Itaiako kideak

Kaleak hartu indarkeria matxistaren aurka

Leire Olariaga eta Eider Etxarri
2025eko azaroaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken asteotan, hainbat eraso matxista atera dira argitara Nafarroan: Tuteran sexu-esplotazio sare bat atzeman zuten, eta bertan bost neska aske utzi zituzten; polizia bat erasotzaile baten konplize izan da, eraso matxistaren frogak borratuz; aurreko astean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko karpa festan talde bortxaketa jasan zuen emakume batek, eta gizon batek adin txikiko neska bat bortxatu zuen Sarrigurenen; azken egunetan ere izan dira eraso matxistak; tartean, emakume bati ukituak egiten saiatzeagatik gizon bat atxilotua izan da Arrotxapean.

Indarkeria matxista kasu horien aurrean kalera atera gara, salatu egin ditugu, eta, aurrera begira ere, borroka horretan lanean jarraituko dugu. Baina badira zenbait gogoeta burura datozkigunak; izan ere, gizarteko parte handi baten kontzientzia politikoa aldatzen ari da: matxismoa normalizatzen ari da eta indarkeria matxistaren aurkako borroka maila sozialean itzaltzen ari da. Uste dugu egoera horri buelta emateko eta matxismoaren borroka lehen lerroan jartzeko eginkizuna dugula.

Alde batetik, matxismoaren normalizazioan sakontzen ari da ideologia faxista. Iruñeko azken gertakariek, berriro ere, agerian utzi dituzte beraien asmoak. Hain zuzen, eraso matxisten aurrean ez dute txintik ere esan, eta magrebtarrek eginikoak bakarrik axola izan zaizkie. Bien bitartean, ustez gu defendatu beharko gintuen polizia batek erasotzaileari laguntzeko frogak suntsitu izana ez da larria beraientzat. Zein engainatu nahi dute, ordea? Emakumeok bost axola diegu faxista horiei, eta beraien eguneroko ekintzetan ikus dezakegu hori: emakumeon aurkako lege proposamenak aurrera eramaten dituztenean, emakumeak etxean egoteko jaioak garela defendatzen dutenean, urtean 48 emakume «bakarrik» hiltzen dituztela esaten dutenean... horiek dira emakumeon aurkako indarkeria eta diskurtso erreakzionarioa eta arrazista zabaltzeko erabili nahi izan dituztenak. Denbora daramagu esaten ideia faxista, arrazista eta matxista horiei aurre egitea lehentasunezko auzia dela. Izan ere, emakumeok jasaten dugun indarkeria aitzakia besterik ez da beraientzat; gizartean segurtasunik ezaren inguruko ezinegona eta beldurra zabaldu nahi dute, langile klaseko sektore zaurgarrienen aurkako kriminalizazioa eta gorrotoa sustatzeko eta segurtasuna bermatzeko indar polizialak areagotzeko.

Bestetik, indarkeria matxistaren aurkako erantzun soziala apaldu egin da. Indarkeria matxista kasuak zenbaitetan agertzen dira albistegietan edo beste zenbaitetan kalean entzuten ditugu, baina agerikoa da eraso asko eta asko isilpean geratzen direla, eta jakiten ditugunak ere hurrengo egunerako ahaztuak izaten direla. Gero eta normalizatuago ditugu eraso matxistak, eta horrek indarkeria matxistaren aurkako kontzientzia eta erantzuna galtzea eragin du.

Duela hamar edo hamabost urte borroka feministak indar sozial handia zuen, eta gizarteko sektore zabalaren aktibazioa eragin zuen, eta emakumeon aldeko borrokak kaleak hartzeko gaitasun politikoa zuen. Horren adibide nabarmena dugu La Manadaren aurkako erantzuna. Izan ere, 2016ko sanferminetako talde bortxaketa horrek erantzun sozial handia izan zuen, eta mobilizazio jendetsuak egin ziren. Denborak aurrera egin ahala, ordea, mobilizazio gaitasuna apalduz joan da. Hein batean, kale mailako borroka sozialak politika instituzionalak indartzeko baliatu dira, eta horrek borroka sozialak instituzionalizatzea eta asimilatzea eragin du. Indarkeria matxista amaitzeko norabide politikoa galdu egin da, eta indarkeriaren kudeaketara mugatu da.

Azken urteetan, ordea, politika instituzionalaren mugak agerian geratu dira: batetik, egiturazko ezintasuna dute emakumearen auziari errotiko erantzun bat emateko; ondorioz, emakume langileon errealitateak bere horretan jarraitu du; bestetik, politika instituzionalak kaleko mugimendua ordezkatu du, eta horrek kaleak hustea eta faxismoari ateak irekitzea eragin du.

Arduraz bizi dugu egoera, eta ez dugu uste beste aldera begiratzeko momentua denik. Faxismoaren eta matxismoaren aurka egingo duen indar politiko bat eraiki behar dugu: instituzioetan, sare sozialetan edo kalean normalizatzen ari diren diskurtso faxistari eta matxistari erantzuteko unea da. Borroka norabide argiarekin egin behar dugu; faxismoa eta matxismoa ahalbidetzen eta indartzen dituen kapitalismoaren eta estatu aparatuen aurka. Kaleak berreskuratu behar ditugu, ez boto makina aktibatzeko, erantzun kolektiboak berpizteko baino. Matxismoaren aurkako borrokaren potentzialitatea kalean eta militantzian dago, ez instituzioetan eta bulegoetan.

Ez gara indarkeria matxista murriztearekin edo horren kudeaketarekin konformatuko; emakumea askea izango bada, indarkeria matxista behin betiko amaituko den gizarte sozialista eraiki behar dugu, eta norabide horretan egin behar dugu borroka. Hain zuzen, ezinbestekoa da matxismoaren aurkako kontzientzia indartzea eta indarkeria matxistaren aurka kaleak hartzea: erasorik ez dadin isilpean igaro eta erasotzaileen inpunitateari aurre egin diezaiogun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.