu, esentzialismo estuetatik urrun, baina komunitatearen dimentsioa galdu gabe. Euskal pentsamenduak komunitatearentzat esanguratsuak diren auziei heldu behar die: hizkuntzari, kulturari eta memoria kolektiboari, helburu politiko eta sozialei, sexuaren eta generoaren inguruko aldarrikapenei, eta zientzia, teknologia eta medikuntza egiteko moduei eta gure bizimoduan duten eraginari.

Euskal pentsamenduak jakintza akademikoa behar du, baina ezin da haren esparrura mugatu, ezta erakunde edo diziplina bakar baten barruan landu ere. Bizirik iraungo badu, ikerketaren, kultur sorkuntzaren, eztabaida publikoaren eta herrigintzaren arteko elkarrizketa behar du

Bigarrenik, ekimenak Euskal Herriko kulturan, akademian eta herrigintzan diharduten pertsona eta erakundeak elkartuko ditu. Unibertsitate, lurralde eta ikerketa-zentro desberdinetako jendeak bat egingo du, baita akademiatik kanpoko kultur eta gizarte eragileek ere. Aniztasun hori kongresuaren funtsezko parte da: euskal pentsamenduak jakintza akademikoa behar du, baina ezin da haren esparrura mugatu, ezta erakunde edo diziplina bakar baten barruan landu ere. Bizirik iraungo badu, ikerketaren, kultur sorkuntzaren, eztabaida publikoaren eta herrigintzaren arteko elkarrizketa behar du.

Azkenik, euskal erakundeek ikerketa zientifiko eta teknologikora gero eta diru eta ahalegin handiagoak bideratzen dituzten honetan, pentsamenduak eta giza eta gizarte zientzietako ikerketek ez dute pareko aitortza zein baliabiderik jasotzen. Ez da soilik finantzaketa gutxiago dutela: ez dira neurri berean ezagutza estrategikoa sortzen duten esparrutzat hartzen. Josu Amezaga irakasleak Campusa aldizkarian argitaratu berri duen artikuluan erakusten duenez, Ikertalde deialdiaren azken emaitzek desoreka hori agerian utzi dute: giza eta gizarte eta zientzietako taldeek askoz aukera gutxiago dituzte maila gorena aitortua izateko eta ikertzaileak kontratatzeko baliabideak eskuratzeko. Baina gizarte batek ez du laborategietan eta teknologia-zentroetan bakarrik pentsatzen bere etorkizuna: bere historia, hizkuntza, kultura, gatazkak, balioak eta bizimodu kolektiboak ulertzeko tresnak ere behar ditu. Joxe Azurmendi Katedraren eginkizunetako bat da arlo horien premia eta balioa aldarrikatzea.

Gizarte batek ez du laborategietan eta teknologia-zentroetan bakarrik pentsatzen bere etorkizuna: bere historia, hizkuntza, kultura, gatazkak, balioak eta bizimodu kolektiboak ulertzeko tresnak ere behar ditu

Hori guztia kontuan hartuta, eta berriro ere Joxeren liburutegira itzulita, zientzia eta teknologikoaren esparru distiratsuan liburutegi batek leku xumea du itxuraz. Baina entziklopedia, datu-base erraldoi edo baliabide digitalek ez bezala, liburutegi pertsonal batek pentsamenduaren iturrien hautaketa kokatu eta biografikoa erakusten du: zer irakurri den, zer gorde, zer azpimarratu. Joxerena, gainera, urtez urte eta liburuz liburu osatutako ahalegin intelektual eta material baten emaitza da. Unibertsitateak eta Jaurlaritzak bibliografia erosteko eta berritzeko laguntza eskaintzen badute ere, deialdi horiek zientzia esperimentaletako azpiegiturak eta talde handien beharrak lehenesteko joera dute. Ikerketa pertsonalagoek eta talde txikiek, Joxeren ibilbideak erakusten duen bezala, zailago dute tokia aurkitzea. Halako liburutegi bat ez da deialdi edo proiektu jakin baten bidez bat-batean eratzen: irakaskuntza eta ikerketa lanari lotutako hautaketa iraunkorretik, denboran zehar egindako erosketetatik eta liburuekiko arreta jarraitutik sortzen da. Horrek gogorarazten digu ikerketak laborategi, azpiegitura eta tresna garestiez gain, behar dituela denboraz, irizpidez eta arretaz eraikitako jakintza-komunitateak.

Lili ere gurekin izan zen Joxeren sotoan, aurreko bi hankak bendatuta zeuzkala. Ez da gizaberea, txakurpertsona da, agian. Orain zaintza behar du, eta gauza bera gertatzen da maiz pertsonifikatu izan den euskal pentsamenduarekin: horrek ere zaintza behar du, bizirik eta indartsu jarraituko badu. Izan ere, gizabereek, arbolek, liburutegiek eta pentsamendu-tradizioek ez dute beren burua bakarrik zaintzen; denbora, arreta eta konpromisoa eskatzen dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA